EH Bai Frantziako Legebiltzarreko bozetara aurkeztuko da

Iparraldeko barruti guztietan izanen dituzte hautagaiak. Gogoeta prozesu bat abiatu dute

EH Baiko bozeramaileek egindako agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Urteko erronkei begira jarri zen EH Bai iragan abenduan kideekin egindako biltzar nagusian. Egindako ibilbidearen gogoetatik abiatuta, aurtengo eginbeharrak eztabaidatu zituzten orduan, eta horien berri eman zuten atzo, Baionan egindako agerraldian. Besteak beste, iragarri dute ekainean iragatekoak diren Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko direla, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan.

«Hasi berri den urte honetan ere, erronkak handiak izanen dira, bai Frantziako Estatuari begira, bai Ipar Euskal Herriari begira», segurtatu du Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak. Gogora ekarri du osasun krisiaren eraginez krisi soziala ere ate joka dagoela: «Krisiaren ondorioak pairatzen ditugu jadanik, eta ez dakigu noiz arte eta zertara eramanen gaituen». Hala, «justizia sozialaren» alde egiteko prest agertu da koalizioa.

Lopepek, bestalde, hizpide izan ditu Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak. EH Baik ez die emanen boz kontsignarik kide eta hautetsiei; «ez da gure jarduera politikorako eskala». Haatik, ekainaren 12an eta 19an iragatekoak diren Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko da taldea, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan. «Dugun egoera ikusirik, funtsezkoa da ahalik eta hurbilen erabakitzea».

Barne gogoeten aldia

EH Baik hamabost urte beteko ditu aurten. Izandako ibilbideaz hausnarketa prozesua egin dute kideek, eta Lopepek azaldu du barne gogoeta bat abiatu dutela. «Gauzak biziki fite aldatzen dira; mugimendu abertzale zaharra aldaketa horien guztien diapasoian ezarri behar da». Barne prozesuan ez ezik, «egunerokoari» erantzuteko ahaleginetan ere arituko direla segurtatu du, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.