Udal eta foru hauteskundeak

«Erakundeen arteko lankidetza» goraipatu dute EAJren hautagaiek

Azken agintaldiaren balantze baikorra egin dute Gonzalezek, Rementeriak eta Olanok. EAJren hiru ahaldungai nagusiek botoa eskatu dute «aurrera egiten» jarraitzeko: «Ezin gaitezke erlaxa»

EAJren hautagaiak. Unai Rementeria, Izaskun Bilbao, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak gidatzeko EAJk aurkezturiko hiru hautagaiek agerraldia egin dute Bilbon, Nueva Economiak antolatutako hitzaldi zikloan, Izaskun Bilbao Barandika Europako Parlamenturako hautagai jeltzaleak aurkeztuta. «Erakundeen arteko lankidetza» goretsi dute hirurek, agintean egon diren bitartean euren herrialdeek «aurrera» egin dutela nabarmendu dute, eta «hobetze» bide horretan jarraitzeko EAJren aldeko botoa eskatu dute Ramiro Gonzalezek, Markel Olanok eta Unai Rementeriak.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldungai nagusiak «egonkortasuna» goraipatu du «hazkunde ekonomikoa lortzeko tresna gisa», eta azken lau urteotako balantzea egin du: haren esanetan, Arabak aurrera egin du, azken agintaldian, berrikuntza industrian eta prestakuntzan, nekazaritzan, arlo sozialean eta landa eremuan. «Hori guztia, Araban bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea iparrorratz hartuta», esan du: «Ezerk ez du zentzurik pertsonarik eta haien bizi kalitaterik gabe».

Batez ere, berrikuntzaren arloari eman dio garrantzia Gonzalezek. Esan duenez, orain Araba «herrialde indartsu eta aktiboa» da, eta hori «lankidetzan eta akordioan oinarritutako politikari esker» lortu dute.

«Inurriak legez» lanean

Antzeko balantzea egin du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldungai nagusiak. «Hurrengo belaunaldientzat Bizkai hobea uztea» xede, enpleguaren arloan lorturikoak aipatu ditu bereziki. «Baina lanean jarraitu behar dugu, inurriak legez», azaldu du. Bizkaia «kostaldea, berdegunea eta itsasadarra» dela esan du, eta hiru ezaugarri horien inguruan «ilusioz eta etorkizunez beteriko proiektua» garatu nahi du.

Gonzalezek berrikuntzaren arloarekin egin bezala, Rementeriak «kalitatezko enplegu egonkorra» nabarmendu du ezarritako lehentasunen artean. «Hori da gizarte gisa dugun erronka nagusia», esan du, «kontratu luzeagoak eta baldintza duinagoak. Enpleguak ere egonkortasuna ekarri behar du. Enplegua dagure lehentasuna, horixe delako gizarte politikarik onena, politika ekonomikorik onena, bermerik onena bizi kalitateari eusteko».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, berriz, azken agintaldia alderatu du EH Bilduren agintaldiarekin. Haren ustez, hura «liskar handiko epea» izan zen, «krisi ekonomikoa eta egitasmo handien gelditzea» ezaugarri nagusi izan zituena. EAJren agintaldian, aldiz, «elkarrizketa eta akordioa» nagusitu dira, Olanoren hitzetan.

EAJren hautagaiaren arabera, «agindutakoa bete» egin dute, eta orain Gipuzkoa «indartsuagoa» da ekonomikoki eta sozialki. Batez ere, «gizartearen parte hartzea» sustatzeko egindako lana goraipatu du, eta horren adibide gisa Etorkizuna eraikiz estrategia eta horretan parte hartu duten 33.000 herritarrak ekarri ditu gogora. «Erakundeek gizartearekin duten harremanean aldaketa ikaragarria gertatu da», gaineratu du. «Gizartea mesfidantzaz ikustetik hartaz fidatzera igaro gara, alderdi baten egitasmoa bultzatu nahi izatetik herritarrei entzutera, inposatu nahi izatetik guztientzat gobernatzera», azaldu du.

Horregatik, Olanok uste du maiatzaren 26an «EAJren eraginkortasunaren eta ezker abertzalearen noraezaren artean» aukeratu behar dutela gipuzkoarrek.

Kritikak EH Bilduri

Olanok deitoratu du Espainiako politikagintzan maiz agertzen diren «irain eta errespetu falta», eta horri kontrajarri dio EAJren «kultura politikoa»: «Argi izan gu ez gaituztela agertoki horretan aurkituko». Beharbada horregatik, hiru hautagaien hitzaldiak zentratu dira agintaldian lorturiko emaitzetan eta nork bere herrialdearentzat egiten dituen proposamenetan, eta ez dituzte gainerako indar politikoak eta hautagaiak aipatu ere egin, ezta haien proposamenak kritikatzeko ere. Salbuespen bakarra egon da: hirurek EH Bildu hartu dute ahotan, eta horren «arriskua» nabarmendu dute.

Gonzalezek esan du EH Bilduren kanpainan «marketin handia, argazki politak eta proposamen asko» daudela, baina horrek ez duela ezkutatzen koalizioaren «benetako izaera». «Denok dakigu zer den EH Bildu, hamarkadatan ezagutu dugulako: inposizioa, liskarra eta inbertsioak uxatzea», esan du, eta erantsi du ez duela uste Josu Urrutikoetxearen atxiloketa dela-eta EH Bilduk aldatuko duenik kanpaina honetan harturiko ildoa.

Olanok, berriz, kontrajarri ditu EH Bilduren «iragana» eta EAJren «etorkizuna», eta hauteskunde egunean «mobilizazio orokorra» egiteko deia egin du: «Erlaxatzen bagara, nahi ez ditugun ondorioak eduki ditzakegu». Ildo berean, Rementeriak gogoeta egin du «mundu horrek galarazi dizkigun denbora eta ahaleginen»inguruan: «Hori izan da herri honen benetako galga».

Izaskun Bilbao Barandika Europako Parlamenturako EAJren hautagaiak egin ditu Gonzalez, Rementeria eta Olanoren aurkezpen lanak. Berak ere nabarmendu du instituzioen arteko lankidetzaren ideia, bai eta «EAJren taldea» osatzen duten guztien arteko elkarlanarena ere. «Tokiko eta foru erakundeek Bruselan ere jokatzen dute euskal agendaren partida», esan du Bilbaok, eta ziurtatu du hiru ahaldun nagusiekin batera arituko dela aurrerantzean ere «garenari distira ateratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.