Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk krisi aurreko langile kopurua nahi du industria arloan

Industrian eta sektore publikoan murrizketarik ez egiteko eskatu dute. BPGaren %3 ikerketa eta garapenera bideratzeko asmoa dute

Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua eta Iker Casanova hautagaia, Zamudion (Bizkaia). BERRIA.
Maider Galardi
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Lan esparruari begira jarri zenEH Bildu atzoko ekitaldietan. Goizean, industriari eta teknologiari erreparatu zioten Jasone Agirre indar subiranistako Bizkaiko zerrendaburuak eta Iker Casanova hautagaiak, Zamudioko teknologia parkean (Bizkaia) eginiko ekitaldi batean. Arratsaldean, berriz, Maddalen Iriarte lehendakarigaia eta zerrendakidea Tolosan (Gipuzkoa) izan ziren, eta koronabirusaren krisiaren ondorioz arlo publikoan egon daitezkeen murrizketak izan zituen mintzagai. Bi eremuetan, industrian eta sistema publikoan, erakundeen babesa bermatu behar dela aldarrikatu zuten EH Bilduko kideek: «[Iñigo] Urkulluk dio ez duela murrizketarik egingo, baina ezin zaio sinetsi, dagoeneko murrizketak egiten ari delako», azaldu zuen Iriartek.

Goizeko ekitaldian, Agirrek hizpide izan zuen 2008ko krisiaren aurreko egoera. Orduan, euskal industriak 250.000 langile inguru zituen, eta, egun, 205.000 behargin ditu. Indar subiranistako kideek proposatu dute krisi aurreko langile kopurura iristea, eta Casanovak deitoratu egin zuen Urkulluren kudeaketa: «Urkullu eta [Arantza] Tapiarekin, euskal industriak indarra galdu du eta atzeraka ari da». Haren ustez, hamar urteko atzeraldia izan du euskal industriak. Horregatik, Agirrek proposatu zuen BPGaren %3 industria eta teknologiaren garapenera bideratzeko.

Tolosan, berriz, etor daitezkeen murrizketak izan zituzten hizpide Iriartek eta Kortajarenak. Lehendakarigaiak salatu zuen osasunean, hezkuntzan eta gizarte politiketan murrizketak egiten hasiak direla. «Inork lortu ez duena lortu du Urkulluk: sindikatuak elkartzea murrizketak salatzeko». Gainera, EH Bildukoek salatu zuten Patxi Lopezen agintaldian izandako %7ko murrizketak ez dituztela atzera bota joan den legegintzaldian, nahiz eta horretarako «aukera izan duten».

Erakunde publikoen babesa

Bai arlo publikoan, bai industriaren sektorean, instituzioen babesa indartu nahi du EH Bilduk. Horretarako, proposamen zehatzak eman zituzten atzo, Zamudion. Besteak beste, 1.825 milioi euroko ekintza plan bat aurkeztu zuen atzo Casanovak. Diru laguntza horien funtsa hauxe litzateke: likidaziorik gabe dauden enpresei babesa ematea, «inbertsio estrategikoak egitea, eta hirien eta etxebizitzen berrikuntzarako proiektuak abian jartzea».

Gainera, industria eta teknologia arloko 10.000 «lanpostu berde» sustatu nahi ditu indar subiranistak. Langileen eskubideak bermatzeko, berriz, Klausula Sozialen Legea onartu nahi dute.

Industriako eta sektore publikoko lanpostuak eta ekonomia babestearen aldeko apustua egin zuen EH Bilduk atzo, Casanovaren hitzetan EAJk atzera egin baitu urteotan, «bai ikerketari eta bai enpleguari» dagokienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.