Noiz sortua: 2012-10-06 00:30:00

Iturissa, beste aztarna iturri bat

Aranzadi Zientzia Elkarteak azpimarratu du egindako aurkikuntza «oso garrantzitsua» dela, eta «potentzialitate» handikoa

Jatorri baskoia zuen Iturissak, eta K. a. lehen mendean altxatu zuten; 400 urte iraun zuen
Aurizberritik hiruzpalau kilometrora dagoen zelai batean egindako lau zundaketetako batean, bi metro eta erdi sakonera eta metro bateko zabalera duen egitura bat topatu dute.
Aurizberritik hiruzpalau kilometrora dagoen zelai batean egindako lau zundaketetako batean, bi metro eta erdi sakonera eta metro bateko zabalera duen egitura bat topatu dute. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Joxerra Senar -

2012ko urriak 6

Estrabon historialari eta geografo greziarrak Iberiar penintsulara egindako bidaia batean hiri baskoien artean aipatzen du Iturissa. Erromatarren garaiko beste bidaiari garrantzitsu batzuek ere (Ptolomeok, Antonianok eta Ravenako anonimoak) aipatu zuten idatzietan mansio (edo aterpe) bat bazela. Historialarien artean, uste handia zegoen Aurizberrin (Nafarroa) egon zitekeela Iturissa izeneko gune hori, baina jada uste izateari utzi dio. Aranzadi Zientzia Elkarteak azken asteetan lau zundaketa egin ditu Aurizberri eta Auritz arteko zelai batean. «Zortea izan dugu, lauretan erromatarren garaiko egiturak topatu ditugulako», esan du umil Juan Mari Martinez Txoperenak, Aranzadi elkarteko ikerlariak.

Euskal Herriko historiarentzat, «oso aurkikuntza garrantzitsua da», azpimarratu du Aranzadiko Juantxo Garcia Mauleonek. Iturissa «baskoien lurraldearen erdian» zegoen. Erromatarrek hasieran aterpe eta gerora hiri izan zena altxatu aurretik, baskoien bizitoki izan zen. Ikerlarien hipotesia da erromatarrek K. a. lehen mendean sortu zutela, eta 400 urte inguru iraun zuela, «inperioaren gainbehera izan arte». Horregatik, etorkizunerako ikerketari begira, «potentzialitate handia» duela uste du Juantxo Garcia Mauleonek.

Ukitu gabeko aztarnategia

Zergatik? «Hemen orain arte hiriaren ezer ez da ukitu, eta aukera handia dugu nolabait ere erromatar garaiari buruz, hizkuntza eta latinari buruzko datuak lortu ahal izateko». Garcia Mauleonek ohartarazi duenez, hiru asteko zundaketa zehatzetan aurkikuntzak egin badituzte, indusketa handiago eta zabalago bat egiten denean askoz aztarna gehiago lortzea espero dute. Euskarazko aurkikuntzak egitea ez dute baztertzen, baina zuhurtziaz jokatu behar da: «Euskararekin lotutako lehen aipamenak erromatarren garaikoak dira. Aztarnategi onenak hiriak izaten dira. Iruña-Pompaelo, Iruña-Veleia ere bai. Iturissa galtzadaren bide bazter berean dago», esan du, itxaropenari tartea irekiz.

Orain arte egindako zundaketak Europako Batasunak finantzatuta egin dira, baina datorren urtera begira finantzaketa gehiago beharko delakoan dago. Ikerketa guztiz irekia izatea aldeztu du Aranzadi elkarteak.

Topatutako aztarnak «Iturissako erromatar aldea dira». Dena den, zundaketetako batean, erromatarren garaiaren aurrekoa izan daitekeen zeramika topatu dute. Joxe Etxegoien Aranzadiko elkarteko kideak azaldu duenez, lehen hipotesi hori baieztatu beharra dago orain, baina horrek aditzera eman dezake erromatarren Iturissa sortu aurretik bazela tokiko baskoien gune bat: «Erromatarrak heldu baino lehen bertako biztanleak castro-etan, mendiska batzuetan bizi ziren. Zergatik? Bertatik ingurunea kontrolatzeko eta defentsa hobea izateko. Ematen du bazegoela zerbait», azaldu du Etxegoienek.

Ikerketaren abiapuntua

Ez da lehen aldia Iturissa Aurizberrin kokatzen dela. Julio Altadill historialariak 1928an hipotesi horren alde egin zuen, eta azken 25 urteetan hainbat aztarna topatu dira inguruetan, baina zalantzak ere bazeuden hain negu gorriak izan ohi dituen tokian hiri bat izan ote zen. Hala, lehen froga erabakigarria iaz aurkitutako miliarioak izan dira. Erromatarrek euren galtzadetan milia adierazteko harriak ziren, «egungo errepideetan kilometroa adierazteko jartzen direnen parekoak».

Dena den, Aurizberritik gertu topatutako hiru miliarioak bereziak dira. «Une hartako bi enperadoreri eskainiak dira», azaldu du Etxegoienek. Ondoen irakurtzen dena Flavio Valerio Aurelio Konstantino enperadorearen oroitarria da, eta enperadore titulua 305-306. urte aldera jaso zuenez, urte haietakoa da. Bigarrena Zesar Luzio Domizio Aurelianoren omenezkoa da, eta hark gobernatu zueneko garaikoa da (270. eta 275. urte artekoa). Hirugarrena, berriz, ezin da irakurri, kareharria asko higatu delako urarekin eta izotzarekin.

«Garrantzitsuena da orain arte hipotetikoa zen erromatar galtzada baten berri ematen digula», esandu. Bidea aspalditik erabiltzen zen, baina ez zekiten erromatarrek erabili ote zuten. Orain, bai. «Inportantea da, Pirinioetan topatu diren lehengoak direlako», azpimarratu du Martinezek. Bide hori Ilunberrira zihoan, eta handik Caesaragustura (Zaragoza). Bide horrek Astorgatik zetorren bidearekin bat egiten zuen Iturissan, eta handik iparralderantz bide bakarra ateratzen zen, Burdigalaraino (Bordele).

Ez hori bakarrik. Hiri batera iritsi baino bi milia lehenago enperadorearen omenez idatzitako harriak ziren. «Hiriak ordaintzen zuen harria, inoiz pertsona garrantzitsu bat pasatzen bazen aipa zezan». Zundaketen tokitik bi miliara daude harriak.

Ikerlariek pentsatzen dute erromatarrek Iturissa K. a. lehen mendean sortu zutela. Etxegoienek azaldu duenez, hipotesia da lehenik Urkulu dorrea eraiki zutela erromatarrek, eta pasabidea kontrolatu ostean, Iturissa eraikitzen hasi zirela. «Pirinioen beste aldean, Donibane Garazi ondoan dago Donezarre, eta han beste hiri bat eraiki zuten. «Han termak eta denetarik aurkitu dira». Aranzadiko ikerlarien arabera, erromatarrek galtzadan 30 kilometrotik behin gutxi gorabehera ostatu moduko bat eraikitzen zuten. «Galtzada estatala zen. Estatuak ostatu azpiegitura ematen zion, eta gehienetan erromatarra zen arduradun bat jartzen zuen, bidaiarien beharrei erantzuteko. Zaldiak ordezkatzeko, bazkaltzeko zein afaltzeko, lo egiteko...», azaldu du Martinez Txoperenak. Horregatik, orduko historialari batzuk mansio gisa aipatzen dute idatzietan.

Iturissan legionarioak egoten ziren babesten. Egurrezko hesi handi batzuk zeuden, eta lubakiak inguruetan. Ekialdera begira, berriz, erreka, eta basoaren alde bat, moztuta. «Lekua laua da eta erraza defenditzeko. Oso inportantea zen segurtasuna, berez toki lasaia izan arren», dio Joxe Etxegoienek. Adibidez, egurrezko hesiaren alboan bi dorreren oinarriak topatu dituzte.

Iturissa izenaren jatorri etimologikoa iturrizar dela uste dute filologoek. Tokitik kilometro batera egun Iturrizar toponimoa dago, eta beste bat Orreagan. Inguruan erreka dago, eta iturri asko.

Uraren eta segurtasun haren gerizpean, ikerlarien hipotesia da baskoientzat interesgarria zela hara joatea. «Eskulangileak etortzen ziren, eta legionarioak han ere bizi zirenez, bertako jendearekin nahastu ziren», azaldu du Etxegoienek. Biztanleria hura erromatartuz joan zen. Adibidez, duela 20 urte inguru orduko kateorratz bat topatu zuten ikerlariek, irudi «berezi» batekin. «Baskoien irudi bat zen, eta irudi berak topatu dituzte Germanian eta Eskozian. Baskoien bigarren legio taldeko kideena zen. Egon ziren Eskoziako mugan eta Germanian, eta ziurrenik hemengoak ziren, Iturissakoak. Istorio bitxia da».

Hamar hektarea

Urteen poderioz handituz joan zen Iturissa. Hamar hektarea inguruko zabalera izan zuela uste dute ikerlariek: lehen mansio zen, eta gero civitas (hiri) bihurtu zen. Orain guztia lur azpian dago. «Geruza batzuk erreta daude, eta gerraren bat adieraz dezake, edo jendea joan zela... Pentsa, Aurizberrin 400 urtean herria bi aldiz erre eta berreraiki bada, Iturissaren 400 urteko historian ere hainbat gertaera izango ziren». Asteotan egindako zundaketa batean, bi metro eta erdiko sakonera eta metro bateko zabalera duen egitura bat topatu dute, eta alboan, galtzadarrizko zola. Tenplu bat izan daitekeela uste dute. Dena den, dena dago aurkitzeko. Iturissa beste aztarna iturri bat da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lesbos irlan lehorreratutako errefuxiatu talde bat, Mitileneko portuan. ©ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Italiak portuak itxi dizkie erreskate ontziei

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Irakasleak azterketa batean, Barakaldoko BECen. ©Monika Del Valle, FOKU

Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza lan deialdiak bertan behera utzi dituzte

Ainhoa Larretxea Agirre

Data berririk zehaztu ez badu ere, Uriartek erran du zaila iruditzen zaiola azterketak uda aitzinetik egitea.

Balkoitik bizilagunari begira. Txakurra paseatzera atera du auzokideak. ©CABALAR / EFE

Itxialdi garaiko inkisizioa

Ion Orzaiz

Osasun langileei eskainitako txaloez gain, beste jokabide batzuk ere azaleratu ditu konfinamenduak: besteak beste, bizikletan doazenei kargu hartzea, Poliziaren gehiegikeriak txalotzea edota, motiboak jakin gabe, paseoan dabiltzanak salatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna