Politika orokorreko eztabaida. Urkulluren hitzaldia

Foruak, itun berri baterako

Urkulluk proposatu du «1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea» eta itun politiko berri bat lortzea. Pandemiaren kudeaketaz autokritika egin du, eta iragarri du «ziklo berri bat» hasi dela

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hizketan. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Atzera begiratzea, aurrera egiteko. Foruen «errealitate historikotik» abiatuta etorkizunerako begirada planteatu zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan. Itun ekonomikoaren pareko itun politikoa erdiestea defendatu zuen: «nazio izaera» aitortu, eta Espainiako Estatuak eta Jaurlaritzak adostutakoa betearazteko berme juridikoa izango lukeen kontzertu politikoa. Lehendakariaren ustez, esparru politiko-juridikoaren auziari konponbidea emango dion formula da itun politikoa, eskubide historikoak ardatz hartzen dituelako, «alde biko» harremana bermatuta. Zehazki, foruak bere osotasunean ahalbidetu eta «1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea» posible egingo lukeen itun politikoa aldarrikatu zuen, argudiatuta «formula egokiena» dela gizartearen gehiengoaren nahiari erantzuteko. «Iragana eta etorkizuna lotzen ditu».

Autogobernuari buruzko eztabaida elementu horietan ardaztu nahi du lehendakariak hurrengo hilabeteetan. Atzo, urte politiko berriari hasiera emateko osoko bilkuran, Urkulluk ez zion aipamenik egin erabakitzeko eskubideari, baina kontzertu politikoaren formula berriro jarri zuen mahai gainean. Azpimarratu zuen eredu horrek kabida duela egungo legedian, eta tokia izan dezakeela Espainiako Konstituzioan. Haren iritziz, itun politikoa Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean adostu behar da, elkarrizketarako foroa delako. Taldeei adierazi zien badagoela aukera lantalde horretan egindako lanari amaiera emateko eta «adostasun sendoa» lortzeko.

«Zenbat eta autogobernu maila handiagoa, orduan eta oparotasun aukera hobea». Hori da lehendakariaren premisa. Haatik,autogobernua kolokan jartzen duen «higaduraz» ere ohartarazi du. Zehazki, gogora ekarri du Jaurlaritzak argitaratu berri duen Higadura isila liburuan ageri dela azken hamarkadetan Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua «ahuldu» egin duela. Espainiatik bultzatutako «birzentralizazio» prozesuaz eta harreman «uniformizatzaileaz» ohartarazi du, halaber.

Nolanahi ere, lehendakariak konpromisoa agertu du Gernikako Estatutua osorik garatzen jarraitzeko, eta azpimarratu Jaurlaritzak borondate osoa duela Espainiako Gobernuarekin hitzartutako transferentzien egutegian aurrera egiteko. «Auzi instituzional, juridiko eta politikoa behingoz ixteko apustu irmoa daukagu».

Pandemiaren fase berria

Autogobernuari buruzkoek bete dute lehendakariaren hitzaldiaren zati bat, baina tarte handiagoa izan dute pandemiaren kudeaketari lotutako gogoetek, eta, bereziki, haren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak abian jarriko dituen neurriek. Pandemiaren aldirik latzena atzean gelditu den argazkia eman du lehendakariak atzo. «Inflexio puntuaz» hitz egin du, nabarmenduz izurriaren «ziklo berri» batean dela euskal gizartea. Izan ere, pandemia osteko fase batera abiatzeko helburuari heltzeko prest da Jaurlaritza, eta egoera berriaz baikor mintzatu da lehendakaria. Horiek horrela, iragarri du gaur Labiren bileran aztertu egingo dutela administrazioan eta enpresetan aurrez aurreko lanera itzultzeko modua ematea.

Koronabirusaren pandemiaren eraginez urte eta erdian hildako «4.669 pertsonentzat» eta haien senide eta hurkoentzat izan dira bere lehen hitzak. «Errespetua» eta «dolua» agertu dizkie, eta zendutakoen oroitzapenari eutsi dio. Hala, iragarri du datorren asteartean Jaurlaritzak gorazarre egingo diela Gasteizen izurriagatik hil diren guztiei.

Oroimenari ez ezik, autokritikari ere tartea egin dio lehendakariak bere diskurtsoan. Urkulluk aitortu du «zailtasun handiak» izan direla bidean, eta «akatsak» ere egin dituztela. Besteak beste, kontaktuen eta positiboen jarraipena egiteko izandako zailtasunak, hasieran baliabideen antolaketan izandako gorabeherak edo txertoen hornidura falta aipatu ditu. «Ez gara gai izan, batzuetan, gizarteari ziurtasuna transmititzeko». Onartu du, halaber, «beharbada nahi gabeko sentsazio negatiboak» sortu dituztela, eta ez direla gai izan hartutako neurrien zergatia ongi azaltzen. Hori dela eta, gizarteari eskerrak eman dizkio erabakiak betetzeko erakutsitako «prestasunagatik».

Susperraldi ekonomikoa

«COVID eklipsea» deitutako etapa gainditzeko bidean, honako hau «mugarria» dela esan du lehendakariak. Haren hitzetan, aukera berri bat zabaldu da, besteak beste, susperraldi ekonomikorako, baina ez da aski 2019. urtearen aurreko egoerara itzultzearekin, beste «berpizkunde garai bat» behar baita. Eta, hain justu, horretarako inbertsio publikoa iragarri du: aurten 250 milioi euroko ezohiko programa jarriko du abian Eusko Jaurlaritzak. Datorren urteko aurrekontuetan beste mila milioi euroren inbertsioak jasoko dira, eta horri Europako Next funtsetatik etorritako dirua erantsita, denera, 1.600 euroko inbertsio publikoa iragarri zuen 2021-2022 aldirako. Inbertsio horren erdia gizarte gaiei lotutako azpiegituretarako izango da, hau da, hezkuntza, osasuna, kultura eta etxebizitzarako. Gainerakoa garraio azpiegitura, energia eta industria alorrei bideratzeko asmoa du gobernuak.

Bestalde, mugikortasunarekin lotutako azpiegiturei dagokienez, AHT abiadura handiko trenaren obrekin jarraitzeko asmoei eutsiko die Jaurlaritzak. Urkulluk iragarri du urte amaierarako nahiko lukeela Gasteiz eta Bilborako sarbideak lurperatzeari buruzko akordioa.

Lege egutegian jasotako konpromisoei ere aipamena egin diehitzaldian. 36 lege egitasmo jasota daude gobernu programan, eta orain arte Jaurlaritzak hamazazpi bideratu ditu. Aurten, beste hamabi lege proiektu bidaliko dituEusko Legebiltzarrera; besteak beste, diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko legearen aldaketarena, trantsizio energetikoarena eta klima aldaketarena, eta osasun publikoarena. Eusko Jaurlaritzak 2023ko bigarren seihilekoan zuen hezkuntza lege berria onartzeko asmoa, baina lehendakariak iragarri du datorren urterako eman nahi diola oniritzia; «hezkuntza hitzarmena» eskatu du hori bideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.