Albistea entzun

DARWIN ETA GU

'Ciao, bella'

Jose Mari Pastor -

2022ko martxoak 19

Egunerokoa hankaz gora jartzen du gerrak. Alde guztietan jotzen gaitu. Normaltasuna, askotan gorrotatzen dugun errutina aspergarria, desiratzen du gerra pairatzen duenak. Hala bada ere, gure DNAri atxikita dauden instintuak eta beharrak ez dira erabat desagertzen; zenbaitetan areagotu egiten dira.

Ukrainako soldaduak itxurazko kontrol bat ezartzen ikusi ditugu bideo batean. Urrunetik datorren autoa gelditu, eta barruko jendea jaitsarazi dute, ibilgailua miatzeko. Kotxetik irten den neskaren aurrean makurtu da militarretako bat, eta eraztuna eta lore sorta eman dizkio. Ezkontzeko eskatu dio mutilak. Baietz erantzun du neskak, sakelakoen kameren aurrean. Gerran ere Instagram garaile.

Emakumeak gerran. Biktima zibilak gehienetan; soldaduak ere bai, batzuetan. Khrystyna Solovyi folk kantari ukrainarrak Bella ciao erresistentzia italiarraren kanta hartu eta hitzak aldatu dizkio. Gupidarik gabeko bertsioa osatu du neskak, La Repubblica egunkariak argitara eman duenez. Bertsio horrek Sumin ukrainarra izena du. Hauxe dio: «Gupidarik gabe hilko ditugu borrero madarikatuak, gure lurra inbaditzen ari direnak». Eta gero: «Gure armadan heroiak borrokatzen ari dira, errusiarrak hiltzen dituzte Ukrainaren alde. Mundu guztia batu dute errusiarren kontra. Laster garaituko ditugu. Eta bakea egongo da Lur osoan».

Love Story Ukrainan, errepideko gerra kontrolean. Denak pozik, denak irribarretsu. Neska eta mutila ezkondu egingo dira. Gerrak luze jotzen badu, frontean segituko du gizonak. «Mambru gerrara joan zen, hori mina, hori mina, hori pena!», zioen txikitako kanta batek. Eta guk ez genekien Mambru inoiz itzuliko ote zen. Ezkontzeko eskatu du soldaduak. Borrokan hilko da? Beste batek hartuko du fusila? Nork, baina? Beste gizonezko batek? Andreak berak, alargunak? «Bella ciao» ala «bello ciao» esango du hurrengoak?

Artista ukrainarrarena ez da Bella ciao kantak historian izan duen egokitzapen bakarra. Munduan zehar ezagun egin den abestia ere ez ei da jatorrizkoa: XIX. mendearen bukaeran Italia Iparraldean arroz soroetan behar egiten zuten andreen protesta kanta izan zen lehena. Haien lan baldintzak salatu zituzten emakumeek. Badirudi abesti hori hartu, moldatu eta hedatu egin zutela Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurkako borrokalari italiarrek. Gaur egun, DJ remix bertsioan o partigiano! ozenki kantatzen duten zenbat lagunek ezagutzen dute abestiaren sorrera? Zenbatek dakite zer esanahi duen, zer sinbolismo? Kanta askatasunaren aldeko ereserkiaren modukoa dugu orain, erresistentziaren aldarria, faxisten aurkakoa. Baina nola ulertzen dugu askatasuna? Nortzuk dira gaurko faxistak? Zer esango lukete aurreko mendeetako borrokalariek haien abestia larunbat gauean diskotekan hauts zuriz bete-bete eginda eta besoak gora dabiltzanen ahoan entzungo balute?

«Gerra defendatzeko, gerra bakea lortzeko». Horixe dio Solovyi kantari ukrainarrak egokitutako lanak. Justua, zuzena dugu gerra? Putinen mehatxu nuklearraren berri eman dute hedabideek. Kremlineko burua nazioarteko auzitegi batera eraman beharra aipatzen ari dira egunotan. Gaizto ofizial bakarrari edozer leporatu eta egin ahal zaio. Zer esan onari buruz, ordea? Hiroshima eta Nagasaki bonbardatu eta gero nazioarteko auzitegira eraman zuten Harry Truman presidente estatubatuarra, 250.000 lagun inguru, gehienak zibilak, hiltzeagatik? Dena zilegi da gerran garaipena lortzeko? Garaipena besteena bada, ez; gurea bada...

Euskal Herrian ere badugu kanta ezagunaren moldaera berezia: «Abertzalea ni jaio nintzen o belatxao, belatxao, belatxao, txao, txao, abertzalea ni jaio nintzen ta abertzalea hilko naiz (…) Eta borrokan hiltzen banaute, hartu zuk nire fusila». Zenbat aldiz ez dugu entzun edo kantatu afaloste beroan, bapo-bapo eginda, abestiaren bertsio oso gustuko baina fonetika aldetik trakets samarra? Nork hartuko du fusila gaur? Hura hartzeko prest dago gure mutila? Eta gure neskatila? Nork esango du belatxao? Nork belotxao?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»

Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.