Maider Galardi
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Euskal amerikanoak

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Serio itxura ematen duen arropa, baina ez eleganteegia. Klik. Makillaje apur bat, baina ez sobera. Klik. Burua altxa, baina ez harrokeriaz. Klik. Irribarre abegikor bat. Klik. Besoak gurutzatu. Klik. Photoshopean jarri Hego Euskal Herriko edozein herritako paisaia, eta nahieran aldatu alderdi bateko edo besteko koloreak. Hautagaia nor den, horren arabera gehitu alderdiaren sigla ala ez. Ez handiegi, halere, ez dezala alderdiaren zamak hauteskunde kanpainan eragin handiegirik izan. Ez baita politika; Donostia da, Barakaldo da, Oion da. Ez baitira politikariak; kirolariak dira,aktibistak dira, abeslariak dira.

Herri eta hirietako kaleetan ez da besterik. Aurpegi bat, plano erdiko argazki bat, asko jota. Kanpainak modu analogikoan bizitzeari utzi diotenek ere gauza bera ikusiko dute sare sozialetan: ez dakit nongo hautagaiak abesti bat egin duela auzo baterako eskuartean dituen proiektuekin, beste hark ongi ezagutzen dituela bere hiriko txokoak, korrika egitera irteten delako. Beste honek musikaletako Donostia nahi duela. Erraz egin genezake kazetariok alkategaien curriculum intimoena ere. Herri eta hirietako proiektuak zein diren, ordea, kosta egiten da asmatzea.

Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden instituzioak, baina gehiegizko pertsonalizazio horrek herritarrengandik urruntzen ez ote dituen, horra zalantza. Hezur-mamizko alkategaiak erakutsi dituzte bateko eta besteko alderdiek, baina, bestelako berezitasunik ezean, gainontzeko zerrendakideak nor diren karteletan jarri ezean, nekez bereiz litezke batzuk ala besteak. Eta kontuan hartuta alderdi batzuek behintzat egiten dutela herri mailako politikaren eta proiektu komunitarioen alde, ia kontraesanezkoa dirudi hartutako norabide pertsonalistak.

Hainbat hautagairen bideoek ezinbestean gogorarazten dute Alexandria Ocasio Cortez AEBetako kongresista demokrata. New Yorkeko Bronxen jaiotako emakume gaztea da Cortez, jatorriz latinoamerikarra, eta sare sozialetan sekulako arrakasta du. Milioika jarraitzaile ditu, eta haren jardunak lortzen du aise ibiltzea pribatuaren eta publikoaren arteko muga horretan. Eta politikaren eta marketinaren mugan eroso aritzea ere bai.

Hori baita kontua; datozen hauteskundeetako kanpainek badutela mendebaldetik datorren joera publizista hori. Nolakoa den alderdi bakoitzaren proiektua, eta pareko okindegiko jabeak ala herri antzerki taldeko zuzendaritzako kideak osatzen duten zerrenda, gutxi axola du horrek orain. Baina hau ez da AEB, eta hemengo hautagaiak ez dira AOC —hori da Cortezen marka pertsonala—. Asko jota, badira orain arte agintean egon ez diren hautagai emakumeak, euskaldunak, eta, zergatik ez, ertzetakoak. Kontua da hegemonia lortzeko hautatutako bide hori egokia ote den, eta, are, zuriketa morearen ertzean ez ote diren batzuk.

Herri proiektuak indartzeko aukera dira bozak, baina badirudi ikur pertsonalistak lehenetsi dituztela, alderdiek izan dezaketen eragina ezkutatzearren. Nor bere okasioaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.