«Telefonikak urteetan estutu du soka, eta azkenean apurtu egin da»

Telefonia enpresako teknikariek hilabete daramate greban.Enpresak egin dien azken kontratua bertan behera uzteko eskatu dute

Gasteiz
2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Sindikatu nagusien laguntzarik gabe. Horrela ari dira aurrera eramaten Telefonicako teknikariak greba mugagabea. Telefonicarentzat lan egiten badute ere, ez dira bertako langileak. Kontrata eta azpikontratetako langileak dira, eta baita autonomo faltsuak ere. Urtez urte lan baldintzak okertu dizkietela salatu du Alex Palanco langileak. «Soka apurtu arte estutu dute».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen. Hilabete daramate greban. «Langile batzarretan antolatuak gaude, badaude babesa eskaini diguten sindikatuak, Euskal Herrian ESK-k, baina langileok ari gara borroka aurrera eramaten».

CCOO eta UGT sindikatuek greba hil nahi dutela salatu du Palancok. «Euren kabuz bi eguneko lanuzteak antolatu dituzte, patronalarekin negoziazio mahaia sortu eta greba bertan behera uzteko. Baina sindikatu horiek ez gaituzte ordezkatzen». Patronala ez da oraindik langileekin harremanetan jarri. Palancok adierazi du euren eskariak Interneten zintzilik dituztela eta argiak direla. «Ez dugu beste munduko ezer eskatu».

Telefonicak ezarritako azken kontratua maiatzaren 1etik dago indarrean. Langileek salatu dute kontratu berriarekin hamar-hamabi orduko lanaldiak izango dituztela, oporrik gabe eta, «egoerarik onenetan», 800 euroko soldatak jasoko dituztela. Gainera, kontratek eta azpikontratek autonomo faltsu egitera behartzen dituzte langile asko. Horren ondorioz, langileek lan tresnak, autoa eta gizarte segurantza ordaindu behar dituzte euren poltsikoetatik.

Langileek autonomo faltsu deitzen diote euren buruari, kontrata eta azpikontratek autonomo egitera behartzen dituztelako.Baina Telefonicarentzako baino ez dute lan egiten.

Aldarrikapenak

Hiru dira Telefonicako teknikariek egin dituzten eskaera nagusiak. Hasteko, hurrengo hiru urteetarako enpresak ezarri duen kontratua bertan behera uztea nahi dute.

Horrekin batera, lan itun propioa eskatu dute grebalariek, soldata igoera izateko eta sektore gisa eratzeko. «Telefonicako lan baldintzetara jo nahi dugu: astean 40 ordu, 30 eguneko oporrak eta astean bi atseden egun». Azken neurri gisa, horrela nahi duten «autonomo faltsuek» enpresan sartzeko eskubidea izatea eskatu dute.

Langileek nabarmendu dute gatazkaren ardura Telefonicak, kontratek eta azpikontratek dutela. Hala ere, multinazionala «ostrukarena» egiten ari dela salatu dute.

Euren borrokari hauspoa emateko manifestazioa egin aurretik, Eusko Legebiltzarrean izan ziren grebalarien ordezkariak. Bertan, idazki bat erregistratu zuten. Eusko Jaurlaritzari eta legebiltzarreko taldeei dei egin zieten lan gatazkaren konponbidearekin lotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.