Koronabirusa. Borja Belandia. Lanbideko zuzendari nagusia

«Salbuespeneko babes neurriak luzatu behar dira»

Belandiak dio aldi baterako enplegu erregulazioak luzatzea funtsezkoa dela jarduerari pixkanaka berrekin ahal izateko. Uste du ekonomia ez dela berehalakoan lehengora itzuliko.

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Urtearen hasieran langabezia %10etik behera zegoen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta aurreikuspenak ere onak ziren hurrengo hilabeteetarako. Baina COVID-19aren krisiak 20.000 pertsona gehiago utzi ditu langabezian, kolpetik. «Helburuak eta aurreikuspenak betetzen ari ginen, baina, bat-batean, mundua geratu da», adierazi du Borja Belandia (Basauri, Bizkaia, 1956) Lanbideko zuzendari nagusiak. Egoera kezkagarria dela dio, batez ere ziurgabetasun handia dagoelako aldi baterako enplegu erregulazioen bilakaerarekin. Horiei eustea gakoa izango dela uste du.

Bi hilabetean, inoiz baino lanpostu gehiago suntsitu dira. Atzeraldi Handian ez zen halakorik gertatu. Hasiera da hau?

Zeresan handia izango du jarduera ekonomikoaren berrekiteko moduak. Lortzen badugu poliki-poliki martxan jartzea, atzerapausorik eman gabe osasun arloan, hobetzen joango gara. Aldiz, halakorik gertatzen ez bada, baliteke 40.000 lagun baino gehiago batzea langabeziara urte amaierarako, eta hori drama hutsa da, pertsona horiek ez dutelako babesik izango. Aldi baterako erregulazioek epe motzera babesten gaituzte, baina arazo larriak izan ditzakegu ondoren.

Hain zuzen, ekainera arte luzatu ditu Espainiako Gobernuak. Horrek zenbateraino emango dio arnasa langabeziari?

Argi dago jarduera ekonomikoa ez dela berehalakoan lehengora itzuliko, eta horregatik da funtsezkoa salbuespeneko babes neurriak luzatzea, horrek ahalbidetuko baitu jarduerari pixkanaka berrekitea. Baina gakoa da atzerapausorik ez ematea osasun arloan. Aurreikusitako erritmoan bagoaz, gai izango gara geldi dagoen ehun ekonomikoaren zati handi bat berreskuratzeko.

Apirileko datuei begiratuta, zerbitzuetan izan da igoerarik handiena, industriak aldi baterako erregulazioetara jo baitu. Uste duzu industriatik bigarren olatu bat etor litekeela?

Hemen gakoa da batek utzitako lekua beste batek hartzen duela. Beraz, horregatik zen garrantzitsua gutxieneko jarduera bati eustea. Enpresek bezero eta hornitzaileekin zituzten betebeharrei erantzun badiete, normalena da lehengo egoerara itzultzea. Administraziotik likidezia erraztu dugu horretarako. Baina funtsezkoa da aktibazioa modu ordenatuan egitea eta kontratuak betetzea. Kontrataziorako pizgarriak jar ditzakegu, baina inork ez du langile bat kontratatzen diru laguntza batengatik.

Autonomoentzako beste hamahiru milioi jarri ditu Jaurlaritzak orain. Nahikoa dira ekonomian zer pisu duten ikusita?

Denera 36,5 milioi dira, baina hainbat helburutara bideratu ditugu, eta horregatik banatu dira zenbait poltsatan. Hala ere, horrekin guztiarekin irits gaitezke ahalik eta esparru zabalenera. Gure asmoa izan da jarduerari berrekitean ahalik eta egoerarik erosoenean hasteko erraztasunak ematea; hau da, itzulera motxilan ahalik eta pisu gutxienarekin egiten laguntzea. Horrek muga bat du, noski, baliabideak mugatuak baitira. Zuzeneko laguntzak dira horiek, nolanahi ere. Zeharkako finantzaketa bideak ere badaude: Elkargiren kredituak edo diputazioen zerga kenkariak, esaterako.

Kritiko azaldu dira asko, ordea, baldintzak betetzeko zailtasunak dituztela eta.

Tira, ez dut uste baldintza oso exijenteak direnik. Ez gara hasi bosgarren deribatuaren bila laguntzak iragarri eta gero ez emateko. Posible dela norbait kanpo geratzea? Gerta liteke, baina helburua guztiengana iristea da. Horregatik ongi aztertu behar dira laguntzak, ez baitira bateragarriak.

Alarma egoeragatik Lanbideren aurrez aurreko arreta zerbitzua eten egin da, eta tramiteak modu telematikoan egin behar izan dira. Arazorik izan duzue?

Orokorrean, balorazioa ona da. Egia da, hala ere, zailtasunez ohartarazi zutela batzuek, baina, horiei tramiteak errazteko bideak jarri ditugu.

Arartekoak arrakala digitalaz ohartarazi dizue.

Arartekoak bestelako modu bat du errealitatea ulertzeko Lanbideren aldean. Guk arazo bat daukagu: legearekin eta araudiekin egiten dugula lan, eta berak iritziekin. Denok dugu iritzi bat. Lanbidek 900 langiletik gora ditu, 42 bulego, eta zerbitzu bera eman behar dugu guztietan. Eskubideren bat urratu dugula? Horretarako daude errekurtsoak. Baina, oro har, gure laguntza behar izan duten guztiek izan dute, eta bi hilabete hauetan inor ez da geratu arretarik gabe.

Noiz zabalduko dira bulegoak?

Ekainaren 1ean zabalduko ditugu. Segurtasun neurrietara egokitzen ari gara orain, eta protokoloak zehazten.

Bi hilabetean, ia 900 gehiago dira DSBEa jasotzen dutenak. Zer aurreikuspen dituzue aldi baterako enplegu erregulazioen aldia amaitzen denerako?

Jarduera ekonomikoaren bilakaeraren araberakoa izango da. Oro har, langabeziara batzen ari direnak estaldura bat izatetik datoz, beraz, ez da horren kezkagarria. Baina langabeziaren epea luzatzen bada, gero eta gehiago izango dira behar hori dutenak. DSBEa eskubide bat da, halere, eta eskuragarri izango dute denek.

Espainiako Gobernuak onartu asmo duen bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta DSBEa osagarriak izango direla aurreratu duzue. Nola kudeatuko da?

Egia esan, guk geuk ere ez daukagu informazio askorik oraindik. Harremanetan gaude ministerioarekin, baina ez ditugu erantzun guztiak jaso. Dakiguna da azkarregi doazela, eta hil hau amaitu baino lehen onartu nahi dutela. Ez da modurik onena tamaina honetako gai bati heltzeko.

Kalterik eragingo dio DSBEaren kudeaketa sistemari?

Eragina izango du, noski. Baina Gizarte Segurantzako bestelako prestazioek ere badute eragina dagoeneko. Gerta litekeen egoerarik arraroena da pertsona batek bi laguntzak eskatu behar izatea bi toki desberdinetan. Hori da ministerioari jakinarazi dioguna. Eskatu diogu tramiteak ahalik eta gehien erraztu ditzala.

Errentak hemen handiagoak dira. Horrek esan nahi du osatu egin beharko direla guztiak?

Bai, noski. Hemen dugun prestazioa handiagoa da, eta ez dugu txikituko horregatik. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera hori jasotzeko eskubidea duenak osagarri bat izango du orain arte duen babes mailari eutsi ahal izateko.

Zeintzuk izango dira errenta jasotzeko baldintzak?

Heldu zaizkigun zirriborroetan aldatzen ari dira baldintza horiek; beraz ez daukagu oso argi. 100.000 euroko ondasun garbia ez izatea zen aurreneko baldintzetako bat, baina orain gure ereduaren antzeko zerbait egitea planteatu dute. Gu saiatuko gara gure iritzia helarazten.

Jaurlaritzak ez du zuzenean finantzatu beharko, eta horrek arnasa emango die Jaurlaritzaren kontuei. Bai, ordea, zeharka. Egokitzat jotzen duzu finantzaketa eredu hori?

Gizarte Segurantzak ordainduko ditu; beraz, ez da Jaurlaritzaren eskumena. Hala ere, kupoaren bitartez aurre egin beharko diegu ordainketa horiei. Gutxi gorabehera, 190 milioi euro kostako zaigula kalkulatzen dugu. Zenbat aurreztuko dugun? Testuaren xehetasunaren arabera izango da, baina ez dut uste hainbesteko alderik egongo denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.