Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Laetitia Perrais

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Egunkari batean irakurritako gomendioarijarraituz heldu naiz Ivan Jablonka historialari frantsesak idatzitako Laetitia ou la fin des hommes/Laetitia o el fin de los hombres (Laetitia edo gizonen amaiera) liburura. 2011n Frantziako hedabide guztiek hizpide izan zuten Nantes inguruan hildako 18 urteko Laetitia Perrais. Egilea berehala atxilotu zuten, baina Laetitia Perraisen gorpua aurkitzea kostatu zitzaien. Ahizpa zuen Jessicak aurkitu zuen goiz batean Laetitiaren motoa bazterrean botata, eta, une horretan, atzera bueltarik izango ez zuen amesgaiztoa hasi zen. Hedabideek odola nahi zuten, politikari zenbaitek (eta batez ere orduko presidentea zen Nicolas Sarkozyk) ere bai, eta Laetitia Perraisen bizitza eta heriotza publiko bihurtu ziren modurik okerrenean. Sarkozyk epaileen kontra egin zuen lege zorrotzagoak eskatuz; eta epaileek greba entzutetsuari ekin zioten. Laetitia larrutu egin zuten, bere bizitzaren gauzarik ñimiñoena ere bazka bihurtu zen. Jablonkak ondo azaltzen du gertatutakoaren zergatia. Zergatik, beste hilketa batzuk izan arren, 18 urteko Laetitiarena perfektua bilakatu zen hedabide eta interes politikoentzat. Une bateko erradiografia da, gizarte bat mikroskopiopean, bazterreratuen istorioak Frantzia, ustez, aberats batean. Ederra egin zait, batez ere, zein gizatasunarekin babestu dituen Laetitia eta bere ahizpa Jessica. Idazleak Laetitiaren bizitza berregiten du samurtasun ikaragarriarekin. Hedabideen jarduna gogor kritikatzen du, baina batik bat, hedabideen bazka jan zutenak, alegia, hiritarrak. Jablonkak idatzitako lanak, Le Monde eta Medicis sariak jaso zituen. Laetitia gaizkile anker baten biktima izatetik 18 urteko neska alaia izatera pasatuko da liburuan. Jablonkak heriotza ostekoak kontatzen ditu, baina baita heriotza aurreko bizitza labur bezain desegituratuaren xehetasunak ere. Zail da sinestea, baina gordintasunean bakea eman dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.