Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gure porrotak

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Heriotzak eta bereizketak. Horrela joan zait negu luzeegi hau. Ez dakit demaseko euriak izan ote duen zerikusia. Ez dakit kasualitatea izan ote den. Ez dakit. Bizitzan gauzarik funtsezkoenak ez ditugu jakiten. Dagoeneko katu bilakatu naiz edozein izpi ziztrinen atzetik kokagunerik onenaren bilaketa infinituan. Lehengoan tranbiako geltokian, goizean goizetik, emakume bat zegoen norbaitekin telefonoz berbetan. Bere albora heldu nintzenean bestearen esanak entzuten ari zen, baina halako batean erneguak hartuta edo ipar haizeaz nazka-nazka eginda kargu hartu zion: «Baina, ia, zuk maite nauzu ala ez? Nirekin zaude ala ez?».Emakume hark ere ez zekien. Une horretantxe tranbia heldu zen garagardo publizitate kanpaina bikainarekin: «Zuei esker Bilbok Oro du». Oro, dena eta guzia. Maite zuen edo ez jakin barik gelditu nintzen; haizeak, baina, molokot usaina zekarren.

Badut lagun bat porrota maite duena; bere teoriaren arabera, galtzea irabaztea da, eta horregatik beti paratzen da galeraren alde. Galdu edota galtzeak hurbiltzen ei gaitu garaipenera. Berarekin gogoratzen naiz osteratxu laburretan. Baditut bi ibilbide, luzea eta laburra. Laburra etxe alboan dago. Atxuritik gora Kañu pasealekua hartu eta Ibaizabal ertzetik Abusuko zubiraino bidea egiten dut maiz. Unamunok ere maite omen zuen ibilbide hura. Bere sasoian, ordea, ezberdina zen. Berdeagoa, basatiagoa. Kañu pasealekuaren hasieran autobidearen zementuzko zubia dago.

Haraino igo ziren aspaldigrafiti beltz erraldoia marrazteko: «Kukutza ikutu bez». Beste derrotabat. Ez dute ezabatu eta eskertzen dut. Masokismoa irudi lezake, baina gure porrotak gogoratzeak gure memoriari hel diezaioke. Ahanztura errazeko gu bezalakoentzat, ezinbestekoa. Kukutza dagoeneko gomuta bat baino ez da, eta grafiti beltza. Guri esker Bilbok oro du, garaipenak eta galerak, nondik begiratu da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.