Iker Iraola Arretxe.
BOZGORA

Nazón de Breogán

2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hala deitzen zaio Galiziari herrialdearen ereserkian, galiziarrak zeltekin lotzen dituen mitologia eztabaidagarriari erreferentzia eginez. Antza, ez da kasualitatea Breogan gizona nazioaren pertsonifikazio gisa erabili izana, nazioa indarrarekin lotu asmoz. Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, hauteskunde autonomikoak izango dira uztailaren 12an. Aurrekoan, Bozgora honetan bertan Maider Galardik gogorarazi zigunez, Ipar Euskal Herriko hauteskundeei erreferentzia oso gutxi egin zaizkio Euskal Herriko mendebaldeko kanpainan. Galiziako bozek ere gurean ez dute ia presentziarik izan, momentuz. Lasaigarri izan bedi euskal nazio ikuspegi batetik.

Espainia mailako alderdiak dira lotura hori egiten ari direnak, nabarmenegi ez bada ere, haien Madrilgo zuzendaritzetatik bultzatutako ekitaldietan eta estrategietan —PPren kasuan, Pablo Casado alderdiko buruak bi herrialdeetara egindako bisitak bezala—. EAJren kasua berezia da; izan ere, Galiziako haien aliatutzat har daitekeena alderdi oso txikia da -Compromiso por Galicia-, eta aurreikuspen guztien arabera, koalizio batean aurkeztuta ere, parlamentutik at geldituko da. EH Bilduk, bere aldetik, arrazoi gehiago izan ditzake BNG Bloke Nazionalista Galegoko lotura gogorarazteko, inkestak baikorrak baitira azken horren kasuan. Urrun gelditzen dira BNGk jeltzaleekin akordioak egiten zituen garaiak.

Uztailaren 12ko bi hauteskundeak alderatuz, Galizian bi dira zalantzak, bai behintzat inkestei kasu egiten badiegu: ea PPk gehiengo absoluturik eskuratuko ote duen, eta ea zein izango den ezkerraren burua: PSG Alderdi Sozialista edo, sorpasso-a emanez, BNGko nazionalistak. Galiziako PPren kasuan, gehiengo hori ezinbestekoa zaio; bestela, zenbakiek emango balute, gainontzeko alderdiek gobernu alternatibo bat osatzeko saioa egingo luketela gauza argia da eta. Ez litzateke lehenengo aldia izango, gainera. Alde horretatik, gauzak oso bestelakoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Elkarrekin Podemosek «ezkerreko gobernuaren» ideia bere kanpainaren ardatz bilakatu badu ere. Gaia, dena den, garrantzitsua izaten ari da kanpainan, eta EAJk ere azpimarratzeari ekin dio.

Bigarren desberdintasun bat ere adierazgarria da. Galizian, BNG bere hautagai Ana Pontón emakumea dela nabarmentzen ari da kanpainan; eta aukera dagoela —inkesten arabera zaila dirudien arren— Galiziak lehen emakumezko presidentea edukitzeko. Hala egin zuen hautagai nazionalistak Galiziako telebistako hauteskunde eztabaidan. Euskal AutonomiaErkidegoan, aitzitik, ez da aukera hori gehiegi nabarmentzen ari, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren artean horretan alderik ez dagoelako ziur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.