Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Txikien trabak

Bozetarako izena emandako talde berriek herritarren %0,1en babesa behar dute. Aulki Zuriak-ek dio oztopoa dela alderdi txikientzat.

Donostiako azken udalbatzarra, joan den apirilean. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Andoain
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Hauteskunde egunetan, herritarrek aukera dute nahieran beren hautagai gustukoena aukeratzeko, ala ez bozkatzeko. Zurian eta baliogabe ere bozka daiteke. Alderdientzat, ordea, ez da hain erraza boto papera inprimatu arte egin beharreko bidea. Hauteskundeetara aurkezten diren lehen aldian, barrutiaren %0,1en babesa behar dute bederen. Aulki Zuriak taldeko Daniel Lizarralde eta Luis Mari Ormaetxea kideek diote Alderdi handiek babes hori badutela; ez, ordea, alderdi txikiek. Joan den apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako bozetarako, 560 sinadura bildu behar zituzten legez, Gipuzkoan hautagai izateko: «Beste alderdiek abantaila dute gurekiko, kanpaina prestatzen ari diren bitartean gu oraindik sinadurak biltzen ari baikara». Hala ibili ziren hauteskunde kanpaina hasi aurretik, baina lortu zituzten beharrezko sinadurak: «Kalkulatu genuen 560 sinadura behar genituela, baina, badaezpada ere, horien %20 gehiago izan nahi genituen», azaldu du Lizarraldek. Alegia, 700 lortzea zen helburua, eta 665 lortu zituzten azkenean.

Ez dira sinadura bilketan aritu diren bakarrak; izan ere, udal eta foru hauteskundeetarako langa hori gainditu behar ez badute ere, Europako bozetarako behar dute barrutiaren %0,1en babesa. Hala, 15.000 sinadura bildu behar izan dituzte Espainian, barruti bakarra delako. Ormaetxeak nabarmendu du besteak beste PACMA, libertarioak eta Alderdi Komunista ere babes bila aritu direla: «Batzuek ez dute lortu, eta merezi zuten sikiera hauteskundeetan egotea».

Voxek ere sinadurak bildu behar izan zituen Gipuzkoan, Espainiako Gorteetarako hautagaitza aurkezteko. Bozen aurretik babes hori izatea galbahea ote den galdetuta, Aulki Zuriak-eko kideek uste dute iragazkia baino, oztopoa dela alderdi txikientzat: «Voxekoek badute beharrezko azpiegitura sinaduren bilketa egiteko; guk txandak egiten egon behar izan dugu, lanetik irten eta kanpaina prestatu artean», ohartarazi dute. Horregatik, eskatu dute %0,1en lege hori kentzeko.

Bozen osteko eskaerak

Hauteskundeak baino lehen bakarrik ez, hauteskundeen osterako ere eskakizun argia egin dute Aulki Zuriak-eko kideek; izan ere, hautetsirik lortzen badute, konpromisoa hartua dute beren eserlekua libre uzteko: «Gure sistema demokratikoagoa izateko, boto zuriak zenbatu beharko lirateke, eta proportzioan postu horiek banatu gabe utzi», azaldu dute; «hala ez denez, ez asetze hori ikusarazi nahi dugu». Ordezkariak lortzeko, ordea, udaletako bozen %5 lortu behar dute, eta foruetako %3. Langa hori kentzeko ere eskatu dute, azken bozetan ordezkaria lortzeko 23 botoren faltan izan baitziren Urnietan (Gipuzkoa). Aurten, Usurbilen, Urretxun eta Donostian ere aurkeztuko dira, baita Gipuzkoako Foru Aldundian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.