Nekazaritzatik aldenduta, hobeki

Gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino, EHUko ikerlari batzuek argitu dutenez. Erleei kalte handia egiten dien barroari aurre egiteko ikerketa abiatu dute.

Erle beltza, Apis mellifera mellifera nigrotorax. BERRIA.
Iker Tubia.
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun

Gizakiaren esku hartzeak eragina du erleen mikrobiotan edo mikroorganismo multzoan: erlauntzak leku zenbat eta naturalagoan egon, orduan eta osasun hobea izanen dute mikrobioei dagokienez. Hala ebatzi du EHUko Genomika eta Bioinformatika Aplikatuko taldearen ikerketak, eta Nature aldizkarian argitaratu dute. Erleek dituzten mehatxu nagusiak eta haiei aurre egiteko manera aztertzen jarraitzen dute: nekazaritza intentsiboa eta monolaborantza, eta barroa deitutako akaroa.

Iratxe Zarraonaindia Ikerbasqueko ikerlariak azaldu duenez, bere taldea erleen dibertsitate genetikoa aztertzen hasi zen duela 10-12 urte. «Erleen dibertsitate genetikoa geroz eta txikiagoa izan, ingurura egokitzeko aukera ere txikiagoa da», esan du. Beehope eta Smartbees proiektuekin batera, Europako subespezieetan zer-nolako dibertsitate genetikoa zegoen aztertzeari ekin zioten. Bigarren ikerketan, talde horiekin ere aritu ziren; horren emaitza da orain argitara eman dutena, eta June Gorrotxategi EHUko ikerlariaren tesiaren oinarria da.

Bakterioek, onddoek, legamiak eta abarrek osatzen dute mikrobiota, gorputzeko zenbait lekutan egoten dira —hesteetan batez ere—, eta izakien osasunean garrantzi handia dute. «Nekazaritzak eta monolaborantzak eragina dute mikrobiotan, eta horrek eragina du erlauntzaren osasunean», zehaztu du Zarraonaindiak. Hori dela eta, mikrobiotaren azterketa egiteari ekin zioten, antropizazioak erleen osasunari nola eragiten dion ikusteko. «Aztertu nahi dugu inpaktu antropikoak zer-nolako eragina daukan melifera erleen eta haien erlauntzetan dagoen mikrobiotetan. Ez dugu asmorik bakarrik erleak laborategian aztertzeko; komunitate osoa elkarrekin nola eraldatzen den ikertu nahi dugu», azaldu du Gorrotxategik.

Izan ere, mendebaldeko erle arrunta arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan jasaten dituzten zenbait estres faktorerengatik: besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak. Erleen heriotza tasa asko handitu da; beraz, horrelako azterketak garrantzitsuak dira. «Garrantzitsua da ikertzea ingurumenak eta antropizazioak, oro har, zer eta nola eragin dieten erleei eta polinizatzaileei. Melifera erleen kasuan, gainera, ez dira soilik garrantzitsuak gure ekosistemarentzat; inpaktu ekonomikoa ere badaukate», esan du Gorrotxategik.

Gizakiengandik urruti

Ikerketa egiteko Kroaziara jo zuten. Unije irlan garai batean erlauntzak paratu zituzten, baina gizakiak ez du eskurik hartzen. Irla inguru naturala da, eta ez da nekazaritzarik inguruan. «Nahiz eta gaixotasunak eta barroa akaroa badauden, erlauntza horiek luzaz irauten dute, esku hartzerik gabe», esan du Zarraonaindiak. Haien hipotesiak testatzeko baliagarri ikusi zuten.

EHUko eta Kroaziako ikerlariak Unije irlan, ikerketarako erlauntzak prestatzen. Marin Kovacic / Osijekeko Unibertsitatea

Alderaketa egiteko, bi erlauntza sortu zituzten erregina genetiko beretik zetozenak, genetikoki berdinak izan zitezen. Horiek nekazaritza oso intentsiboa duen gune batean paratu zituzten, eta, aurrerago, bi horietako bat eremu erdi natural batera eraman zuten, parke natural bat dagoen lekura. Emaitza argia izan zen: «Ikusi genuen oso-oso argi mikrobiotan gradiente bat zegoela: eremu naturalean mikroorganismo onuragarri gehiago genituen, eta horien funtzioak ere onuragarriagoak ziren immunitatean, digestioan eta abarretan. Nekazaritza eremuan onura horiek asko jaisten ziren, eta estres funtzioak asko handitu. Eremu erdi naturala bi horien artean zegoen».

Ez hori bakarrik; nekazaritza intentsiboko eremutik eremu erdi naturalera eramandako erlauntza aztertzean, honako hau antzeman zuten: «Hamasei egunera aldatu genituen eremu erdi naturalera. Nahiz eta hamasei egun bakarrik pasatu, ohartu ginen mikrobiotak aldaketa handia izan zuela, eta gehiago ari zela gerturatzen Unijeko egoerara». Zarraonaindiak uste du emaitza hori interesgarria dela, kimikoak erabili gabe, erleak gune naturalagoetara lekualdatuz denbora tarte batez bada ere edo pestizidarik gabeko landareak erlauntzaren inguruan paratuta, haien egoera hobetu daitekeela uste baitu.

Gorrotxategik ohartarazi du nekazaritzan erabiltzen diren produktu kimikoak luzaz geratzen direla erlauntzetan. «Baliteke botatzen ditugun pestizidek berehalako inpaktua ez ezik, denbora luzeagoan ere arazoak sortzea erlauntzetan». Hori dela eta, zenbait pestizidaren analisia egiten ari dira laginketa batzuetan.

Kroaziako laginez gainera, Euskal Herriko hiru erlauntza aztertzen ari da Gorrotxategi. Azido oxalikoak aztertu ditu horietan, barroaren kontra erabiltzen den pestizida. «Ekologikotzat hartzen denez gero, inertea behar du izan, ez du inpakturik izan behar erleen mikrobiotan», esan du tesiaren egileak. Hori hala denetz ziurtatu nahi dute, eta, horretarako, bi tratamendu aplikatu dituzte erlauntzetan, kontzentrazio kopuru eta metodo ezberdinak erabiliz. «Erlauntza batzuetan azido oxaliko likidoa aplikatu genuen, %2,1eko edo %4,2ko kon tzentrazioarekin; beste lagin batzuetan, azido oxaliko lurrundua. Aplikatu aurretik eta ondoren hartu genituen laginak erlauntzetatik: erle nagusiak, pupak eta erle ogia».

Orain arte PCA agar plaketan hazitako mikrobiota izaten zen halakoak aztertzeko manera. Orain, metodo hobe bat dago: sekuentziazioa. Erleen hesteetako material genetikoa sekuentziatu edo irakurtzen dute. Irakurketa horiek datu baseetan dagoen mikroorganismoen informazioarekin alderatzen dute gero, eta sekuentzia bakoitza zeri dagokion ikusten dute. «Oso ugariak diren mikroorganismoak ez ezik, gutxi daudenak ere ikusten dira. Hori orain arte ez zen horrela», azaldu du Zarraonaindiak. Izan ere, agar kultiboetan mikroorganismo jakin batzuk baino ezin dira hazi.

Galiziako erresistentzia

Beste proiektu bati ekin zioten abenduan: Galizian ikusi dute barroari erresistenteak izan daitezkeen erlauntzak dituztela. «Euren mikrobioak aztertuz, jakin nahi dugu zer gene edo mikrobiota egon daitezkeen horri lotuta», kontatu du Zarraonaindiak. Galizian, kimikoak erabili beharrean, erlauntzak bestela antolatzen dituzte barroa gutxitzeko: panelak bata bestearengandik gertuago paratzen dituzte, eta atearen orientazioa aldatzen dute.

Klimak, eta pestizidek eta kimikoek eragin handia dute erleen osasunean, bai mikrobiotan baita euren arteko sozializazioan ere. «Ez bakarrik nekazaritzako kimikoek; erlezaintzan erabiltzen diren produktuek ere eragina dute; horregatik kimiko hauetatik pixka bat aldendu, eta erlearen erresistentzia naturalago bat lortzen saiatu behar dugu», esan du Zarraonaindiak. Esaterako, erlauntzaren konposizioa aldatuz edo erleen selekzioa eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.