Azken uneko agonia, azalera

'Hiltegiak Euskal Herrian - Azken minutua: heriotza eta erresistentzia' dokumentala aurkeztu du Nor kolektibo antiespezistak. Haragiaren industrian hildako animaliek hiltegietan sufritzen duten «egoera bidegabe eta mingarria» salatu dute. Manifestazioa eginen dute Bilbon, azaroaren 1ean.

Bere unearen zain. Untxi bat, sakrifikatua izan aurretik, hildako untxien ilarari so. TRAS LOS MUROS - NOR KOLEKTIBOA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Ez dute hil nahi. Beldurra sentitzen dute. Ez da toki arrotz batean direlako, besteen odolaren usaina sumatzen dutelako baizik, besteen oihuak entzuten dituztelako. Txerriek eta behiek, batez ere, badakite zer gertatuko den. Eta ez dute hil nahi». Urtero, milioika animalia hiltzen dituzte mundu osoko hiltegietan, eta Euskal Herria ez da salbuespena: urtean 100 bat milioi animalia hiltzen dituztela salatu du Nor mugimenduak.

Hain zuzen, Euskal Herriko hiltegietako errealitatea azaleratzeko asmoa du talde antiespezistak. Horretarako, urte eta erdiz egin dute lan, esparru horien barruko irudiak eta datuak biltzen. Atzo aurkeztu zuten lan horren fruitua: Hiltegiak Euskal Herrian Azken minutua: heriotza eta erresistentzia izeneko ikerlana. Txostena eta ikus-entzunezko dokumentala ikusgai paratu dituzte Nor.eus webgunean.

Hamar hiltegitan izan dira Nor taldeko ekintzaileak —«Euskal Herrikoak edo Euskal Herriko dendak hornitzen dituztenak»—, eta bertan ikusitako errealitatea erakutsi dute: «Toki itxiak dira. Ilunak. Zarataz eta oihuz betetak», azaldu du kolektiboak, ohar batean. Animalien hilketa ateak itxita eta opakutasunez egiten dela ere nabarmendu dute. «Herritarren begiradatik kanpo egiten dute. Hiltegietako arduradunek ez dute han gertatzen dena erakutsi nahi, argi baitute hiltegien barruko irudiek kalte egiten diotela industriari», azaldu du taldeak.

Hiltegietako beharginekin ere hitz egin dute ekintzaile antiespezistek. Kolektiboaren esanetan, «sistemak zapaldutako langileak» dira, «sistemak zapaldutako gizakiz besteko animaliak akabatzen». Askotan, industriak berak ezarritako prekaritatearen ondorioz, segurtasun neurriak betetzen ez direla gaineratu dute Nor taldeko kideek, «eta horrek langileen baldintzei eragiten die, bai eta animaliak hiltzeko moduari ere». Taldearen esanetan, animaliak sorgortzeko sistemek huts egiten dute askotan, eta horrek agonia luzatzea dakar. «Deskarga elektrikoen edo pistolen bidez sorgortzen dituzte, baina horrek ez du beti funtzionatzen, eta berez bidegabea den egoera bat are bidegabeago eta mingarriago bilakatzen da».

Milioika heriotza, urtero

Atzoko agerraldian azaldu zutenez, mundu osoan 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte urtean. Euskal Herrian, zaila da kopuru orokorrak ematea, administrazio bakoitzak bere erara egiten baitu zenbaketa, baina Nor kolektiboaren arabera, «100 milioi inguru» izan daitezke Euskal Herrian 2017. urtean hildako animaliak.

Nafarroa da datu osoenak ematen dituena. Iaz, 64,4 milioi animalia baino gehiago hil zituzten herrialde horretan. Horietatik, 61 milioi baino gehiago hegaztiak ziren —oiloak eta oilaskoak, batez ere—; eta bi milioi baino gehiago, berriz, untxiak. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 117.798 ardi, behi, ahuntz, txerri eta zaldi hil zituzten iaz. 2012tik, ordea, Eusko Jaurlaritzaren estatistikek ez dute hildako hegaztien eta untxien kopururik jasotzen, eta arrantzari buruzko datuak tonaka ematen dira. Horregatik, hildako animalien datu erreala «askoz altuagoa» izan daitekeela uste dute.

Hori guztia salatzeko eta «animaliekin dugun harremana berraztertzeko», manifestaziora deitu du Nor taldeak: azaroaren 1ean eginen dute, Bilbon.

Gizakiz besteko gizarte bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.