KRITIKA. Dantza

Dantzaren entropia

Agus Perez.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun

'Entropie'

Konpainia: Zimarel. Koreografia: Leo Lerus eta dantzariak. Dantzariak: Ndoho Ane, Maeva Berthelot, Leo Lerus, Shamel Pitts. Musika-kontzeptua: Leo Lerus, Gilbert Nouno. Argiak: Gilbert Nouno, Chloe Boujou. Jantziak: Ingrid Denise. Lekua: Baionako Michel Portal antzokia.Eguna: Irailak 12.

Miarritzeko Dantza Maitaldia inguruko herrietara hedatu da aurten —festibaleko autobus berezi bat eta guzti jartzen dute Miarritzetik kanpoko emanaldietara joateko— eta, adibide bezala, Baionako antzokia goraino bete da Zimarel konpainiaren emanaldiarekin.

Lerus (Guadalupe, 1980) hamalau urterekin sartu zen Parisko Goi-Kontserbatorio Nazionalean, eta bost urteko prestakuntza jaso ostean Europako eta Israelgo zenbait konpainia handitan jardun zuen, 2000. urtean bere lehen sorkuntzak aurkeztu zituen arte. Orain Baionako antzokira ekarri duen pieza Entropie deitu da, kaosa eta energia lotzen dituen kontzeptua delako. Alde horretatik, eta Termodinamikaren bigarren printzipioaren arabera, entropia —sistemen anabasa— erremediorik gabe joango da gehitzen Unibertsoan, eta kontzeptu intelektualista horri lotuta eraiki du Lerusek bere proposamena.

Bi emakume eta bi gizon agertu dira eszenatokian, lauki formako eta zuri koloreko zoru baten gainean, haien atzean forma eta kolore bereko ziklorama zeharrargia zutela. Guadalupeko herri xehearen kotoizko arropa soilak zeramatzaten, oinak, zangoak eta besoak airean utzita, eta hasierako uneetatik harrapatu gaituzte lauren energia malguak eta gorputzen edertasun naturalak. Argien diseinu sotilari esker, kontrargian agertu zaizkigu askotan, banilla koloreko fokuek argiztaturik, eta emanaldian zehar nabarmena izan da atzeko zikloramari begira dantzatu dutela gehienbat, beren dantzarekin eguzkia, argia bera edota berotasuna omendu nahian baleude bezala.

Eszenako albo batean zegoen DJak soinu elektroniko pausatuak sortu ahala egoera hipnotiko batean sartu dira dantzariak, eta gu beraiekin, argi atseginen bariazio leunak lagun. Une batetik aurrera, bizkortzen joan da erritmoa, eta lau dantzariak Guadalupeko Gwo-ka dantzaren parametroetatik hurbil mugitu dira, norberaren espresio libreetatik ibiliz, gorputzei darien energia dantzaren bidez erakutsiz eta Brasilgo candomblé erritualetako trantze-dantzekin balizko paralelismoak ezarriz.

Hala ere, hortik aurrera ahituta geratu da proposamena, batez ere musikaren lehortasunaren ondorioz. Adibidez, tren baten moduko hots errepikakorra oinarrian zeukan erritmoak ordu erdi bat iraun du —emanaldiaren erdia, hain zuzen ere—, eta amaieran hasierako erritmo bizigarriak itzuli direnerako —era zatikatuan hala ere, ustezko modernitatearen izenean—, aldenduta geunden jada proposamenetik eta beranduegi zen gure animoak biziberritu eta gure bihotza betiko konkistatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.