Albistea entzun

PAI blindatzeko asmoa berretsi du PSNk, ingelesa eskakizun bihurtuta

Lege proposamenari buruzko azalpenak eman ditu Gimeno kontseilariak. PSNk eta Navarra Sumak biharko osoko bilkuran onartu nahi dute araua, Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren zain egon gabe
LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek protesta egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuaren aurrean, PAI blindatzeko lege proposamenaren aurka.
LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek protesta egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuaren aurrean, PAI blindatzeko lege proposamenaren aurka. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko apirilak 27

PAI ingelesez ikasteko programa legez blindatu nahi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok (PSN). Argi du prozedura: irakasle izateko lan deialdi publikoetan baldintza gisara jartzea ingelesaren ezagutza —edozein espezialitatetan, ez soilik Ingeles irakasleen postuetan—, eta, era horretan, PAI ikastetxeetako lanpostuak «egonkortzea». Prozedura ez ezik, bidelaguna ere hautatu du PSNk: Navarra Suma. Lege proposamena aurkeztua dute Nafarroako Parlamentuan, eta biharko osoko bilkuran onartu nahi dute, horretarako gehiengoa baitute bi taldeek.

Kontra azaldu dira gainerako indar politikoak, baita Maria Txibiteren gobernuko kide direnak ere. Atzo, lege proposamenari buruzko azalpenak eman zituen Hezkuntza kontseilariak parlamentuan, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Duguk hala eskatuta. Gimenoren esanetan, «langileen baldintzak hobetzeko» xedez erabaki dute legea aldatzea: «PAIri dagokionez, behin-behinekotasuna %70ekoa da, eta hori konpondu beharra dago».

Espainiako 276/2007 Errege Dekretuak, ordea, ez du baimentzen ingelesa lanpostu publiko baterako baldintza orokor gisa ezartzea —gaztelania edo euskara soilik izan daitezke eskakizun—. Gimenok aitortu du Hezkuntza Departamentuak bi urte daramatzala Espainiako Gobernuarekin negoziatzen, baina «ezinezkoa» izan dela PAIk berezkoa duen ezegonkortasun hori konpontzeko bide bat adostea eta, hortaz, lege propio bat egitea dela konponbide bakarra, «autogobernua baliatuta». Era horretan, ordea, Nafarroako Gobernuaren deialdietan lanpostua lortzen duten irakasleek zerrenda bereizia osatuko lukete, herrialderako soilik. Horrek «zerrenda paraleloak» eta «lan baldintza desorekatuak» sortuko dituela salatu dute oposizioko taldeek.

Kontseilariak presazko izaera eman dio proposamenari, gainera, hamazazpi eguneko tramitearen ostean iritsiko baita osoko bilkurara. Are: PSNk eta Navarra Sumak ez dute beharrezkotzat jo Nafarroako Kontseilua prestatzen ari den irizpena aintzat hartzea, eta txostena jaso baino lehenago bozkatuko dute araua.

Babes bakarra, eskuinetik

Hezkuntza batzordean, Navarra Sumako eledun Pablo Gonzalez izan da, PSNko ordezkariak kenduta, proposamenari babesa agertu dion bakarra, «PAI arrakastatsua delako eta familien %70ek eskatzen dutelako». «Harago» joateko ere galdegin du koalizio eskuindarreko eledunak, «PAI programari eredu izaera emanez».

Gainerako talde parlamentarioak kritiko azaldu dira lege proposamenarekin. Geroa Bairen izenean, Maria Solana legebiltzarkideak salatu du Hezkuntza Departamentuak «hizkuntza ofizial izaera» eman nahi diola ingelesari herrialde osoan, «euskarari ezarritako zonifikaziorik gabe». Lege proposamenak, gainera, «zalantza juridiko ugari» eragiten dizkiela esan du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek burugabekeriatzat jo du PAI blindatu nahi izatea, «Madrilen edo Gaztela-Mantxan, esaterako, PSOE hasia baita kontrako bidea urratzen». Txarretsi du PSNk «presaka eta korrika» onartu nahi duela legea, «hamazazpi egunetan, tartean Aste Santua egonda, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren zain egon gabe». Hezkuntza Departamentuak «kazike baten erara» jardun duela salatu du.

Ezkerra taldeko Marisa de Simonentzat, «ausarkeria» da legea onartu nahi izatea Nafarroako Kontseiluaren irizpenik gabe ere: «Erakundeek ebazten badute proposamena legez kanpokoa dela, zer? Zer ziurtasun juridiko eskainiko diezue irakasle postua lortzen dutenei? Zenbat distortsio eta errekurtso ekarriko ditu burutazio honek?», galdetu du.

Sindikatuen protesta

Gimenoren agerraldiaren aurretik, legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin zuten LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek, lege proposamenarengatik protesta egiteko. Elkarteon esanetan, «eskubide desberdinak dituzten bi irakasle talde» sortuko ditu arauak, eta «ziurgabetasun juridikoa» eraginen die funtzionarioei: «Urteak daramatzagu Departamentuari eskatzen lanpostu guztiak egonkortu ditzala, baina hori ezin da egin araudia kontuan hartu gabe eta beste langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak gehituz».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baionako Arteen Hirian antolatu dute zuzenketa zentroa, Euskal Elkargoaren babesarekin ©Guillaume Fauveau

Euskaraz erantzuniko brebetako azterketak zuzentzen ari dira Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

Zuzenketa zentroa antolatu dute Baionako Arteen Hirian, Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin. Adierazi dutenez, sinetsiak dira ekintzak «ondorioak» izanen dituela. Donibane Garaziko zuzenketa zentroan protesta egin dute sare publiko eta pribatuetako irakasleek, Seaskari babesa erakusteko.

Zezenketen aurkako protesta

Iruñean salatu dute zezenketak «iraganean» gelditu direla eta «eboluzionatzeko garaia» dela

Lide Egizala Urteaga

Manifestazioa egin dute Anima Naturalis eta PETA erakundeetako kideek, eta zezenketen abolizioa aldarrikatu dute.

Artxiboko irudia ©Marisol Ramirez / FOKU

Emakume batek sexu eraso bat salatu du Zarautzen

Iñaut Matauko Rada

Zarauzko Udalak erasoa arbuiatu du adierazpen instituzional baten bidez, eta laguntza eskaini dio biktimari.

Suizidioari buruz aritu dira EHUko Udako Ikastaroetan, <em>Izena duena: suizidioa</em> jardunaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

LGTBI kolektiboko kideen eta adinekoen suizidio tasa handiagoa dela adierazi dute

Oihane Puertas Ramirez

LGTBI kolektiboko kideen eta adinekoen suizidio tasa handiagoa dela adierazi dute EHUko Udako Ikastaroetan suizidioari aurre egiteko tresnei buruz aritzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...