Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Poesia zingira da

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
'Benediction'

Zuzendaria: Terence Davies. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 137 minutu.

Lehen Mundu Gerra, zauriak eta poesia. Hori izango da Terence Davisen azken lanak azalduko duena. Siegfried Sassoon poeta ingelesaren bizipenean eta poesian oinarritutako biopic-a da zuzendaria azken lanean pantailaratzen saiatu dena.

Teknikoki ederra eta burutsua da zinemagilearen film berria. Denboran bidaiatuz, gerrateak suposatzen duen hondamendiaren erakusle izango da, eta zauri fisiko zein psikologikoen arrastoak jasoko ditu poeta britaniarraren biografia jarraituz.

Lan txukuna da Daviesena, patxadatsua, edo patxadatsuegia momentu batzuetan, eta poesiaren sentipena hitzetatik irudietara eramaten saiatuko da. Filmari ez zaio umorerik ere faltako, eta elkarrizketa zorrotz eta garratz franko baliatuz, dialektikan eskarmentua duten pertsonaien artean garraiatuko gaitu. Gerra ondorengo goi-klaseko aristokrata, artista eta burgesen artean gurtua izango da poeta, eta hiritar gehienek inoiz amestuko ez luketen oparotasun eta onargarritasunaz gozatuko du.

Filmak, poesiak bezala, lurralde zingiratsuan sartuko gaitu: maitatuko duzu ala aspertuko zaitu. Baditu une eder eta landuak. Muntaketa modu adimentsu bezain originalean erabiliko du eta edertasuna barreiatuko du filmak. Baina tarteka galdu egingo da, geldotasuna dela medio, erretratatutako pertsonaia fokutik galtzen delako edo, Sassoonen sormen prozesua bigarren planoan geratzean.

Interesgarria eta ederra da, beti bezala, Daviesen lana, iritzi kontrajarriak sortuko dituena, eta zuzendariaren lanik hoberena ez bada ere, ikustea merezi duena. Zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.