Ingurumena. Luizia Zaldibarren

«Oso amianto gutxi nahikoa da»

Asviamie amiantoaren biktimen taldeak dioenez, Zaldibarren babestu gabe ibili direnek gaitzak izan ditzakete. Euskal Herrian debekatuta dago material hori komertzializatzea

Erreskatean aritu direnak, amiantoaren aurkako jantziekin. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun

Zaldibarko (Bizkaia) luizian amiantoa aurkitu dute, eta beharginak babestu gabe aritu dira lanean. Alarmak piztu dira, eta ez da gutxiagorako. Amiantoa debekatuta dago Ipar Euskal Herrian 1997tik, eta Hegoaldean 2002tik. Europa mailan, 1920tik etengabe areagotu zen amiantoaren kontsumoa, eta 70eko hamarkadan jo zuen goia, Osalanek egindako txosten baten arabera.

ZER DA AMIANTOA?

Jatorri minerala duten zuntz batzuk izendatzeko erabiltzen da amianto hitza. Bost mota daude, baina kristolito izenekoa erabili du gehienbat gizakiak, eta hori da arriskutsuena. Jesus Uzkudun Asviamie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako amiantoaren biktimen elkarteko bozeramaileak eman ditu zehaztapenak: «Naturan dagoen zuntz bat da, baina gure herrialdean ez dago, kanpotik ekarritakoa da».

NON ERABILI DA?

Leku askotan: uralitazko teilatuetan, hodietan, udal ugaritako uraren hodietan, etxeen isolamenduan, teiletan... Baliteke konturatu gabe ere horrekin kontaktua eduki izana. «Makina batek hodi bat apurtzen duenean, bi langile joaten dira konpontzera, amiantoaren hautsa arnastuz», azaldu du Uzkudunek.

EGUN, EKOIZTEN AL DA?

Munduan zehar bai. Statistak egindako ikerketa baten arabera, 2018an Errusia, Kazajistan, Txina eta Brasil izan ziren ekoizlerik handienak, hurrenez hurren. «Gaur egun, 56 estatutan dago debekatuta, baina ekoizpena ez da txikitu», ohartarazi du Uzkudunek. Amiantoa desagerrarazteko bidean, Uzkudunek ziurtatu du Europan hamabi urteko epea dagoela jarria guztiz ezabatzeko.

Ekoizpena debekatuta dagoen arren, 2.149 langile oraindik amiantoarekin ibiltzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Asviamiren arabera. Uzkudunek azaldu duenez, amiantoa erretiratzeko enpresa espezializatuak behar dira: «200 langile behar dira, puntako enpresa batean. Hura kontrola daiteke, baina gaur egun dauden 2.149 langileak ez».

ZEIN GAITZ SORTEN DITU?

Batetik, asbestosia dago: «Amiantoa sartzen da biriketan, eta kortxoaren moduan geratzen dira, ezin arnasa hartuta». Bestetik, minbiziak daude: pleurakoa, peritoneoan mesotelioma, biriketakoa, laringekoa eta esofagokoa. Ipar Euskal Herrian errekonozituta daude pleurako plakak ere. «Horrek adierazten du amiantoa arnastu dela. Oso gutxi arnastea nahikoa da».

ZENBAT DENBORA BEHAR DA?

«Atzo [herenegun] gauean Zaldibarren erretiratzen jardun direnek pasatu zuten denbora nahikoa da hemendik 30 urtera gaixotasunak izateko». Uzkudunek argi du: «Oso gutxi nahikoa da». Gaitzak ezkutuan garatzen dira. Izan ere, hogei, 30 edo 40 urtera ager daitezke.

NOR DAGO ARRISKUAN?

Amiantoarekin kontaktuan egon direnak. Hau da, ez da derrigorra lantegian substantzia hori erabili izana: «Badauzkagu emakumeak etxean familia zaintzen bakarrik egin dutenak lana, eta gizonaren arropak garbitzeagatik gaixotu direnak». Katalunian uralitaren inguruan egindako ikerketa bat ere izan du hizpide Uzkudunek: «Haizearen norabidearen arabera, pleurako minbizia askoz gehiago daude, eta pleurako minbizia amiantoak bakarrik sortzen du».

ZENBAT GAIXO DAUDE?

Amiantoarekin lanean aritu diren 9.802 pertsona daude osasun zaintzan EAEn, eta tartean dago Uzkudun: «Orbegozo enpresan jardun nintzen lanean amiantoarekin. Orain, osasun zerrenda batean nago, urtero zaintza eginez, baina oraingoz ez daukat ezer».

Amiantoaren alderik ilunena da hildakoena. «Aurreko urtean, gure taldean zeuden 35 pertsona hil ziren amiantoarengatik, eta aurten, dagoeneko bost». Baina berez datuak kezkagarriagoak direla uste du Uzkudunek: «Gaixoen %10 ere ez da agertzen, ezkutuan geratzen direlako». Horren ardura erakundeek ere badutela ziurtatu du: «Ministerioak aurreko urtean 63 onartu zituen, baina ez zituzten jasotzen ezta Gizarte Segurantzak onartzen zituenak ere».

ZENBATEK ERABILI DUTE?

Asviamiek 2012an emandako datuen arabera, 174 enpresek erabili dute. «Nik galdetuko nuke zein enpresak ez duen erabili; siderurgian, burdinoletan... guztiek erabili dute», esan du Uzkudunek. Gainera, 60ko hamarkadan egindako etxe guztiek amiantoa daukatela azpimarratu du. Amiantoa 2020an ere kezka iturri izaten jarraitzeko arrazoiak badaude: «Oraindik ez da %10 ere kendu».

BADU KONPONBIDERIK?

Amiantoak eragiten dituen gaitzak ez dira sendatzen. «Biriketako minbiziarekin, agian pixka bat luzatuko dizute bizitza. Asbestosiarekin birikak aldatu? Bakarren bati egin diote, baina oso denbora gutxi luzatu du bizia». Mesoteliomak, berriz, ez dauka erremediorik, eta urtebeteko bizitza esperantza ematen dute.

BERAZ, ZER EGIN BEHAR DA?

Uzkudunek argi du; amiantoa inertizatzea da metodorik egokiena. Hau da, tratamendu bat egitea, sekula arriskurik ez izateko. «Pirata batzuek, hartu, eta erreka bazterrera botatzen dute. Akreditatutako enpresak behar dira, eta ez dago kontrol nahikorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.