Gerren aurka aldarrika

Jean Echenozek frantsesez idatzitako '14' eleberria euskaratu du Gerardo Markuletak. Lehen Mundu Gerran kokatuta dago nobela.

Jean Echenozen azken eleberria euskarara itzuli dute. MARTA PEREZ/ EFE.
Ilargi Agirre.
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerrara doazen lau gazte, hamabost eguneko kontua dela pentsatuz. Eta emakume bat, haietako bat noiz itzuliko zain. Lau urtez luzatuko da gerra. Eta, gerrarekin batera, esperoa. Horixe da Jean Echenoz frantsesaren 14 azken nobelaren abiapuntua. Gerardo Markuletak euskarara itzuli berri du lana, Meettok etxearen eskutik.

Jean Echenozen azken hiru eleberriak euskaratuak zituen lehenago Markuletak. 14 laugarrena du, beraz. Biografietan oinarrituta, errealitatea eta fikzioa nahasten zituen aurrekoetan. «Maurice Ravel musikaria, Emil Zatopek korrikalaria eta Nicola Tesla asmatzailearen bizitzak kontatzen ditu trilogia batean».

Honako honetan, ez dago pertsonaia historikorik, baina bai gertakizun historiko bat: Lehen Mundu Gerra. Markuletak nabarmendu du Echenozek beti dokumentazio lan «izugarria» egiten duela. «Lehen Mundu Gerra lehen gerra teknologikoa izan zen. Hegazkinak erabili ziren, aurretik ez bezala, eta gasak arma gisa». Errealitatetik hartutako datu ugari agertzen dira horren inguruan eleberrian.

Istorioa gerrara doazen lau gazteekin hasten da. Pozik daude, eta kontatzen da nolako euforia zegoen hasieran; nola egiten duten herrian festa handi bat jendea agurtzeko. Gudara joan direnen halabeharra eta gerran ez daudenen eguneroko bizimodua azaltzen dira. Frontea eta atzeragoardia. Eta bakoitzean prosa estilo bat, xehetasun handiz kontatua guztia. Adibidea jarri du Markuletak: «Soldadu batek 32 kiloko bizkar zorroaren barruan banan-banan eramaten dituen objektuak zerrendatzen ditu bi paragrafotan, esaterako».

Ez da nobela beliko bat

Gerra du ardatz lanak, baina ez da nobela beliko bat. «Gerren kontrako alegatu bat da. Ez dago heroirik, ezta irabazle edo galtzailerik ere. Ez da ongi bukatzen. Ez ditu betetzen eleberri beliko baten oinarrizko ezaugarriak».

Itzultzaileari bitxia iruditzen zaio liburuaren amaiera, hamar lerrotan ixten duelako auzia. «Hain labur izate horretan, badirudi parodia egin nahi diela eleberri tradizionaletan gertatzen diren amaiera zoriontsuei».

Jean Echenozenganako lehendabiziko hurbilpena Ravel itzultzen hasi zenean izan zuen Markuletak. Bazekien Atxagarekin lehian aritu zela Europako Literatura Sarian —Echenozek irabazi zuen, 1990ean— eta bere narratibari postmoderno etiketa jartzen ziotela, zentzu onean. Baina ez zuen haren lana ezagutzen. Itzultzen hasitakoan, izugarri idazle «interesgarria» iruditu zitzaion. «Ez da konformatzen eleberritzat buruan daukagun ideia orokor horrekin. Beti ari da konbentzio horien kontra, generoari zuku gehiago atera nahian».

Ez da itzultzeko idazle erraza, edonola ere, idazteko modu oso berezia baitu Markuletaren arabera. «Oso trinkoa da, baina, aldi berean, oso arin irakur daiteke». Esaldi bakoitzean informazio eta ironia asko sartzen du, hitz jolasak egiten ditu, eta Markuletari prosa hori euskarara itzultzea interesatzen zaio. «Nik oso gustura egiten dut. Erronka ere bada; puzzlea osatzeko lan bat da.».

Itzultzaile izateaz gain, idazlea ere bada Markuleta. Hainbat lan ditu argitaratuak, eta datorren urtean Denbora bere lekura poesia liburua kaleratzeko asmoa du. Bitartean, liburuko poemei musika jarri eta emanaldiak eskaintzen ari da, Jabier Muguruzarekin batera, hainbat lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.