Aurrekontuek lehen oztopoa gainditu dute

Eusko Jaurlaritzaren proposamenari EH Bilduk eta UPDk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte EAJk eta PSE-EEk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2015erako aurkeztu duen aurrekontu proposamenak gainditu du lehen langa. EH Bilduk eta UPDk kontuak atzera botatzeko aurkeztu dituzten osoko zuzenketek ez dute behar besteko babesik jaso, eta bere horretan geratu dira. PSE-EEk lagundu dio Jaurlaritzari lehen oztopoa gainditzen: EAJko legebiltzarkideek bezala, osoko zuzenketak onartzearen aurka bozkatu dute sozialistek, eta horrela bota dituzte atzera zuzenketak. Beharrezkoa zuen PSE-EEren babesa EAJk, berak ez baitu gehiengorik bere irizpidea ezarri ahal izateko. Duela aste batzuk bi alderdiek erdietsitako akordioa gauzatu da, beraz, 2015erako aurrekontuak onartzeko bideko lehen urratsean.

23an onartuko dira kontuak

PPk ere ez du akordiorako atea itxi nahi. Osoko zuzenketei buruzko eztabaidan eskua luzatu dio, beste behin, Jaurlaritzari. Adostasunerako prest dagoela esan dio. Keinu gisa, abstentzioaren aldeko hautua egin du osoko zuzenketei buruzko bozketan. Hala ere, Jaurlaritzak nahikoa du PSE-EEren babesa, eta, PPrena jaso edo ez, zuzenketa partzialei buruzko eztabaida egin ondoren, abenduaren 23an onartuko dira aurrekontuak.

10.639 milioi eurorena da Jaurlaritzak aurkeztu duen proposamena. Aurtengo aurrekontuen aldean %4,1 gehiago esan nahi du horrek; onartuz gero, 423,5 milioi gehiago izango dira. Baina bai EH Bilduren ustez, bai UPDren ustez, gai sozialetan atzera egitea ekarriko dute aurrekontu horiek, murrizketen bidean sakontzea. Horregatik aurkeztu dizkiote osoko zuzenketak proposamenari.

Hasier Arraiz EH Bilduren ordezkariaren esanetan, Jaurlaritzaren aurrekontuek «aberatsen eta txiroen arteko amildegia handituko dute». Horri aurre egiteko, «beste hitzarmen sozial bat» eskatu du, «politika publikoak indartzeko, zerga erreforma egiteko, enplegua sortzeko eta ekonomiari dagozkion erabakiak ere hemen hartzeko».

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak murrizketarik gabeko aurrekontuak exijitu izana aurpegiratu dio EH Bilduri, eta, haren esanetan, hori ezinezkoa da. «Lehentasunak ezarri behar dira», esan dio Arraizi; «batetik kendu, bestean jartzeko». Koalizioak, ordea, murrizketak industriari, Ertzaintzari eta AHTari egin nahi izatea gaitzetsi du Egibarrek.

UPDko Gorka Maneirok azaldu duenez, Jaurlaritzaren proiektua «jarraipenekoa, kontserbadorea eta defentsiboa» delako aurkeztu du osoko zuzenketa, eta «benetan gaizki pasatzen ari diren euskal herritarrak» alboratuta uzten dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.