Gorka Izagirre.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Erreleboka

Tropela bera ere, harrituta

2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Sentsazio arraroa daukagu taldean, baina emaitza txar-txarra ere ez dela izan esango nuke. Beldurtu samar geratu gara denok Contadorrek erasoa jo duenean, baina taldeak eta Valverdek berak lan ona egin dugu etapa guztian zehar. Bai, hamalau segundo dira, baina oraindik ere hor gaude, eta bien artean borroka handia egongo dela iruditzen zait. Gehienak gu baino okerrago daude sailkapenean, eta horregatik diot guk, behintzat, nahiko pozik egon beharko genukeela. Hau hasi besterik ez da egin oraindik.

Bagenekien Contador aurrean ibiliko zela Gaintzan, baina Valverdek gehiegizko konfiantza izan du, agian. Azpi-azpitik jo du erasoa, igoeraren zatirik handiena buruan egin du, eta bete antzean zegoen Contadorren erasoa iritsi denean. Ondoren, ez zegoen kilometro asko gainetik helmugara, eta, tira, hainbestean eutsi dio. 'Eta orain zer?' pentsatuko duzue gehienok. Bada, guk borrokan jarraituko dugula erantzungo dizuet. Valverderen ondoan egon behar dugu. Lasterketaren ardura hartuta, neke handia pilatu dugu, eta, agian, txarra ere ez da izango Saxok lidergoa hartu izana. Contadorren taldeak lan eskerga egin beharko du hurrengo etapetan, eta ikusiko dugu nola erantzuten duten.

Beste lasterketa bat ere antolatzen dute Ordizian, eta eskertzekoa da Euskal Herriko Itzuliko etapa bat bertan hasi eta bukatzea. Hemen hazitakoak gara gu, bertan entrenatzen gara, eta inguru hauek oso ondo ezagutzen ditugu. Guretzat oso berezia izan da etapa, eta zer esanik ez errepide bazterrean hainbeste zale ikusi ditugunean. Tropela bera ere harrituta geratu da muinoetan zegoen jendetzarekin; asko etorri zaizkigu hori esatera.

Ibilbideari dagokionez, Arrateri eta Markina-Xemeini begira daude gehienak, baina kontuz ibiltzekoa izango da Urdazubiko etapa ere. Goizerako euri pixka bat iragarrita dagoela uste dut, eta erabakigarria izan daiteke ezaugarri hori ere. Guri asko gustatzen zaizkigu euri egunak, eta ibilbidea primeran ezagutzen dugu gainera. Baina etapa nola doan aztertu beharko dugu bukaera partean zer egin erabakitzeko. Adi egon badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.