PSNren arabera, 2007ko abuztuko kolpea «ez da berriz gertatuko»

Geroa Bairekin izandako bileran, sozialistek adierazi diete 23 parlamentarik osatutako gehiengo bat gidatzeko «bokazioa» dutela. Hualderen arabera, «zalantza handiak» dituzte, eta PSNk ez ditu uxatu

PSNko eta Geroa Baiko ordezkariak atzo, Nafarroako Parlamentuan. Ikusmin handia piztu zuen bilerak. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
PSNk aurrera jo du. Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazio prozesuaren abiapuntu honetan, Ferrazek zalantzak plazaratu ditu, baina sozialista nafarrek bidea hastea erabaki dute. Denborak esango du ea saioa kale itsu batean amaituko den, baina duela hamabi urte gertatu zenaren itzala luzea da oraindik ere. Atzo bertan, sozialistak Geroa Bairekin bildu ziren, eta Uxue Barkos buru zuen ordezkaritzak «iraganean bizi izandako historia berriro ez gertatzeko konpromisoa» neurtu nahi izan zuen. Bilera amaitutakoan, Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak azaldu zuen 2007ko abuztuan izandako kolpea ez dutela hipotesi gisa ikusi ere egiten. «Ez da berriro halakorik gertatuko». Alta, Unai Uhalde Geroa Baiko parlamentariak kazetarien aurrean onartu zuen «zalantza handiak» dituztela, eta PSNk ez dituela uxatu. Geroa Baik konpromisoa eskatu du, eta sozialistek 23 parlamentariko gehiengoa gidatzeko «bokazioa» adierazi zuten.

PSN bigarren geratu zen maiatzaren 26ko hauteskundeetan, 71.838 boto eta 11 parlamentari eskuratuta. Nahiz eta laukoak orotara 19 eserleku izan, sozialistek gobernua osatzeko elkarrizketen gidaritza hartu dute, eta asteon bilera sorta bat egingo dute: atzo Geroa Bairekin, gaur Ahal Dugu-rekin eta bihar Ezkerrarekin.

Geroa Bairen eta PSNren arteko lehen bilera horrek proposamenak eta irizpideak trukatzeko eta borondateak neurtzeko balio izan zuen. PSNren aldetik, Maria Txibite idazkari nagusia, Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkaria eta Inma Jurio zuzendaritzako kidea joan ziren bilerara; Geroa Bairen ordezkaritza, berriz, Uxue Barkos hautagaiak, Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidenteak, Itziar Gomez Iruñeko zinegotziak eta Ana Ansa Zabaltzen taldeko presidenteak osatu zuten. Bilerak ordubete iraun zuen, eta amaitutakoan PSNk Ramon Alzorriz eta Geroa Baik Unai Hualde igorri zituzten kazetarien galderak erantzutera. Ikusmin handia zegoen.

Alzorrizek «urratsez urrats» joateko asmoa adierazi zuen, joko zelaiaren neurria ondo adieraziz. «Ez diogu gure babesik emango Nafarroako eskuinari, eta ez dugu ezer itunduko EH Bildurekin». Baldintza horiekin, PSNk 23 parlamentariko gehiengo bat lortzea du helburu, eta etengabe egin zion erreferentzia zifra horri.

Alta, ganbera 50 parlamentarik osatzen dute, eta gehiengo osoa lortzeko 26 behar dira gutxienez. Horregatik, Geroa Baik inbestidurarako eta legealdi osorako egonkortasuna lortzeko beharra nabarmendu zion PSNri, eta ez zuen emaitzarik erdietsi lehen bilera horretan. «Garrantzia ematen diogu egonkortasuna emango duen gehiengo bat lortzeari. Argitu beharko digute nola berma daitekeen egonkortasun hori gehiengo horrekin».

Betoa EH Bilduri

Desadostasun horren atzean EH Bildurekin negoziatzeko betoa dago, funtsean. PSNk ez du ezer jakin nahi koalizio abertzalearekin. «Uste dugu EH Bildu ez dela aurrerakoia, eta ulertzen dugu ekuazio horretatik kanpo geratu beharko duela», arrazoitu zuen Alzorrizek, eta gaineratu: «Ez dugu ezkutatzen. Ez dugu bilera bakar bat egingo Bildurekin; oso argi mintzo gara».

Baina beto hori bestelako arrazoi politiko batzuen ondorio da. Azken finean, EH Bildurekin hartu-eman politikoren bat izateak deseroso jartzen du PSOE Espainian. PSNk ez du zeharkatu nahi Ferrazek ezarritako marra gorri hori. Atzo, Alzorrizek azaldu zuen: 23 parlamentariren babesa lortzen dutenean, Maria Txibitek inbestidurara aurkezteko asmoa du. Kazetariek gogorarazi ziotenean horretarako EH Bilduren abstentzioa beharko dutela, beste aukera bati atea ireki zion Alzorrizek: «EH Bildurena izan daiteke abstentzioa, edo beste batzuek sozialistei eskatu ohi zaien erantzukizuna izan dezakete», azaldu zuen, Navarra Sumari erreferentzia eginez.

Adierazpen horiekin guztiekin, PSNk bere arazoa ezkutatu nahi du. EH Bildurekin ez negoziatzeko betoa ez zaio aski Ferrazi, eta orain PSOEko hainbat ahots kualifikatu haren abstentzioa ez onartzeko eskatzen hasi dira, tartean Jose Luis Abalos Antolakuntza idazkaria. Oraingoz debeku zuzenik ez dago, baina berriro kolokan dago PSNk hasitako bidea noraino hel daitekeen. Alzorrizek irmotasuna adierazi nahi izan zuen atzo. PSNren arabera, ez dago elkarrizketak hasteko «arazorik», eta ukatu egin dutePSOEri erronka bota diotela: «Esparrua argia da: PSNk eta PSOEk sintonia bera dugu, bide berean gaude, eta konpromiso berbera dugu».

Geroa Bairen mesfidantza

Oreka joko horiek guztiak, ordea, ez dute Geroa Bai erabat konbentzitu. Hualdek zuhur jokatu nahi izan zuen, mesfidantza adieraziz, baina ezezko irmorik eman gabe: «Aurrekariak ikusita, nafarrek zalantza ugari dituzte, eta horregatik esan diegu ea askotariko gobernu bat osatzeko bokazioa duten, eta esan digute baietz. Ea nola doan prozesua». Bide horri begira, Geroa Baik eskatu du ez dadila egon «kanpoko esku hartzerik», eta Nafarroan har daitezela erabakiak. PSNren eta EH Bilduren artean zubilanak egiteko prest ote den galdetuta, Hualdek erantzun zuen ez lukeela zertan arazorik egon indar politiko guztiekin hitz egiteko. Halaber, ez zuen gustuko izan eskuinaren abstentzioaren aukera: «Ez dirudi hipotesi egokia. Horretarako beste aritmetika batzuk behar dira».

Udalen egoera eta Parlamentuko Mahaiaren osaera ere izan zituzten hizpide. Ekainaren 15ean aukeratuko dituzte alkateak, eta hainbat udaletan gobernuaren kolore politikoa baldintzatzeko giltza dute sozialistek. Hilaren 19an, berriz, mahaia eratuko da, eta horrek PSNren borondatea neurtzeko balio dezake: zein presidente aukeratzen duten, edo EH Bilduk tokirik baduen. Hualderen arabera, bi alderdiek euren ikuspegiaren berri eman dute, «eta ez datoz bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.