Ertugrul Kurkçu. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatua

«Erdoganez libratu ahalko gara botoen %10 lortuz gero»

HDPko diputatuaren arabera, Turkiako presidenteak uste zuen oposizioko alderdiak ez zirela prest egongo hauteskunde aurreratu batzuetarako, baina uste du «ezinago prest» daudela.

BERRIA.
Orsola Casagrande. Jose Miguel Arrugaeta
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Izmir hiritik HDP Herrien Alderdi Demokratikoak duen diputatua da Ertugrul Kurkçu (Bursa, Turkia, 1948). Bi agintaldi eginak dituenez, ezin da berriz hautagai gisa aurkeztu etziko hauteskundeetara. Kurkçu 1960ko hamarkadatik ibili da Turkiako ezkerreko militante eta kazetari gisa, eta HDP proiektuaren sustatzaileetako bat ere izana da; erakunde horretan bilduta daude, kurduez gain, Turkiako ezkerraren hainbat parte eta Turkiako nazio eta identitate ugari, hasi asiriarrekin eta buka alevietan.

Recep Tayyip Erdoganek zergatik deitu zuen hauteskunde aurreratuetara?

Oinarrizko arrazoi bat dago: gobernuak eragotzi beharra daukala Turkiak urte honen amaiera aldera edo datorren urtean izango duen kolapso ekonomiko eta finantzarioaren eragina. Erdoganek, halaber, babes eta aliatu politikoak galdu ditu. Presidenteak uste zuen oposizioko alderdiak ez zirela prest egongo, baina, egiaz, ezinago prest gaude hauteskunde aurreratu batzuetarako.

Zer berme espero dituzue hauteskundeetarako?

Turkiaren 150 urteko hauteskunde historian inoiz izandako alderdikoienak, desberdinenak, injustuenak eta irregularrenak izango dira. Legeak zilegitu egingo du aurrekoetan iruzur gisa hartu zen guztia, hauteskunde aurreratu hauek baino doi-doi lehenago egindako zuzenketen ostean. Oraintsuko grabazio batean, ateak itxita egindako bilera batean ageri da Erdogan, bere konplizeei aholkatzen zer-nola hobetu hauteskunde iruzurra mamitzeko taktikak; horrek, ezbairik gabe, argi uzten du estatuburuak emandako aginduen itzalak lausotuko dituela ekainaren 24ko hauteskundeak.

Eta giroa hain oldarkorra eta kontrakoa izanik, nola aurpegi eman diozue kanpainari?

Herrialde osoan zirikaldiak, esetsaldiak eta erasoaldiak egunerokoak izan badira ere, HDPren hauteskunde kanpaina herri jaialdi baten moduan gauzatu da Kurdistango hirigune eta probintzietan. Ahalegindu gara blokeo mediatikoari aurre egiten, sare sozialetan kanpaina sortzaileak eginez. Esango nuke aldaketa bat izan dela esanguratsuena hauteskunde diskurtsoan: Tayyip Erdoganek eragina galdu duela herri kontzientzian, eta, orain, kontzientzia hori Selahattin Demirtasen aldera lerratua dagoela; alegia, gure presidentegaiaren aldera. Esan dezagun HDPk eta, oro har, oposizioak badutela motibazio nagusi bat hauteskunde iruzurrezko eta injustu hauetan parte hartzeko: kurduek,turkiarrek eta asiriarrek hautetsontziak beteko dituztelako itxaropena, Erdoganen gobernu arbitrario eta autoritarioaz nekaturik eta Erdoganik gabeko etorkizun bati bide emateko. Honako mezu hau sustatzen aritu gara: «Elkar harturik, aldatu ahal dugu»; praktikan, horrek esan nahi du Erdoganez libratu ahalko garela botoen %10 lortuz gero. Uste dut herritarrei ondo iritsi zaiela mezua.

Selahattin Demirtasek emaitza onak lortu zituen aurreko hauteskundeetan...

Egiaz, osotasun bat eta bakarra dira Demirtas eta HDP. Haren talentu pertsonalak eta xarmak boto emaile gehiago dakarzkio HDPren jarraitzaileen saldoari, eta sendotu egiten du konfiantza alderdian bertan, eta kurduen eta hiriguneko gazte kurduen artean. Horrez gainera, bidegabeki kartzelatua izan denez, berarenganako eta HDPrekiko sinpatia eragin die herritarrei.

HDPk zer herrialde proposamen ditu?

Gure helburu nagusia Erdogan geldiaraztea da, eta eragoztea hura diktadura faxista turko baterantz lerra dadin noraezean. HDPk, oposizioarekin elkar harturik, botere banaketa galdegiten du. Gure plataformak, berriz, badu alderdi bereizgarri bat: «Errepublika bat birsortzeko proposamena, demokrazian oinarriturikoa eta tokian tokiko gobernuei botere zabala emango diena». Horrexegatik proposatu dugu lehenik eta behin konstituzio demokratiko berri bat idatzi behar dela. HDPren iritziz, «probintzien eta eskualdeen autonomia demokratikoan oinarrituriko errepublika demokratiko bat» aurrerapauso bat izango da esparru politiko berri baterantz jotzeko; hor, kurduen autogobernu eskakizunak bete ahal izango dira, eta herrialdea demokratizatzea erraztuko du, gatazka kurdua baliabide baketsuen bidez konpontzea ere ekarriko bailuke.

HDPk zer jarrera du oposizioaren aliantzari buruz?

Baditugu geure erreparoak eta kritikak, kurduen artean arrakala handia sortu baita CHPk [Turkiako oposizioko alderdi nagusiak] gatazka hartzen duen moduaren inguruan, baina ez dugu baliatu nahi diskurtso gaitzesgarririk eta kanpaina negatiborik haren Aliantza Nazioaren kontra. Horrez gainera, ahalegintzen gara konfiantza eta harreman estuagoak sustatzen gure boto emaileen oinarriaren eta CHPkoenaren artean, batik bat langile klasekoen artean, hiriko sektore apaletan, gazteen artean, emakumeen artean eta alevien artean, bai eta gure oinarri kurduetan ere.

Erdogan boterean izanda, posible izango al litzateke kurduen eskakizunei konponbide bat ematea?

Erdoganen garaipen posible batek ez du uzten arrazoizko itxaropenik elkarrizketarako eta negoziaziorako, koalizio faxistaren eskakizunak eta itxaropenak gogobete behar baititu. Erdoganen Herri Aliantzako kideek gatazka kurduari buruz dituzten askotariko ikuspegiak eta politikak elkarren artean konbinatzeak, hain zuzen, ondorio politiko bakarra du: «sarraskitzea eta suntsitzea terrorismoa, atzeneko terroristaraino», eta horrek esan nahi du «atzeneko kurduraino», kontuan izanik PKKren eta herri kurduaren arteko lotura sozialak, humanoak eta kulturalak.

Eta zeintzuk izango lirateke kurduen eskakizunei konponbide arrazoizko bat emateko oinarriak?

Autonomia demokratikoa da egiteko moduko politika bakarra, bai kurduen autogobernu eskakizunetara egokitzen dena, eta bai kurduen kezkak ere lasaitzeko balio duena estatu unitario hau iraunaraztearen aurka. Estatuak eta herri kurduak oraindik ez dutenez formalki praktikatu halako botererik tokian-tokian, ondorio goiztiarra litzateke esatea proposamen horrek zenbateraino eman diezazkiekeen konponbideak kurduen eskakizunei. Baina, atzera egin eta udalerri kurduen esperientzia mugatu eta iragankorrari begiratuz gero, ikusiko dugu herri kurduak beren gotorleku politikotzat zeuzkala kurduen aldeko alkateek gobernaturiko udalerriak, nahiz eta gero ez zen gertatu inolako aldaketa formalik Turkiako probintzien parte izateko moduan. Beraz, arazoa areago da batzuek zein besteek aitortzea autogobernu autonomoago bat behar dutela, batik bat probintzia kurduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.