Udal eta foru hauteskundeak. Maider Etxebarria. PSEren Gasteizko alkategaia

«Gobernuan izan edo ez, akordioak egin nahi ditugu alderdi guztiekin»

Pedro Sanchezen efektuak Araban eragina izan duenez, Etxebarriak konfiantzaz begiratzen die udal hauteskundeei. Ziur dago PSEk Gasteizko udalean egindako politikek lagundu egingo dietela.

Gasteiz
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Orain artean eremu pribatuan jardun du lanean Maider Etxebarria PSEren alkategaiak (Gasteiz, 1976). Politikara egingo du salto datozen hauteskundeetan, baina arlo pribatuan ikasitakoarekin: akordioak lortzea beharrezkoa dela zerbait lortzeko.

2015eko udal hauteskundeetan 14.000 boz jaso zenituzten Gasteizen. Espainiako Gorteetarako bozetan, ordea, ia 32.000 hiriburuan bertan. Pedro Sanchez efektua bizi duzue Araban ere?

Bai, inongo dudarik gabe. Hala ere, PSEk ondo kudeatu ditu Arabako erakundeak, eta horrek ere eragina izan du.

Udal hauteskundeetan errepikatuko dira emaitza horiek?

Noski. Errepikatuko diren esperantza daukagu, eta konfiantza dugu 32.000 pertsona horiengan. Dudetan egon direnen boza ere berreskuratu nahi dugu.

Inkestek, ordea, ez zaituztete horren postu onean jarri. Zer eskaintzen die Maider Etxebarriak hautesle horiei?

Hasteko, inkesten inguruan, denetarikoak daude, eta denetariko jendeak eginak. Ni pertsona errealista bat naiz. Ez dut konfiantza jartzen hauteskundeetan eragin nahi duten inkestetan. 32.000 pertsonak bozkatu gaituzte, eta berriz bozka gaitzakete. Eskaintzarekin lotuta, berriz, garbi ikusten da udala kudeatu nahian dabiltzala, baina ezin dituzte proiektuak garatu. Guk, sozialistok, politika garrantzitsuak aurrera eraman ditugu gizarte, kultura eta kirol gaietan.

Marotori alkatetza kenduta abiatu zen legealdia, eta EAJrekin koalizioa osatu zenuten urtebete geroago. Zer balorazio egiten duzu?

Jarrera xenofobo baten aurkakoa izan zen akordio hura. Garbi geratu dadila. Legegintzaldia positiboa izan da. Sozialisten kudeaketari esker aurrekontu handiagoak izan ditugu, eta Marotoren gobernuak bazter batean utzitako kolektiboekiko harremana berreskuratu dugu.

Gobernatzeko formulak balio izan dizuela dirudi. Berriz erabiliko zenukete?

Hautesleek erabakiko dute hori datorren igandean. Ikusiko dugu gero nola gobernatuko den. Nik hiri akordioak sustatu nahi ditut.

PPk bozak irabaziko balitu, bat egingo zenukete hari alkatetza kentzeko akordio batekin?

Eskuetan emaitzak dauzkadanean erantzun ahal izango dut. Oraingoz, hiri akordioak proposatzen ditut. 2015eko akordioaren helburua, dena den, ez zen Maroto kentzea alkatetzatik, baizik Marotoren jarrera xenofobo batzuen aurka egitea.

Epe luzerako hiri akordioak lotu nahi dituzue?

Bai. Alkatea edozein dela ere, aurrera eramango diren akordioak egin nahi ditugu, epe ertain edo luzera begira. Hemendik lau urtera alkatea edozein izanda ere, jarraituko duten proiektuak izan behar dute. Hauteskundeak bukatu ahalaz bat, alderdi guztietako bozeramaileak deituko ditut. Ikusiko dugu gero zein den formula. Garrantzitsuena da alderdi guztiek izatea hitz egiteko eta euren iritzia emateko aukera berbera.

Zeren inguruan egin nahi dituzue akordioak?

Hiru blokeren inguruan: zerbitzu sozialak, mugikortasuna eta inbertsioak, eta ekonomia eta enplegua. Lehenengo puntua da niretzat garrantzitsuena. Politika sozialetan egindako aurrerapausoak ziurtatu nahi ditugu. Mugikortasunean garrantzitsua da nola konektatuko garen Madrilekin eta nolako mugikortasuna nahi dugun hirian. Tranbia bidez bada, hitz egin dezagun guztiok nola kudeatuko dugun hori. Inbertsioei dagokienez, alderdi denek proiektu handiren bat proposatu dutela ikusi dugu. Oraindik ez dugu bideratu eraikita dagoenaren mantentzea, eta beste zerbait eraiki nahi dute.

Zer proposamen duzue ekonomia eta enplegurako?

Batez ere, tokiko garapenerako agentzia bat sortu nahi dugu, aurrekontu propioarekin. Bertan batu nahi ditugu udalaren ordezkariak, enpresariak, sindikatuak eta unibertsitateko adituak. EHUkoei aurkeztu genien proposamena.

Boto gehien biltzen duen zerrenda izanda ere, akordioan legegintzaldi bat aurreikusten al duzu?

Gobernuan izan edo ez, nik beti alderdi guztiekin akordioak egin nahiko ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.