Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Sanchezek azpimarratu du independentzia ez dela posible

PSOEko hautagaiak Gasteizen eta Iruñean ekin dio hauteskunde kanpainari. Pablo Casado PPko hautagaia ere Gasteizen izan da

Pedro Sanchez, Gasteizen, euskal hautagaiak atzean dituela. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Zazpi egun soilik iraungo duen Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina hasi da, eta Pedro Sanchez PSOEko buruak Euskal Herria aukeratu du lehen egunerako. Gasteizen izan da goizean, Idoia Mendiarekin, Isabel Zelaarekin, Odon Elorzarekin eta Patxi Lopezekin batera. Arratsaldean, aldiz, Iruñera joan da.

Arabako hiriburuan, Idoia Mendia PSE-EEko buruak Sanchezen aldeko bozka eskatu du, aniztasunarekin eta euskal autogobernuarekin «konpromisorikhandiena» erakutsi duena dela ziurtatuz. «Euskaldunen aukera gustukoena zara Espainiako presidente izateko», esan dio.

Espainiako jarduneko presidentea, aldiz, Pablo Iglesiasi zuzendu zaio: «Jarraituko al duzu blokeatzen alderdi sozialista buru duela posible den gobernu aurrerakoi bakarra ?», galdetu dio. Gaineratu du dagoeneko lau aldiz «blokeatu» duela Podemosek «gobernu aurrerakoia» edukitzeko aukera. Espainiako arazo politikorik garrantzitsuena iruditzen zaio hori. «Blokeotik botoa emanez ateratzen da, PSOEri botoa emanez». Horri lotuta, independentistei «porrota eta gezurretan aritu izana» aitortzeko eskatu die, «independentzia ez delako posible».

PPrengana zuzentzeko ere baliatu du Gasteizera egindako bisita. Sanchezek ziurtatu du ez dutela PPrekin gobernua osatuko. Gaineratu du alderdi popularraren ametsa dela «ezkertiarrek ez bozkatzea», hori delako «beraien esperantza bakarra Ciudadanosekin edo eskuin muturrarekin gobernatzeko». «Guk esango diegu botoa PSOEri emango diogula, gobernu aurrerakoia eduki nahi dugulako», nabarmendu du.

Arratsaldean, PSNk Iruñean antolatutako mitinean parte hartu du, Maria Txibiterekin, Santos Cerdanekin, Toni Magdalenorekin eta Maite Esporrinekin batera. Bertan ziurtatu du eskuineko alderdiek «amorruz beteta» egiten duten diskurtsoak Nafarroako foru sistemari «kalte» egiten diola. «Foru sistemak ez dio kontra egiten Espainiako herritar guztien berdintasunari», zehaztu du. Horrekin batera, esan du PSN dela Nafarroan foruen alde egiten duen alderdi bakarra.

Espainiari begira, ziurtatu du beraiek direla «gobernatzeko proiektua daukaten bakarrak». Hori erakusteko, hainbat gauza agindu ditu: hezkuntza lege berri bat onartzea, eutanasia eta haginlaria osasun sistema publikoan sartzea eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren legea egitea, besteak beste. Horren trukean, eskaera bat ere egin du: azaroaren 10ean boto bat bera ere etxean ez geratzea. «Hauteskundeen ondoren, Nafarroara Espainiako presidente gisa itzuliko naiz», ziurtatu du Sanchezek.

Casado ere Gasteizen

Pablo Casado PPko zerrendaburua ere Gasteizen izan da, mitin bat emateko, Alfonso Alonso, Bea Fanjul, Mari Carmen Okariz eta Iñigo Arkauz alderdikideekin batera.

Nabarmendu duenez, ez da «kasualitatea» izan kanpaina hasteko Euskal Herria aukeratu izana. «Espainiako Gobernuak askatasuna eskatu behar du, eta zuek bizia arriskuan jarri duzue horretarako», esan die Gasteizen bildutakoei. «Lortu behar duguna da Sanchez ez egotea Bilduren menpe gobernua osatzeko», gaineratu du. Espainiarentzako «alternatiba posible bakarra» bere alderdia dela ere ziurtatu du. «Torrak, Junquerasek eta Otegik Espainia gobernatzea nahi ez duenak PPri soilik eman diezaioke botoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.