Koalizioan aurkeztuko dira Gorroñoren taldea eta EAJ

Egun Gernika-Lumoko alkate eta Bilduko hautetsi dena izango da zerrendaburua.EAk dio zuzen jokatu zuela kanpoan utzita

Oihana Cabello, Busturialdeako Hitza
Gernika-Lumo
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko egungo alkatea eta EAko kidea EAJko hautagaiekin batera aurkeztuko da hauteskundeetan. Jeltzaleen eta Gorroñoren taldearen arteko akordioaren berri emateko atzo eginiko agerraldian, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak azaldu zuen koalizioan aurkeztuko direla maiatzaren 24ko lehian, eta Gorroño izango dela zerrendaburua. Zehaztu zuen, halaber, EAko kidea izan dela jeltzaleei elkarlanean aritzeko eskaintza egin diena, bere alderdiak hura eta bere taldekoak EH Bilduren zerrendatik kanpo utzi ostean. Gernika-Lumon eginiko akordioa, baina, bakana dela argitu zuen Atutxak, eta gezurtatu egin zuen jeltzaleek Bizkaiko beste herri batzuetan antzera jokatzeko asmoa dutela.

Koalizio berriaren izena erabaki gabe dute oraindik, eta zerrenda bateratuari zein egitura eman aztertzen ari dira. Dena den, atzoko agerraldian azaldu zutenez, bat egite horretan zinegotzi gehiago izango lituzke Gorroñoren taldeak EAJk baino. «Gaur egun udalean dauden proportzioan izango dela adostu dugu», argitu du Gorroñok. Egun, hamabi zinegotzi ditu Bilduk, eta, horien artean, zazpi dira EAkoak. EAJk, berriz, bost ditu. BBBko presidenteak, halaber, azpimarratu du Gorroño eta EAJ ohituta daudela elkarrekin aritzera eta funtzionamenduan ez dutela arazorik izango. «Elkarlan hau ez da berria, udal gobernua osatu baitugu aurretik».

Programa politikoari dagokionez, oraindik garatu gabe dutela esan dute Gorroñok eta Atutxak. Hala ere, ikuspuntu komunak dituztela nabarmendu du EAJkoak. Atutxak eta Gorroñok argudio ekonomikoak eta pertsonalak mahaigaineratu dituzte akordioaren oinarriak eta programaren nondik norakoak izan daitezkeenak azaltzeko orduan. «Guk sarritan esan dugu pertsonak direla gure jarduera politikoan garrantzizkoena. Hori dela eta, norbanakokeriak eta alderdikeriak albo batera utzi, eta baiezkoa eman diogu Gernika-Lumoren alde egiteko erronkari», azaldu du Atutxak. Antzera mintzatu da Gorroño: «Alderdiak herritarren esku egon behar duten tresnak dira, ez alderantziz. Pertsonak daude alderdi politiko guztien gainetik». Gernika-Lumoko egungo alkateak espero du aurrerantzean harreman hobeak izatea Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin. Horrek eskualdearen egoera ekonomikoa hobetuko duela uste du.

EAn jarraitzen du

Gorroñok ez du argitu EAn jarraituko duen edo ez, eta alderdiaren zuzendaritzak ere ez du zehaztu erabakirik hartuko duen horren inguruan. Egun Bilduko hautetsi denak esan du bere alderdia beti izan dela EA eta hala dela oraindik ere gaur egun. Alderdiko idazkari nagusi Peio Urizarrek, berriz, aitortu du kolpea izan dela beraientzat Gorroñok jeltzaleekin akordioa egin izana, baina azpimarratu du horrek erakusten duela EAren erabakia zuzena izan zela; alegia, egoki jokatu zutela Gorroño EH Bilduren zerrendatik kanpo utzita. «Agerian geratu da ez zuela bat egiten nazio mailako irizpideekin», azpimarratu du Urizarrek.

Sortuko presidente eta EH Bildu koalizioko kide Hasier Arraizen esanetan, berriz, gertaturikoak argi uzten du «Gorroño, guztiaren gainetik, gorroñozalea dela». Zehaztu du azken hiru hauteskundeetan hiru sigla politiko desberdinen izenean aurkeztu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.