«Ate birakarien adibide argia» irizten diote Cabieces auziari herri akusazioa osatzen duten sindikatu eta elkarteek. Horregatik, pozik agertu dira Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua epaituko dituztela jakindakoan, eta iragarri dute aurrera egingo dutela eta akusazio idazkia aurkezteko asmoa dutela, akusatu bakoitzari zer egotziko dioten eta nolako zigorra eskatuko duten oraindik zehazterik ez badute ere.
«Bankari eta enpresaburuek politika publikoak erabakitzen dituzte», esan du Ana Perezek herri akusazioaren izenean; «eta gero, erabakiak hartzen dituztenak beren enpresetan jartzen dituzte». Auzi honi dagokionez, Kutxabanken pribatizazioaren erabakia hartu zuten alderdiak, hots, EAJ, PSE-EE eta PP egin dituzte gertatutakoaren erantzule, Cabiecesi egindako «mesedea» alderdi horiek «euskal kutxak kapital pribatuari saltzeagatik» lorturiko «beste abantaila bat» delakoan.
Bilboko 4. Instrukzio Auzitegiak ahozko epaiketa egiteko plazaratutako ebazpena txalotu dute herri akusazioa osatzen duten eragileek, eta ebazpen horretako zenbait pasarte nabarmendu dituzte. Idazkian, epaileak adierazi du ez zela egon «kontratu agiririk edo borondateen akordiorik kontratazio zehatz baten inguruan, ezta zerbitzu profesional zehazturik ere» Cabiecesen eta Kutxabanken edo Rafael Alkortaren bulegoaren artean.
Aurkeztu izana, «egoki»
LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformek eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatzen dute herri akusazioa. Akusazio horren abokatu Jone Goirizelaiak esan du epailearen idazkiak frogatzen duela sindikatu eta elkarte horiek akusazio gisa aurkeztu izanaren egokitasuna: «Idazkian, guk aurkezturiko froga ugari eta guk proposaturiko hainbat lekukoren adierazpenak jasotzen ditu epaileak», erantsi du.
Orain, hamar eguneko epea dute akusazio idazkia aurkezteko. Goirizelaiak ziurtatu du aurkeztu egingo dutela idazki hori, baina erantsi du goiz dela esan ahal izateko akusatu bakoitzari zer-nolako zigorra eskatuko dioten. Hori bai, ziurtatu du akusazioak Cabieces, Fernandez eta Alkortaren kontra aurkeztuko dituztela, eta leporatzen dizkieten delituen larritasuna ikusita «zalantzarik gabe» espetxe zigorra eskatuko dutela, zenbatekoa izango den aurrerago zehaztuko duten arren.
'Cabieces auziko' herri akusazioak aurrera egingo du
Akusazio idazkia aurkezteko asmoa dutela iragarri dute.Herri akusazioko eragileek uste dute auzia «ate birakarien adibide argia» dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu