Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Gasteiz «merezi duen udalerri bat» izateko lan egingo du Viterok

EH Bildukoak «modu partekatuan» adostu nahi ditu herritarren bizi kalitatea hobetzeko neurriak
Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroiabe eta Unai Fernandez de Betoño, atzo, Gasteizen.
Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroiabe eta Unai Fernandez de Betoño, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko maiatzak 24 - Gasteiz

Gasteizko EH Bilduren programan berrehundik gora neurri daude jasota. Eskala handiko eta txikiko erronkei aurre egiteko proposamenak bildu ditu koalizioak dokumentuan: demografia eta zaintza esparrukoak, klima larrialdiari eta trantsizio ekologikoari lotutakoak, eta etxebizitzaren, joan-etorrien, industriaren, zerbitzuen eta kulturaren alorrekoak, besteak beste. Rocio Vitero alkategaiak atzo azaldu zuenez, «gasteiztar guztien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko» neurriak jaso dituzte programan, eta Gasteiz «bizitzeko toki» bat baino gehiago izatea dute helburu: «Gasteiz ez da bizitzeko leku soila, merezi duen udalerri bat baizik». Xede horri helduta lan egingo duela hitzeman zuen Viterok. «Gure auzokideei hobeto bizitzeko modua emango dieten proiektu eta politika publikoak abiatuko ditugu».

EH Bilduk hiri ereduari buruzko proposamenak aurkezteko ekitaldia egin zuen goizean, Gasteizen. Hainbat zerrendakide eta Eva Lopez de Arroiabe ahaldungai nagusia ondoan zituela eman zituen azalpenak Viterok. Esplikatu zuen EH Bilduk «bizitzeko hiri bizi eta plurala» defendatzen duela, «lehen eta bigarren mailako» auzorik eta auzokiderik gabekoa, eta zerbitzu eta eskubide «gehiago eta hobeak» dituena.

Gasteizko alkate aukeratzen badute iparrorratz argi batekin lan egingo duela azaldu zuen: hirian bizi diren guztien bizi kalitatea hobetzeko, hain zuzen. Helburu hori «modu partekatuan» lortu nahi du, gainera: «Erakundearen ateak ireki nahi dizkiegu hobetzeko ideiak eta proposamenak dituen ororen parte hartzeari eta ekarpenei». Izan ere, Gasteizko alkategaiaren iritziz, jendeari arreta jartzea ez da «ahultasunaren» seinale, «partekatutako» hiri proiektu baterako oinarri baizik.

Erronkei, soluzioak

Erronka demografikoari, klima larrialdiari eta zaintzari erreparatzea premiazkotzat jo zuen Viterok. Azpimarratu zuen erronka horiek politika «integralak eta zeharkakoak» behar dituztela, eta udalen ardura ere badela horiek martxan jartzea. Besteak beste, jakinarazi zuen San Prudentzio eta Ariznabarra zahar etxeak eraberrituko dituela adinekoen arreta «duina, kalitatezkoa eta publikoa» izatea bermatzeko. Horrez gain, iragarri zuen Olarizun eta Alde Zaharrean osasun zentro berriak bultzatuko dituztela, auzoak eraberritu nahi dituztela Santsomendi auzotik hasita, eta udal etxebizitzen parke bat sortzeko asmoa dutela.

Mugikortasunari dagokionez, EH Bilduk bi proiektu estrategiko dituela gogoratu zuen. Batetik, Altsasu (Nafarroa) eta Miranda de Ebro (Burgos, Espainia) lotzen dituen aldiriko trenaren aldeko apustua egin zuen. Bestetik, hiri barneko joan-etorriei begira, Zabalgana eta Salburua auzoetan trenbidea lurperatzea eta han bi geltoki berri sortzea proposatu zuen.

Era berean, hitzeman zuen industrialdeetarako joan-etorrietarako plan bat abiaraziko duela, eta bizikleta eta oinezkoentzako gune «seguruak» lortzeko inbertsio plan bat eta ordenantza bat onartu.

Kulturari ere so egingo dio Viterok datozen lau urteetan, eta bi proiektu lehenetsiko ditu. Batetik, indartu egingo du Oihaneder kultur zentro gisa. Oihaneder Sortegia izena izango du proiektuak, kultur sorkuntzako gune gisa funtzionatuko du, eta «diziplina anitzeko sorkuntza eta produkzio gune malgu, ireki eta parte hartzailea» izango da. Bestetik, Iradier Arena gune eszeniko «handi» bihurtzeko lan egingo du datorren agintaldian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza, Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, aurtengo otsailean, Fernando Buesaren eta Jorge Diezen hilketaren urteurren ekitaldian, Gasteizen. ©DAVID AGUILAR / EFE

EAJk eta PSE-EEk «gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek koalizio gobernuak eratzen lagunduko dute foru aldundi eta udal guztietan. Itunak ez du aipatzen instituzio jakinik, eta ez du argitzen zer jarrera hartuko duten PPren babesa behar dutenean
<em>Egunkaria</em>-ren itxieraren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldia, Madrilgo La Maliciosa ateneoan. ©J. DANAE / FOKU

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki, Berriemaile berezia

Zenbait gizarte mugimenduk 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera oroitzeko ekitaldi bat antolatu dute Madrilen. Javier Gomez Bermudez, auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua, solasean aritu da Martxelo Otamendirekin, 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiarekin. Epaileak nabarmendu du «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela 'Egunkaria' ixtea.

PSN prest agertu da Koldo Martinezen hautagaitza babesteko Iruñean

Jon O. Urain

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuineko gobernu bat eragozteko». Martinezek «lau indar aurrerakoien» arteko ituna nahi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...