Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuko buruak postua uztea erabaki du

Iñigo Barrusok Jaurlaritzak Iralerekin eta euskal girotze barnetegiekin egindako kudeaketa kritikatu du, eta kaleratzeak salatu ditu

Iraleko eta euskal girotze barnetegietako langileak, protesta batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Funtsean, ez nago inolaz ere ados Hezkuntza Sailak euskara zerbitzuaren inguruan hartu dituen erabakiekin». Horrela azaldu zion Iñigo Barruso Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuko buru ohiak atzo bere postua utzi izanaren arrazoia BERRIAri. Jakinarazi berri du datorren ikasturtean ez duela jarraituko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuaren buru izaten: «Erabaki dut ez dudala nik kudeatuko beste batzuek egindako kaltea».

Euskara zerbitzuan langile gutxiago izango dituztela salatu du Barrusok: «Langileen heren bat kalean dago, eta, horrela, ezin zaie inolaz ere aurre egin euskara zerbitzuak dauzkan helburuei eta zereginei». Haren hitzetan, «irizpide ekonomikoek» agindu dute, eta jendea kalera bota dute.

Irale eta euskal girotze barnetegiak izan ditu hizpide Barrusok.BERRIAk aurreratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu irakastorduetan Iralek irakasleei ematen zizkien euskara ikastaroak eta euskal girotze barnetegiak. Ikasleak martxotik eskolara joan gabe daudenez, euskaran «galera» izango dutela espero du Barrusok, eta azpimarratu du hori «arintzeko» proposamenak egin dituztela, baina «ezezko borobila» jaso dutela Hezkuntza Sailetik.

Informazio falta ere salatu du Barrusok: «Guri inork ez digu inolako informaziorik eman». Nabarmendu du oraindik ez dietela esan zergatik langileak «arinkeriaz» bota dituzten, «inolako irizpiderik gabe». Gainera, azaldu du hori ez dela modu orekatuan egin: «Gasteizko irakastegian, adibidez, lau pertsona geratuko dira hamahirutik». Haren hitzetan, euskal girotze barnetegiek ere «mila modu» aurkeztu dituzte lo egitera joan beharrik gabe antola daitezen, baina denei ezetz esan diete. «Bihar itxiko dituzte», ohartarazi du.

Euskara zerbitzua, kexu

Euskara zerbitzuko atal guztietako langileek sinatutako testu bat ere kaleratu dute. Azaldu dutenez, zerbitzu hori sortu zenetik, hainbat programa eta egitasmo sustatu eta bultzatu ditu irakasleen euskara maila hobetzeko, haurren euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko eta sendotzeko... Orain, ordea, bi programa —Irale eta euskal girotze barnetegiak— «kolokan» jarri dituztela salatu dute. Euren iritziz, «profesionaltasun handia eta ordezkaezina» dago batean zein bestean: «Berau baliatu ez ezik, indartu ere egin beharko litzateke, erronka berriei aurre egin ahal izateko».

Oharrean nabarmendu dute Iralek nahiz euskal girotze barnetegiek proposamenak egin dituztela; Hezkuntza Sailetik, berriz, «bata bestearen atzetik» ezezkoak baino ez dituztela jaso azpimarratu dute, eta horrek eragin dezakeen kalteaz ohartarazi: «Horrela ez dugu euskara ardatz duen hezkuntza sistemarik lortuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.