Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Porrotak

2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Margotzen ari zen lanaren aurrean Zumeta pintoreak ziostan koadro perfekturik ez dagoela, eta koadro denak direla porrot baten adierazle. Horrela begiratuta, bizitza ez ote da porrot bat? Zenbat bankarrot paira lezake gure arimak?

Kiebrak jota dagoen hizkuntza baten hiztunak ote gara? Demagun, Stephen Hawking fisikaria erratuta dagoela, eta ehun urte barru oraindik ere Lurrean zer bizi izango dugula. Euskarak iraungo ote du? Hizkuntza hegemoniko batekoak bagina, galdera hau egingo genuke? Harkaitz Canok Izozteko adina kontakizunean zioen bezala, Bilbatua hizkuntza hitz egingo ote da, hots, euskara eta ingelesaren arteko hibridoa? Donostia 2016-k Anjel Lertxundiri emandako Karta Zuriaren karira joan den abenduan solasaldiak antolatu ziren Donostiako Aquariumen. Horietan, hizkuntza hegemonikoetako idazle eta itzultzaileei hizkuntza ez-hegemonikoen larruan sartzeko eskatu zitzaien. Miguel Saenz itzultzaile espainiarrak segurutzat jotzen zuen euskal kultura ez dela hilko. Itzulpengintzari esker, eta bereziki, espainierara egindako itzulpenei esker biziko dela dio DEMAGUN EHUN URTE BARRU kaleratu berri den liburuan. Segurtasun hori soilik izan liteke hizkuntza hegemoniko batean bizirik. Alegia, lurralde hartan ez dagoela porrotik. Gu gara porrota, inperfekzioa. Gauzak gaizki egiten ari direla esaten zuen Koro Navarro itzultzaileak, kalitateari begiratua eman eta mailarik ez dela ematen. Inperfekzioa eta erdipurdikeria artean, unibertso oso bat dago. Margolan eder baten eta zirriborro ziztrin baten artean dagoen moduan. Nicanor Parrak badu etsipenaren aurrean oxigeno apurra eman diezagukeen poema. Iraganaren eta orainaren iheskortasunaren aurrean topa egiten du etorkizunagatik, sekula heltzen ez den egun horregatik, baina zinez, soilik daukagun horregatik egiten du topa. Nik ere egin nahi dut topa; inperfekzioagatik, porrotagatik, finean, bizitzagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.