Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Irun. Ezinbesteko geralekua

Inkestek dinamika aldaketa bat iragarri dute Irunen, nahiz eta PSE-EEk eskura izan garaipena. Halaber, plaza garrantzitsua da foru bozei begira ere, eta hala ikusi da kanpainan.

Jose Antonio Santano, duela lau urte, Irungo aginte makila jaso berritan. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Azken agintaldietan, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak izan dira ohikoenak bien artean gehiengo osora iritsi diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan. Halere, bestelakoak ere ikusi dira, batez ere zerrenda bozkatuena izateko lehia bien artekoa izan den eremuetan. Rara avis horietako bat da Irungo Udala; sozialistek Elkarrekin Podemosekin batera osatu zuten udal gobernua. Era berean, baina, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetan ere pisu handia du, Irun baita lurraldeko udalerririk populatuenetan bigarrena, eta, beraz, alderdien ezinbesteko geralekua kanpainan.

EITB Focusen ostiraleko inkestaren arabera, Jose Antonio Santano sozialistak arazo handirik gabe eutsiko lioke Irungo alkatetzari, nahiz eta zinegotzi bat edo bi galdu bidean (8-9). Halere, orain arte baino beharrezkoagoa izan daiteke akordioei bidea irekitzea, inkesta beraren arabera Elkarrekin Podemos koaliziokideak ere hautetsi bat galdu baitezake (3-4), eta, ondorioz, posible da bien arteko baturak gehiengo osorik ez izatea. Txanponaren beste aldean, EAJren eta EH Bilduren aurreikuspenak daude:litekeena da jeltzaleek zinegotzi bat irabaztea (7-8), eta EH Bilduk bi (5). Azken eserlekua, berriz, PPk izango luke, inkestaren arabera.

Hala, batzuen eusteko beharrak eta besteen gorako pronostikoek kanpainaren erdigunean kokatu dute Irun. Baina ez soilik udal politikagintzari dagokionez, baita Gipuzkoako Batzar Nagusien osaeran duen garrantziagatik ere; gipuzkoarren %8,3 han bizi dira, eta 2019ko bozek erakutsi zuten afera bat dela udala eta beste bat aldundia. Izan ere, jeltzaleak izan ziren lehen indarra foru bozetan, udal hauteskundeetan baino ia 1.500 boto gehiago eskuratuta: hain justu, PSE-EEk hauteskunde batetik bestera galdutako babes ia bera.

Hala, Gipuzkoan A ala B, EAJ ala EH Bildu, hautatu beharra nabarmendu zuten jeltzaleek herenegun Irunen egindako ekitaldian. «Bata da agintekeriarena, atez atekoarena, inposaketarena, Bildurena; eta bestea da herritarrei entzutearena, herrigintza kolaboratiboarena eta erakundeen arteko lankidetzarena, EAJren eredua», adierazi zuen EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek.

Plaza hari garrantzi berezia eman dio, baina, EH Bilduk ere. Koalizioak Ficoban ekin zion hauteskunde kanpainari, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungaia eta Oihana Briones Irungo alkategaia taula gainean zirela, besteak beste. Orduan, gerora errepikatu duen bezala, Iriartek adierazi zuen «esku-eskura» dutela Gipuzkoan bozak irabazteko aukera.

Hori lortzeko, erronken artean du EH Bilduk hain errotuta ez dagoen eremuetan indarrak pilatzea, eta horietako bat da Irun. Izan ere, laugarren indarra izan zen 2019ko udal eta foru bozetan zein Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Ordutik, baina, urrats bat aurrera egin du, eta 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan talde bozkatuenetan hirugarrena izan zen; iganderako inkestek leku bera ematen diote.

EH Bilduk Irunen lor dezakeena, baina, ez da Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehiara mugatzen. Inkestei erreparatuta, litekeena da koalizioak rol garrantzitsuago bat hartzea udalean ere, bai behintzat PSE-EEk Elkarrekin Podemosekin duen koalizio gobernua berrestea erabakitzen badu. Kasu horretan, subiranisten botoak beharrezko izan ditzakete gehiengoak eskuratzeko.

Ez litzateke lehen aldia izango. EAJren haserrerako, azken legealdiaren hasieran, Santanok EH Bildurekin adostu zituen aurrekontuak, nahiz eta gerora «mahai gainean» jarri ez EH Bildu koalizio gobernura batzeko aukera.

Izan ere, larunbatean Irunen egindako ibilaldian, Santanok eta Jose Ignacio Asensiok EAJ izan zuten hizpide, alderdi hari txarretsita Madrilek Etxebizitza Legearen, lan erreformaren eta fortuna handiak zergapetzearen kontra egin izana. Biek ere «nazionalisten» eta sozialisten ereduen artean bigarrenen alde egin beharra nabarmendu zuten.

«Atzerapenak»

Elkarrekin Podemosi dagokionez, koalizioak Bidasoa-Oiartzun hauteskunde barrutian pilatu zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietarako 2019ko bozetan jasotako botoen laurdenak baino gehiago; botoa eman zuten gipuzkoarren %19,4 ziren barruti hartakoak. Hala, Miren Etxebeste Gipuzkoako ahaldungaiak presente izan du eskualdea kanpaina abiatu zenetik. Hala nola Irunek, Hondarribiak eta Pasaiak «inbertsioetan dituzten atzerapenak» salatu ditu, eta salatu egun «bi abiadurako» lurralde bat garatzen ari direla aldundian.

Ildo berari eutsi zioten larunbatean ere, Irungo ekitaldian. Etxebesterekin izan ziren David Nuño alkategaia, eta Pilar Garrido eta Rafa Mayoral Espainiako Kongresuko diputatuak. Batak zein besteek nabarmendu zuten koalizioak sozialistak mugiarazteko duen gaitasuna; izan Irungo Udalean zein Espainiako Gobernuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.