Koronabirusa

Gutxieneko tartea zaindu beharrean

Jendaurrean diharduten langileek babes neurri ugari hartu dituzte. Oro har, bezero kopurua urritu dela sumatu dute: «Kontzientzia badago».

Saltzaile bat, maskara jarria duela, Donostiako San Martin merkataritza guneko kioskoan. JON URBE / FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Espainiako Gobernuak alarma egoeraren ezaugarriak zehazteko dekretua eman eta gero, lehen lan eguna izan zen atzokoa Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrentzat. Kale hutsak izan ziren igandeko irudi nagusia, baina, atzo, lantokietara itzultzeko tenorea izan zen askorentzat. Hainbat enpresatan telelana lehenetsi dute, baina, bezeroekin aurrez aurre egon behar izan zuten sektore ugaritako beharginen kasuan, ezinbestekoa izan zen segurtasun neurri batzuk hartzea.

Beñat Goenagak aseguru artekaritza batean egiten du lan, Tolosan (Gipuzkoa), eta haren lantokian neurriak hartu dituzte. Kaleko mailan dute bulegoa, eta ateak itxita ari dira lanean; telefono eta posta elektroniko bidez egiten diete arreta bezeroei: «Lanean gaude, baina lankideon artean hiruzpalau metroko distantzia gordeta». Goizez hasi ziren horrela, baina arratsaldean ez ziren lantokian geratu; larrialdiei baino ez zieten erantzun, laneko telefonoa pertsonalera bideratuta. Haatik, horixe zen mugimendu askatasuna mugatzen duen dekretua indarrean sartu ondotik sortu den zalantzetako bat: zenbateraino den eskari bakoitza urgentzia bat, gremioak premiaz bidaltzeko edo ez. Funtzionamendu berrira egokitzea dagokie orain, eta, egokitze horretan, Goenagak azaldu du jarduera «dezente» murriztu zaiela lehen orduetan: «Aurrera egin ahala ikusiko dugu egoera hau normaltzen den».

Herritar gutxi joan dira Iruñeko Maria Jose Iragiren farmaziara ere; ohiko botikak behar dituztenen joan-etorriak izan dira nagusi —50 urtetik gorakoak gehienak—, Ainhoa Jimenez botikariak BERRIA-ri azaldu dionez: «Jada ez dator jendea eskuak garbitzeko gelaz eta maskarez galdezka, joan den astean zetorren bezala; badakite horrelakorik ez dela geratzen». Ez alferrik; Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak eskatu du farmazietara soilik beharrezkoak dituzten sendagai eta osasun produktuak erostera joateko, eta ez erosteko gelak eta maskarak. Iruñeko botikan ari dira segurtasun neurriak hartzen, farmazialariak eta bertara joandako bezeroak ez daitezen kutsatu: «Mostradorea lixibaz garbitzen ari gara; kartel bat jarri dugu sarrerako atean...». Bestelako neurririk ez dute hartu oraingoz, halere: bezeroek eskudirutan ordain dezakete, esaterako, eta ohiko ordutegian ari dira.

Andoaingo Eladio harategiko Eladio Sanchezek, berriz, nabarmendu du ostiralean eta larunbatean ohi baino bezero gehiago sumatu zituela. «Jendeak galdetzen zidan ea datozen egunetan haragia izango zen. Batez ere adineko jendeak». Hiltegian ere ohi baino mugimendu handiagoa egon zen. Atzo, ordea, «bareago». «Jendea konturatu da oraingoz jakiekin ez dela arazorik. Gaur oilaskoa amaitzen bada ere, biharko berriro ekarriko dudala. Eta alde horretatik lasaiago daude».

Supermerkatuak, beteago

Testuinguru horretan, supermerkatuak eta elikagaiak saltzen dituzten dendak bilakatu dira bereziki jendea pilatzeko guneak. Eroskiko saltokietan, eskularruak erabiltzeaz eta eskuak garbitzeaz gain, aparteko neurriak hartzen ari dira produktuak ordaintzerakoan, eta saltokietarako sarbidea mugatzen ari dira denda bakoitzaren tamainaren arabera, bezeroen arteko eta haien eta langileen arteko gutxieneko distantzia bermatu ahal izateko. Mercadonak ere hainbat gomendio eman ditu: erosketak egitera bakarka joatea; ordutegi osoa baliatzea eta ez joatea ireki bezain azkar; arin erostea... Gainera, gogora ekarri du produktuen hornidura bermatuta dagoela eta, beraz, ez dela beharrezkoa behar baino elikagai gehiago erostea. Gainera, erabaki du saltokietarako sarbidea mugatzea, bermatzeko gutxienez metro bateko distantzia dagoela bezeroen artean.

Halere, ohar egin du ELAk: «Segurtasun neurriak betetzen ez dituzten eta langileak babesgabe uzten dituzten elikagaien dendak eta kateak ixtea» nahi du sindikatuak: «Ez du ezertarako balio pertsonak etxera bidaltzea, jende gehien dagoen lekuetan neurri horiek betetzen ez badira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.