Koronabirusa. Ibilgailuen azterketa teknikoa

Luzatutako epeek arindutako ilarak

Ibilgailuen azterketa teknikorako Hegoaldeko estazioak irekita daude lehengo astetik. Pilaketak saiheste aldera, BOEen gai horretaz argitaratutako azken aginduak planteatzen du itxialdian iraungitako baimenak modu mailakatuan berritzea.

Bergarako (Gipuzkoa) IAT estazioko behargin bat ibilgailu bati azterketa egiten, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
Igor Susaeta.
Bergara
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Behargin guztiek eta erabiltzaile askok jantzita daramatzaten maskarengatik ez balitz, edonork esango zuen konfinamenduaren aurreko egun arrunt batean bezala ari zirela atzo lanean IAT ibilgailuen azterketa teknikorako Bergarako (Gipuzkoa) estazioan. «Ea! Klaxona jo!». «Mugitu gurpilak!». «Bete-betean azeleratu!». Brunnn!

Martxo erdialdean Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik maiatzaren 11n Hego Euskal Herrian berriro azterketak egitea ahalbidetu zuten arte, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 200.000 bat ibilgailuri iraungi zitzaien azterketa teknikoaren txartela. BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak joan den apirilaren 6an kaleratutakoaren arabera, alarma egoera bukatutakoan —ekaineko laugarren asterako dago aurreikusita— ibilgailuen jabeek hilabete bateko epea izango zuten txartela berritzeko. Baina, joan den larunbatean BOEn argitaratutakoa aintzat hartuta, epeak luzatu egingo dira iraungitze dataren arabera, eta baimena modu mailakatuan berritzea proposatu dute.

Hegoaldean hemeretzi estazio daude, eta Urnietakoaren eta Irungoaren (Gipuzkoa) zuzendari Alfonso Artola «baldintzez» kexatu zen hilaren 11n, estazioak berriro ireki zituztenean: batean 12.000 dei jaso zituen lehen egunean, eta bestean, 36.000. Atzo, Bergaran, 10:00ak eta 11:00ak artean gutxienez ez zen pilaketarik gertatu. Lau lerro ditu, eta noizbait hamar bat ibilgailu egon ziren, gehienez, txanda noiz iritsiko zain. «Modu mailakatuan egin ahal izateak erraztuko du pilaketarik ez gertatzea», adierazi du Fernando Legaz Bergarako zentroko buruak.

Onartu du, hori bai, joan den astean telefonoak «kolapsatu» egin zitzaizkiela. «Alarma egoera ezarri arte, gehienek telefonoz egiten zuten hitzordua». Aurrez aurre —hiru behargin daude harreran lanean— eta Internet bidez ere har liteke txanda, eta, Legazen esanetan, hitzordua molde digitalaren bidez egin dutenen kopurua nabarmen ugaritu zen lehengo astean.

Angel Aranberri mutrikuarra izan da horietako bat, hain zuzen «inondik ere» ezin izan baitzuen txanda telefonoz hartu. Atzo, azterketa bukatutakoan, zehaztu zuen apirilaren 19an iraungitzen zitzaiola txartela. BOEk larunbatean argitaratutakoa kontuan hartuta, ordea, alarma egoera bukatu ondoren 30 egun gehi hamabost eguneko sei aldi edukiko lituzke azterketa egiteko. Hau da, sei bat hilabeteko epea. Aldizkariak zehazten duenez, martxoaren 14a eta 20a bitartean iraungi zitzaienei 30 egun gehi hamabost eguneko aldi bateko epea ematen zaie; eta, martxoaren 21a eta 27a artean iraungi zitzaienei, esaterako, 30 egun eta hamabost eguneko bi aldikoa. Beste adibide bat, prozedura azaltze aldera: iraungitze data maiatzaren 2a eta 8a artean zuenak 30 egun gehi hamabost eguneko zortzi aldi edukiko ditu azterketa egiteko.

Sistema horri esker, bezeroarekiko arreta «hobea» izango delakoan dago Legaz. Bi «ahulgune» ikusten dizkio, halere. Batetik, «zailagoa» izan daitekeela erabiltzeari informazioa helaraztea; eta, bestetik, iraungitze data noiz duen «argi» eduki behar duela gidariak, berritzeko epea noiz amaitzen zaio jakiteko.

Mariasun Larrañaga bergararrari, adibidez, «oso zaila» egiten ari zaio argibideak ulertzea. Txartela datorren ekainaren 20an iraungitzen zaio, baina «badaezpada ere» atzo jo zuen txanda bila. Uztailaren 15erako eman diote. Legazen hitzetan, alarma egoeraren aurretik txanda eskatzen zuenari «hurrengo egunerako, gehienez bi egun geroagorako» ematen zitzaion. «Hilabete bukaerarako ematen ari gara orain». Hau da, lehentasun batzuk daudenez, bizpahiru aste geroagorako.

Beñat Agirreurreta arrasatearra ilaran dago autoarekin, bigarren lerroan sartzeko pronto. «Uste nuen zailagoa izango zela txanda hartzea, eta pentsatzen nuen, gainera, jende gehiago egongo zela ilaran».

Ordutegia luzatu du

Bergarako estazioan «25 bat lagunek» lan egiten dute, zuzendariaren arabera. Azkeneko bi hilabeteetan enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat egin die kudeatzen duen enpresak, Itasuak. Bestalde, maiatzaren 12tik ordutegia luzatu dute: lehen 08:00etatik 20:00etara zegoen irekita, eta orain, berriz, 07:00etatik 21:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.