Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Eskuinari aurre egiteko aukera bakartzat aurkeztu du PSOEk bere burua

Idoia Mendiak nabarmendu du euskal autogobernua babestuko dutela. Unidas Podemos gobernu sozialista eragoztearen erantzuletzat dute
Lopez, Mendia eta Calvo, Bilboko mitinean.
Lopez, Mendia eta Calvo, Bilboko mitinean. PSE-EE

Irati Urdalleta Lete -

2019ko azaroak 7
Hauteskunde kanpaina azken txanpan sartzen ari dela, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde Carmen Calvo Bilbon izan da, mitin bat emateko. Ondoan izan ditu PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia eta Bizkaiko zerrendaburu Patxi Lopez ere. Mendiari beharrezkoa iruditzen zaio gobernu aurrerakoi bat osatzea, «eskuinaren mehatxuei» aurre egiteko. Ados agertu da Lopez ere, eta igandetik aurrera bi aukera egongo direla ziurtatu du: Pedro Sanchez buru duen gobernu sozialista bat edo hiru indar eskuindarrek osatutako gobernua, Santiago Abascal presidenteorde izango duena. «Sozialistek goberna dezakegu, baina EAJk, Bilduk eta Podemosek ez», gaineratu du.

Gobernu sozialista egoteko aukera blokeatu izana kritikatzeko ere baliatu dute Bilboko ekitaldia: «Blokeo horren bidez, eskuinari beste aukera bat ematea eta beren alderdia haustea soilik lortu dute», esan du Lopezek. Calvok gaineratu du «ezkerretik etorritako alderdiek» aitortu behar dutela «ezker minoritarioa» direla, PSOE izan delako beti ezkertiarren gehiengoaren ordezkaria. PPri eta Ciudadanosi ere mintzatu zaizkie: «Noraino iristeko prest daude sozialistak bota eta boterea eskuratzeko?», galdetu du Lopezek.

Kataluniako egoeraz ere aritu dira. «Lurraldetasun krisia guk bakarrik konpondu dezakegu, guk soilik daukagulako ordezkaritza herrialde guztietan», ziurtatu du Calvok. Gainera, azaldu du elkarbizitza lurralde aniztasunean oinarritzen dela. Aldi berean, Mendiak azpimarratu du PSOEk autogobernua babesten duela, eta erantsi du igandeko hauteskundeak euskal autogobernuarentzat ere garrantzitsuak direla.

«Hauteskunde hauetan asko dago jokoan». Hori izan da hiru sozialistek behin eta berriz errepikatu duten esaldia. Lopezek nabarmendu du eskuinak sozialistak etxean geratzea nahi duela. «Hori bi arrazoirengatik egiten dute: badakite haien aldekoek bozkatu egingo dutela eta hiru alderditan banatuta egon arren akordioa lortuko dutela». Eskuinari aurre egiteko, sozialistei bozkatzera joateko eskatu diete. «Gobernu sozialista bat egoteko, Pedro Sanchez presidente izateko eta faxismoari aurre egiteko boto bakarra dago: PSOErena», nabarmendu du Lopezek. Mendiak ere esan du gobernu «aurrerakoia, egonkorra eta koherentea» sozialista izango dela. Calvok herritarren konfiantza eskertu du, eta horrela jarraitzeko eskatu die: «Aurrerakoiak gehiengoa gara estatu honetan, eta igandean ikusiko da».

Goizean, Lasarte-Orian

Arratsaldeko ekitaldi nagusiaren aurretik, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) izan dira Odon Elorza Gipuzkoako zerrendaburua eta Idoia Mendia. Bertan, esan du alderdi sozialistak «segurtasuna eta ziurtasuna» eskaintzen dituela, eta nabarmendu du batzuek «lotsa guztia» galdu dutela: «Lotsarik gabe esaten digute indarrak batuko dituztela, Pedro Sanchezek duela urte eta erdi ireki zuen esperantza aldia amaitzeko». Bi aukera soilik daudelakoan, sozialisten alde egiteko eskatu du Mendiak: «Sanchezek edo PPk, Voxek eta haien lagunek gobernatuko dute». Gainera, ohartarazi du eskuina batzen denean eskubideak, askatasunak eta autogobernua murriztu egiten direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna