Lau biktimen memoriari buruzko lana aurkeztu du gobernuak

joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Baluarte jauregiko aretoa jendez leporaino zegoen atzo arratsaldean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa talde batek German Rodriguez, Jose Luis Cano, Gladys del Estal eta Mikel Zabalzaren kasuen oroimenari buruz egindako lana aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Azterketak hiru angelutatik jorratu du kasu horien memoria: familia eta lagunartearena, gizartearena eta erakundeena. «Nola gogoratu diren kasuok eta nola ez diren oroitu», zehaztu zuen Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak.

Aurkezpenean, Ana Ollok gogora ekarri zuen memoriari buruzko politika berriak jorratzea izan dela Nafarroako Gobernuaren ardatzetako bat, hura sostengatzen duten lau alderdiek hauspotuta. Azpimarratu zuen gogoratzeak balio duela gertaerok ez ahanzteko, «inoiz horrelako zerbait gerta ez dadin». Olloren arabera, gizarteak eta erakundeek aitortu behar dituzte biktimak, «aitormen horretatik erreparatu dadin ahal den guztia».

Aingeru Epalza idazleak gidatu zuen mahai ingurua, eta, Carlos Irujo azterlanaren koordinatzailearekin batera, Jose Luis Canoren anaia Aingeruk, Mikel Zabalzaren arreba Idoiak eta Rafa Aldai Gladys del Estalen lagunak parte hartu zuten bertan. Hiruren kasuak azaldu zituen Epalzak.

«Zer ezkutatzen da egia judizialaren atzean? Hori al da, Fernando Grande Marlaska Barne ministroak dioen bezala, egia bakarra?», galdetu zuen Irujok. Haren esanetan, erakundeek euren irizpide propioak ezartzen dituzte zer gogoratu behar den eta zer ez adierazteko. Hala, frankismotik zetozen memoriaren eskema berberek funtzionatu dute, disidentziaren biktimak ahazteko. Horren aurrean, sendiek zein gizarteak beste memoria bat eraiki dute. «Bi memoria diferente izan dira: bata egiatzat hartua, eta bestea isilarazia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.