Nafarroako udal maparen erreforma

Aspalditik atzeratu den erreforma

Beti gerorako utzi den auzia da Nafarroako udal maparen erreforma. Egungo gobernuak gaiari heldu dio. Udalekin batera behetik gora egindako prozesua amaitu ostean, azkeneko proposamena aurkeztu du.

joxerra senar
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroan, alderdi guztiek dakite berritu egin behar dela udal egitura, baina, eztabaida politikoaren sakonera sartzean, oztopoak azaleratzen dira. XIX. mendetik datorren egitura lurraldean zein gizartean errotu da, baina garai berrietara egokitu beharra du, era berean. Trantsizio garaian ere oso argi zuten udal antolamendua zaharkituta zegoela. 1990ean, legebiltzarrak tokiko administrazioaren foru legea onartu zuen, eta, lehen pauso hura eman arren, hor amaitu zen dena. Duela bi legealdi, Nafarroako Parlamentuak hurrengo gobernuari agindu zion udal mapa berria osatu behar zela, baina kale egin zuten aurreko legealdian, PSNk lehenik eta UPNk gero. Egungo gobernuak arrakasta izan nahi du besteek kale egin zuten tokian; aspaldidanik atzeratu den erreforma hau aurrera ateratzea du helburu.

UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernua bi aldiz ahalegindu zen. Roberto Jimenez lehendakariordearen egitasmo kuttuna zen hura, baina, 2012an, Yolanda Barcinak agintari sozialista gobernutik kanporatu zuenez, porrot egin zuen. Gerora, Javier Esparza orduko kontseilariak bultzatu zuen erreforma, baina hainbat udalek gogor kritikatu zuten: goitik behera egitea eta udalen iritzia aintzat ez hartzea egotzi zioten. Kritikei muzin eginda, Esparzak aurrera jo zuen; parlamentuan horretarako batzorde berezia lanean ari zenean, Idoia Nievesen krisia lehertu zen. Bertan behera geratu zen egitasmoa.

Horregatik, gaur egungo gobernuak beste bide bat hartu du. 2015eko udan, udal maparen legea jasota zetorren lau alderdiek hitzartutako akordio programatikoan. Hala ere, helburu hori gauzatu eta legeari edukia emateko orduan, alderdiek albo batera egin dute, eta gobernuari zein udalei eman diete protagonismoa. Bien eskuetan utzi dute egitasmoaren muina. Isabel Elizalderen departamentuak —Landa Garapen eta Tokiko administrazioak— hartu du ekinbide politikoa, baina azken bi urteotan hasierako proposamena malgutuz eta aldatuz joan da. Behetik gora.

117 ekarpen guztira

Bi urtez Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko bazkideekin negoziatu ostean, prozesua amaierara iristear da. Guztira, udalek zein herritarrek 117 alegazio eta ekarpen egin dituzte, eta gobernuak batzuk aintzat hartu ditu bere azken proposamenean. Hartara, udaletako hautetsiek azken testu hori eztabaidatuko dute ekainaren 22an, federazioak antolatu duen batzarrean.

Zirt edo zart; bozketa horren menpe dago erreforma. Ezezkoak irabaziko balu, aldaketa sine die atzeratuko litzateke beste behin. Baiezkoak irabazten badu, ia urtebete geratuko zaio parlamentuari. Lehenik eta behin, sanferminen aurretik, gobernuak lege proiektua onartuko du, eta proposamena parlamentura igorriko. Udako etenaldiaren ostean, parlamentuaren txanda helduko da. Printzipioz, gehiengoa alde du laukoak, eta martxorako onartu beharko lukete, legebiltzarra behin betiko itxi aurretik. Bozak ate joka izango dira ordurako.

Gaur egun, 272 udalerri eta 346 kontzeju daude Nafarroan, eta lurraldeko udal administrazioaren oinarria osatzen dute. Garai batean, PSNk kontzejuak kentzea proposatu zuen, eta UPNk, udalen arteko bat-egiteak sustatzea. Egungo proposamenak bi egiturei eutsi egingo die. Gobernuaren ustez, kontzejuak «lurraldeari gehien lotuta dauden» erakunde administratiboak dira. «Herritartasun instituzionalizatua» ordezkatzen duten heinean, figura interesgarria dela deritzote. Hala ere, desegin egingo dira bi hauteskunde prozesutan hautagairik ez bada edo ehun biztanletik beherako kasuetan.

Bestetik, erreformak udaletako idazkarien eta kontu hartzaileen auziari heldu nahi dio. 1990ean, tokiko administrazioaren legeak aurreikusi zuen postu horien inguruko lege bat garatu behar zela, baina 28 urteotan ez da ezer egin, eta, ondorioz, ez da lehiaketa inongo publikora deitu. Nafarroako idazkari gehienak behin-behineko egoeran daude. Erreformak haien egoera pertsonalari eta funtzio publikoan aukeren berdintasuna bermatzeko betebeharrari heldu dio: 1.500 biztanletik gorako udalek idazkaria izateko betebeharra izango dute, eta lehiaketa bidez aukeratuko dira.

Hamabi eskualde

Hala ere, aldaketarik handiena udalez gaindiko erakundeetan etorriko da. Egun, ehun erakunde inguruk osatzen dute mankomunitate sarea, eta gobernuak hori dena hamabi eskualdeetan biltzea proposatu du —ikus goiko mapa—. Eskualdeen banaketa honetan, hasierako proposamena malgutuz joan da, bai kopuruan, bai antolamenduan.

Dena den, auzirik zailena eskumenei zein finantzaketari buruzkoa da. Gaur egun, hainbat udalek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzten arren, legeak zehaztu behar du ea udal edo foru administrazioari dagokion jarduerok kudeatzea. Horren arabera, gobernuak urtero udalen artean gastu arrunta finantzatzeko banatzen duen diruari ere egingo dio aipamena. Baliteke auzi honek talka politikoa eragitea parlamentuan. Baldin eta lege proiektua azkenik legebiltzarrera iristen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.