Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Berdintasuna. Bazterretik erdigunera

Laukoak zeharo aldatu ditu berdintasun politikak: lege berria onartu, diru laguntzak berrezarri, eta etendako harremana berreskuratu dute talde feministekin.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina Iruñeko alkate zelarik, Diego Yllanes medikuak Nagore Laffage hil zuen, 2008ko sanferminetan. Festak amaituta, baina, jaien «balorazio oso positiboa» egin zuen Barcinak. Xehe-xehe azaldu zuen zenbat bisitari jaso zituen hiriburuak, zenbateraino bete ziren hotelak, zenbat kontzertu eman zituzten, zenbat lagun zauritu ziren entzierroetan, eta zenbat tona zabor jaso zituzten garbitzaileek. Hilketa matxistari buruz, ordea, xehetasunik ez. Aipamen bakarra egin zuen alkateak, agerraldiaren bukaeran eta kazetarien galderei erantzunez: «Nagore Laffage eta Aidan Holly gazteen heriotza deitoratzen dugu». Istripu batean hil zen Aidan Holly irlandarra, Iruñeko harresietatik behera erorita. Laffagerena hilketa matxista izan zenik ere ez zuen aipatu Barcinak.

2008ko sanferminena ez zen salbuespena izan; aitzitik, agerraldi hark UPNk genero indarkeriaren aurrean zeukan jarrera islatu besterik ez zuen egin. Erakunde publiko guztietara hedatu zuen irizpide hori, gainera. Nafarroako Gobernuan, esaterako, ez zegoen berdintasun politikak kudeatzeko erakunde autonomorik, eta mugimendu feministarekiko harremana etenda zegoen erabat. Gainera, UPNren gobernuak ezerezean utzi zituen elkarteentzako diru laguntzak 2012tik aurrera. Desegindako sare hori guztiori berriz josten saiatu da laukoa legealdi honetan; bai udaletan, baita Nafarroako Gobernuan ere. Bitartean, mugimendu feministak indar handia hartu du kalean, eta Nafarroako erakunde publikoek babesa adierazi diote deialdi guztietan; besteak beste, Martxoaren 8ko manifestazioetan edota Iruñeko sanferminetako talde bortxaketaren epaiaren aurkako mobilizazio jendetsuetan.

Legealdia hasi bezain laster, laukoaren lehen urratsa izan zen berdintasun politika horiek gobernu jardunaren erdigunean paratzea, eta, horretarako, Berdintasunerako Institutua eraberritu zuten: Familia azpisailetik banandu, eta izaera autonomoa eman zioten. Mertxe Leranoz izendatu zuten erakunde berriko zuzendari-kudeatzaile. «Aurreko legealdian izugarria izan zen galera», esan zuen Leranozek 2016ko martxoan BERRIAk eginiko elkarrizketan: «Mugimendu feminista izugarrizko egoera prekarioan egon da azken urteetan, eta kostatuko zaigu kolaborazio giroa erabat berreskuratzea. Guk garrantzi handia eman diogu horri, eta aurrekontuak dira horren froga nagusia, genero berdintasuna sustatzeko dirua %48 handitu delako». Sexu eta Ugalketa Osasuneko zentroen sarea ere indartu du laukoak, eta LGTBI arretarako guneak zabaldu ditu Iruñean.

Horrez gainera, lauko gobernuak aldarrikapen historiko bati bide eman dio legealdi honetan: osasun sare publikoan abortatzeko eskubidea bermatu du, Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretuaren bidez. 1986tik bete gabeko eskubidea zen Nafarroan. Urte hartan, haurdunaldia etetea bermatzeko saialdi oro geldiarazi zuen talde ultrakatolikoen presioak, eta, ordutik, UPNk entzungor egin zien mugimendu feministaren eta legebiltzarreko gehiengoaren eskakizunei. PSNk abortuaren legea betearaziko zuela esan zuen arren, ez du halakorik egin agintean izan den bakoitzean —azkenekoz, 2011n, UPNrekin gobernu koalizioa sinatu zuenean—.

Parlamentuan onartutako bi foru legek ere eman dute zeresana: batetik, LGTBI+ Berdintasun Sozialerako Legeak, eta, bestetik, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasun Legeak. Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) berdintasun sozialerako foru legeari dagokionez, «LGTBIfobia zantzu orori aurre egiteko eta jazarpena errotik erauzteko» neurriak jasotzen ditu arauak. Sustatzaileek diote «prebentzioaren ikuspegitik landua» dagoela. Horretarako, sentsibilizazio eta prestakuntza egitasmoez eta protokoloez gain, zigorrak ere ezarri dituzte «jokabide bereziki larriak agertzen dituztenentzat».

Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako Legea ere «aitzindaritzat» jo izan dute. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren arabera, berdintasuna kokatu du «politika publikoen ardatzean», eta erakundeen jardueran «berdintasuna ahalbidetzeko egiturak, baliabideak eta mekanismoak arautzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.