Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Ezkerraldea. Gorritik berde ilunera igaroa

Duela hogei urte, PSE-EEren esku zeuden eskualdeko hamar alkatetzetatik zazpi. Gaur egun, Portugalete da geratzen zaion bakarra. Beste bederatziek EAJko alkatea daukate.

Bizkaiko Zubiaren eta Portugaleteren (Bizkaia) artxiboko irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Donostian EAJk, EAk, PSE-EEk eta EH Bilduk agindu dute. Gasteizen, EAJk, EAk, PPk eta PSE-EEk. Iruñean, PSEk —1982ra arte—, PSNk, UPNk, CDNk eta EH Bilduk. Bilbo da Hego Euskal Herrian tronu dema gutxien izan duen hiriburua. 1979tik, EAJk agindu du, eta, oraingoz, ematen du luzaro iraungo duela haren erreinaldiak.

Auzoan, baina, egon da mugimendurik. Azken hamarkadetan, EAJk PSE-EErena zen gotorleku bat bereganatzea lortu du: Ezkerraldea. Luzaro alderdi sozialistarekin lotu da eskualde hori, kanpotik fabriketara lanera etorritako langile askok hari ematen ziotelako botoa nagusiki. Garrantzia dauka eremuak, hartan daudelako Bizkaiko bost herririk populatuenetako hiru.

2003. urtearen hasieran, PSE-EEren eskuetan zeuden Barakaldo, Portugalete, Sestao, Santurtzi, Abanto, Ortuella eta Trapagaran, eta EAJk Muskiz, Zierbena eta Alonsotegi bakarrik zeuzkan, biztanle gutxiko hiru herri. 2003ko hauteskundeetan galdu zituen PSE-EEk Ortuella, Abanto eta Sestao —lau urtez berreskuratu zuen gero—; 2007an Santurtzi, eta 2015ean Barakaldo, Bizkaiko udalerririk populatuenetan bigarrena. Orduan galdu zuen PSE-EEk bere udalerri garrantzitsuena. Ordutik, Portugalete bakarrik geratzen zaio, 1979tik orain arte kolore bakarrari eutsi diona.

EAJk gutxika higatu du sozialisten nagusitasuna. Hamarkada askoan, eskualdearen jaun eta jabe izan zen PSE-EE, eta, orain, Ezkerraldeko gizon gaixoa bihurtu da. EAJrekin daukan gobernu itunak, gainera, seguruenik ez dio mesederik egiten bere burua alternatiba eta oposizio moduan aurkezteko.

Barakaldon, esaterako, zortzi jesarleku lortu zituen PSE-EEk 2015ean, eta zortzi EAJk. Botoetan erabaki zen afera. 12.542 lortu zituen EAJk, eta 12.490 PSE-EEk. 52 botoren alde txikiarekin eroan zuen alkatetza Amaia del Campok (EAJ). Hurrengo hauteskundeetan, baina, lehenak alde askoz handiagoa atera zion bigarrenari: ia 6.000 boto gehiago erdietsi zituen EAJk PSE-EEk baino (19.101 eta 13.341).

Baliteke EAJren igoerak zerikusia izatea PPren beherakadarekin ere. 2011n, Alderdi Popularrak 8.000 boto inguru lortu zituen; 2019an, 3.000 ere ez. Kontrara, EAJ 11.000 bototik 19.000ra igo zen tarte horretan.

Inkestek iragarri dutenez,PSE-EEren gainbehera are nabarmenago baino ez da egingo. EITB Focusen arabera, alderdi abertzaleek gora egingo dute Barakaldon. EAJk 12 zinegotzi aterako lituzke oraingoan, eta PSE-EEk 7. Era berean, EH Bilduk bat gehiago lortuko luke, eta PSE-EEk bat gutxiago. PP berdin geratuko litzateke, zinegotzi bakarrarekin.

Sestaon, are agerikoagoa da PSE-EEren beherakada. 2007an zortzina jesarleku atera zituzten EAJk eta PSE-EEk, eta 2015ean, hamahiru eta hiru, hurrenez hurren. Orain, 11 dauzka EAJk, eta bost PSE-EEk.

Portugaleten, PSE-EE nagusi

Portugalete da erromatarrei aurre egiten dien herrixka. Kontrakoa gertatu da han. 1995ean, berdinduta zeuden PSE-EE eta EAJ, baina, 2019an, sozialisten jesarleku kopurua jeltzaleena halako bi zen;gehiengo absolututik oso hurre izan ziren. Mikel Torres alkateak 2008tik daroa agintean, eta, domekan emaitza onak lortuz gero, bosgarren agintaldia izango luke.

Industria jardueran oinarritutako eskualdea izan bada ere, ezker abertzaleak ez du lortu jendea bere marken inguruan batzea azken urteetan. Portugaleten, Sestaon, Santurtzin eta Barakaldon, EH Bilduk ez du lortu HBk 1979an bezainbeste boto biltzea. Izan ere, urte hartan Herri Batasunak 13.189 lortu zituen Barakaldon, EAJk 14.445 eta PSE-EEk 11.726. Pare-parean zeuden hirurak.

Denborarekin behera egin zuen ezker abertzaleak, eta, 2019an, 5.600 boto inguru lortu zituen hirian. Hala ere, itxaropentsu daude koalizio subiranistan. Iker Casanovak kanpaina hasieran iragarri zuen aldaketa bertatik etorriko zela: «EH Bilduk Barakaldon eta Ezkerraldean lortuko dituen aurrerapenak Bizkaian eraikitzen hasiko den ezkerreko alternatibaren indargunea izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.