Bozetara jo beste biderik ez da

Sanchezek ez du babes nahikorik lortu atzera presidentetzarako hautagai izateko, eta gainontzeko alderdien «blokeoari» leporatu die hori. Ortuzarrek «porrot izugarritzat» jo du hauteskundeak egitea

Pedro Sanchez jarduneko presidentea Felipe VI.a erregearekin elkartzean, Madrilgo Zarzuela jauregian, atzo. BALLESTEROS / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zuzenean hauteskundeetara deitu gabe ere, datozen asteetako agenda argi utzi zuen atzo Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak eta Espainiako jarduneko presidenteak. «Bide guztietatik saiatu naiz, baina ezinezkoa izan da». Felipe VI.a Espainiako erregearekin elkartu ostean, iluntzeko albistegiekin batera hitz egin zuen. Prime time-an abiatu zuen kanpaina, azken orduko ezusterik ezean, azaroaren 10ean hauteskundeak egingo baitira, Felipe VI.ak ez baitzuen presidentetzarako hautagairik izendatu, Sanchezek babes nahikorik ez zuela iritzita. Espainiako alderdi nagusietako ordezkariak elkartu ziren harekin: PPk argi du ezezkoa; Ciudadanosek Sanchezen «zuzenketa» espero du oraindik, alderdiaren baldintzapeko proposamena onar dezan; eta UP Unidas Podemosek koalizioa nahi du, eta abstentzioa «pentsatu» beharko luke PSOEk Ciudadanosekin akordioa lortuko balu. Ezin ebatzizko ekuazioa bi egunean irauli ezean, astelehenean desegingo dituzte Gorteak. Etzi arteko epea dute presidentea aukeratzeko, baina Sanchezek eskatu zuen «esperantza faltsurik» ez izateko, eta azaroko hauteskundeei begira hitz egin zuen.

«Bi indar politiko kontserbadorek eta ezkerreko batek erabaki dute espainiarrek eskatu zuten gobernua blokeatzea», adierazi zuen Sanchezek erregearekin elkartu ostean. «Espainiarrek lau aldiz esan dute Espainiak bide aurrerakoia hartu behar duela, eta eskatzen diet berriro ere esan dezatela azaroaren 10ean». Iglesias egin zuen erantzule: «Marka bat gaindituko du: Europan ezkerreko alderdi batek sekula ez dio gobernu sozialista bati betoa jarri lau aldiz bost urtean».

Felipe VI.arengana joan aurretik, Sanchezek hiru alderdi nagusietako ordezkariei deitu zien, hauteskundeetara jo baino lehen azken orduan ezertarako aukerarik zuen aztertzeko. Ez zen ezer aldatu. Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidenteak keinu bat egin zion bezperan, eta adierazi zion presidente izaten lagunduko ziola, zenbait baldintzarekin: Nafarroako Gobernua haustea, Katalunian Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzeari buruzko mahai bat osatzea, preso dauden buruzagi independentista katalanei indultua ez emateko konpromisoa hartzea eta, azkenik, zergak ez igotzea.

Sanchezek bidearen azken tartean izan zezakeen aliatu bakarrak, ordea, ez zuen harentzat hitz onik izan atzo, adierazi baitzuen jarduneko presidentearen erantzuna «harpa jotzea» iruditu zitzaiola: «PSOE ez da nik eskatutako baldintzak betetzen ari, eta gainera uko egin dio oposizioarekin elkartu eta estatu auzi honi heltzeari», esan zuen Riverak. Sanchezek gutun bat bidali zion, Rivera jauna boligrafoz ezabatu eta Albert estimatua jartzen zuena, eta adierazi zion PSOEk betetzen dituela Ciudadanosen abstentziorako baldintzak.

Sanchezek Pablo Iglesias UPko buruari deitu zion aurrena. Alderdiaren arabera, Iglesiasek jarduneko presidenteari esan zion haren taldea abstenitu egingo litzatekeela inbestiduran koalizio gobernu baterako akordiorik ez balego, eta Sanchezek ez zion aukera hori aipatu ere egin. Pablo Casado PPko presidenteak ez du jarrera aldatzeko imintziorik egin: ez luke inolaz ere Sanchezen hautagaitza babestuko.

Felipe VI.arekin elkartu ostean, Casadok adierazi zuen Sanchezek ez duela gobernua osatzeko asmorik izan hasieratik. «Espero dut ez dela izango debalde», adierazi zuen PPko buruak. «Sentipen gazi-gozoarekin» atera zen erregearekin izandako solasalditik, baina «posizio koherente, arduratsu eta irekia» erakutsi izanagatik «asebeteta».

Riverak astelehenean jo zion hordagoa Sanchezi, baina esan zuen PSOEk hark proposatutako baldintzak betez gero, Ciudadanos eta PP, biak abstenituko liratekeela. PPk, ordea, argi utzi izan du ez lukeela bat egingo abstentzio horrekin, eta Casadoren jarrera irmoak aukerarik gabe utzi du Rivera.

Dena dela, Sanchezek atzo adierazi zuen Ciudadanosek aurkeztutako baldintza horiek betetzen dituela, batez ere 155. artikuluaren ezarpena, «beharrezkoa balitz», eta zergarik ez igotzea. Nafarroako Gobernua hausteko asmorik ez zuen adierazi, ordea, jarduneko presidenteak. Sanchezek esan zuen Nafarroako Gobernua «konstituzionalista» dela dagoeneko, eta esan zion ezin dela katalanen indulturik egon sententziarik ere ez badago.

Ciudadanosen azken orduko mugimendua hauteskunde kanpainaren hasiera ere izan zitekeen, inkestek UPrenak baino emaitza kaskarragoak iragarri izan baitituzte Riveraren alderdiarentzat. UPri ez zaio gustatu Sanchezek Riveraren proposamenarekin izan duen berehalako erreakzioa, iruditu baitzaio orain arte «plantak egiten» aritu dela jarduneko presidentea, Ione Belarra UPren parlamentuko bozeramailearen hitzetan. Iglesiasen esanetan, Sanchezek «izugarrizko akats historikoa egin du beste hauteskunde batzuk behartzen boterea izateko obsesioagatik».

Lau hauteskunde lau urtean

Atzoko aldaketa nagusi bakarra Iglesiasena izan zen. UPren arabera, hark Sanchezi esan zion Ciudadanosekin akordio bat egiten badu, UP elkartu egingo litzatekeela «azken botoa erabakitzeko». Alegia, Ciudadanosekin elkartzekotan, abstentzioa ere ez zion ziurtzat eman. UPk Sanchezen hautagaitzaren aurka bozkatuko balu, Ciudadanosen abstentzioak ez luke ezertarako balioko. Horretarako, Ciudadanosez gain, PP ere abstenitu egin beharko litzateke. Bi talde handi abstenitu ezean, ez dago inbestidurarik.

Azken orduko mugimendurik ezean, inbestidura saiorik ere ez da egongo azkenean. Etzi dute horretarako azken aukera: ostiralean bertan ere dei lezakete saiora Kongresuan.

Sanchezen iluntzeko adierazpenen ostean, Andoni Ortuzar EAJ Eusko Alderdi Jeltzalearen Euskadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi zuen «porrot izugarria» dela hauteskundeak errepikatu behar izatea. «Ez dakit gaur gerta ezin daitekeen zer gerta daitekeen azaroaren 11n», esan zuen. Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuarentzat ere «arduragabekeria historikoa» izan da Sanchezena.

Laugarren hauteskundeak izango dira lau urtean, eta Sanchezek presidente izaten jarraitzeko hamaikagarren saiakera egingo du. Orain arte, baina, ez du lortu hauteskundeen bidez presidente izaterik, zentsura mozioak eraman baitzuen kargura. Ikusteko dago gobernua ezin osatu izanak haren alde ala kontra egingo duen azaroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.