Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bakea eta bizikidetza

Bakea eta bizikidetza. Kontakizunaren matazan korapilatuta

Legebiltzarra sortu zenetik ETA gabeko lehen legealdia izango da datorrena. Gatazkaren ondorioei heltzea eta alde gehienen oniritzia duen kontakizuna osatzea da alderdien xedea. Horretarako, PP-C'sek ez beste guztiek lehentasun gisa dute presoen aferari aterabidea ematea, eta biktima guztiei aitortza.

Joan den legegintzaldian ETAk armagabetzea egin zuen, eta Baionan irudikatu zuten, 2018ko apirilaren 8an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Egia, duintasuna, justizia, aitortza. Eusko Legebiltzarreko bozetara aurkeztu den edozein alderdi politikoren proposamenetan ageri dira hitzok. Bakeaz eta bizikidetzaz ari dira; gatazkaren konponbideaz batzuk, «sufrimenduaren ondorioez» besteak. Egia, duintasuna, justizia eta aitortza aldarrikatzen dute denek, baina ez dute tira egiten alde berera. Aldi berean ere ez. Eta horixe izango dute erronka datorren legegintzaldian: kontakizunaren eta biktimen gaiaren korapiloa askatzea.

Joan diren hiru urteetan egin dira aurrerapausoak: ETA behin betiko desegin da, euskal presoen aferari irtenbidea emateko, hainbat adostasun lortu dituzte legebiltzarkideek, eta mahai gainean da memoriaren lege propio bat osatzeko proposamena. Baina aurreko legegintzaldian ongi itxi gabeko hainbat kontu gelditu dira: Memoriaren batzordea ez aurrera eta ez atzera dago, Polizia Abusuen Biktimen Legeak polemika handia piztu zuen eta ez ditu kaltetuak asebete, eta espetxeen kudeaketa ez dago urteotan eskualdatutako eskuduntzen artean. Eusko Legebiltzarra sortu zenetik ETA gabeko lehen legegintzaldia izango da datorrena, eta PPk izan ezik, gainontzeko alderdiek lehentasunezkotzat jo dute biktima ororen aitortza eta euskal presoen aferari irtenbidea ematea. Bada, ordea, oinarri-oinarrizko ika-mika bat oraindik: gertatutakoaren memoria nola bildu, kontaketa nola josi... Izatez, gaiari heltzeko tresnak baditu Eusko Jaurlaritzak: Gogora Institutua eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritza, esaterako. Orain, hauteskundeetan, ordea, alderdi bakoitzak bere proposamenak xehetu ditu.

Kontakizunaren korapiloa askatzeko borondatea adierazi dute alderdiek, eta oinarri bat ipintzeko beharra azpimarratu dute gehienek. Baina zoru horrek zer-nolakoa izan behar duen, hauteskunde proposamenetan ez dago adostasunik. EH Bilduk, esaterako, aitortu du «aurrera egiteko zailtasunak» daudela eta «kontakizunaren bataila» dagoela egun. Haien esanetan, ezinbestekoa izango da «konponbiderako praktika onak, elkarrekin egindako egitasmoak eta sinergiak sortzea». PP eta C'sek, bestalde, «zurikeriak» alboratzeko eskatu dute: «Koalizioarentzat ezinbestekoa da ETAren terrorismoaren kondena argia».

PSEk ere eskatu ditu erantzukizunak: «Beharrezkoa da gertatutakoaren egia argitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da esatea egindakoa egiteko arrazoirik ez zela inoiz egon. Ez ETArentzat, ezta beste terrorismo motentzatere, ezta torturarentzat ere». GALen atzean Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohi sozialista egon zela iradokitzen duen CIA AEBen Inteligentzia Agentzia Zentralaren agiriak argitaratu eta berehala hasi da kanpaina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta alderdikide sozialista batek baino gehiagok —Denis Itxasok eta Eneko Anduezak, esaterako— esan du beharrezkoa dela ardurak hartzea. Idoia Mendia lehendakarigaiak, ordea, esan du auzia epaitua dela.

Edonola ere, lurzoru komun bat eraikitzen hasteko, «Itun Soziala» proposatu dute sozialistek: «Akordio orokor bat, elkarbizitzaren zentzu etikoan» sakontzeko. Elkarrekin Podemosek uste du egin direla aurrerapausoak, baina oraindik ere egitekoak daudela azpimarratu du. Horretarako, «bakearen kultura» indartzeko eskatu dute. EAJk, berriz, 2021ean finkatu du «bizikidetza plan estrategikoa» ontzeko epe gisa. Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak «EAJren proiektuaren lehentasun nag usia» izan direla diote jeltzaleek, aurrerantzean ere «hala izango» dela ere bai.

Soka luzea du gatazkaren konponbideak, baina hauteskunde proposamenak ikusita, EH Bildurentzat, Elkarrekin Podemosentzat, EAJrentzat eta PSErentzat lehentasuna du biktimen aitortzak eta euskal presoen auziak.

Biktima guztien aitortza

«Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela aldarrikatu du EH Bilduk. Zehazki, 2024ra begira hainbat aurrerapauso eskatu ditu: «Gatazka politikoaren ondorioei konponbide integrala izango duen ikuspegitik erantzun nahi dugu». Horretarako, biktima guztientzako aitortza eta osatze prozesuak eskatu ditu: «Tamalez, biktima guztien egoera hobetzeko urratsak baino gehiago, kontakizun bat inposatzekoekitaldiak eta neurriak bultzatu dira», deitoratu du indar subiranistak. Besteak beste, 12/2016 polizia abusuen legea aurrera ateratzeko egin beharreko lege aldaketak egiteko eskatu dute: «Legearen kudeaketaren ondorioz biktima horiek beste biktimekiko duten tratu ezberdintasuna konpontzea beharrezkoa da».

Elkarrekin Podemosek ere nabarmendu du kontakizun partekatu bat osatzearen beharra, «indarkeriaren zikloa ixteko». Horretarako, proposatu dute legebiltzarreko indar politikoez gain, hainbat gizarte eragilerekin ere lan egitea; hala nola biktimen elkarteekin eta mugimendu sozial eta sindikalekin. Era berean, Bake eta Elkarbizitzarako Legea eta Memoria Historikoaren legea sustatu nahi dituzte, eta urteko egun bat Memoria Historikoaren Eguna izendatu.

«Bazterketarik gabe, eta konparaziorik egin gabe», biktima guztientzako aitortza eta justizia aldarrikatu ditu PSEk. Baina egin dute azpimarra: «ETAren biktimen esanahi politikoa berariaz aitortu behar da, xedea izan baitzen ideia politiko batzuk ezartzea indarkeriaren bidez». «Elkarbizitzarako arauak onartu» behar direla ohar egin dute.

EAJk, berriz, orain arte egindako bidetik segitzea proposatu du. Bi lege garatu nahi dituzte: 4/2008 Legea, torturaren biktimei aitortza egiteko, eta 12/2016 Legea, polizia abusuen biktimena. Bestalde, biktimen topaketak bultzatzeko Batera proiektuarekin aurrera jarraitzea proposatu dute. Elkarrekin Podemosek ez ezik, jeltzaleek ere Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartu nahi dute.

Beste bide batean dira PP eta Ciudadanos: «Indarkeria norabide bakarrekoa izan da: ETArena. Ezer lortu ez bazuten, orain ez dute lortuko zuriketarekin». Euskal presoen ongietorriez ere mintzo dira: «Halako aitortza ekitaldiak egitea onartezina da».

Presoen afera onbideratu

Hain justu, euskal presoen auziari irtenbidea emateko neurri batzuk ere proposatu dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PSEk eta EAJk, baina alderdi bakoitzaren abiadura eta eskaerak ez dira berak. Indar subiranistak eskatu du euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, aurrena, baina, ondoren, «urgentziaz gizarteratzea». Horretarako, gainontzeko alderdiekin adostasuna lortzea dute xede. Euskal espetxeen sistema ere diseinatu dute.

Espainiako Konstituzioa oinarri hartuta, presoak gizarteratzeko bideak urratu nahi ditu PSEk, presoek «eragindako mina onartzen badute, eta erreparaziorako borondatea badute». EAJk, berriz, gizarteratzea aipatu, eta lehentasunezkotzat jo du presoak senideengandik gertu izatea. PP, Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos ez dira gaiaz mintzo.

Aurreko legegintzaldiko proposamenak garatzea eta egikaritzea izango da datorrenaren erronka nagusia, alderdien arteko adostasunak lortuta. Baina kontakizunaren korapiloa askatzeko borondatea beharko dute alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.