andoni egana
HITZ ETZANAK

Pertsonak

2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Plural maiestatikoa zer zen berari esker ikasi genuen. Miguel Indurain hasi zen «lasterketa nekez irabazi dugu», «merezita lortu dugu sailkapeneko lehen postua» eta gisa horretako adierazpenak egiten. Norbere buruaz pluralean mintzo zen kirolari haren joera zintzotzat jo genuen askok, umiltasun seinaletzat, talde-lanari egindako errekonozimendutzat.

Besterik gertatzen zait bere buruaz hirugarren pertsonan mintzo direnekin. Ez naiz fio. F.M. da horietako bat. «F.M. sasoian dago oraindik» esango du, bere buruaz, elkarrizketa batean. «F.M.k badaki zertan ari den» hurrena... Markakoa da gero norbere burua marka gisa hartzea! Eta gutxien fio naiz bere buruaz izengoitia erabiliz eta hirugarren pertsonan hitz egiten dutenez. «Txutxo horrelakoxea da» esango dizu Joxe Marik bere buruaz, izen eta pertsona ezkutatuz.

«Horiek horrela ere, aurrera egin beharra dagoela uste du ETAk...», «ETAk nabarmendu nahi du...» horregatik ETA saiatu da...» ez zaizkit hain barruraino iritsi. «Zinez sentitzen dugu», «ulertzen dugu...», «barkamena eskatzen diegu», «guri dagokigu ondorengo belaunaldiek oso bestelako etorkizun bat jasotzea»... bai. Ez da ideologia kontua, pertsonari dagokiona baizik. Eta zer da ideologia pertsonarik gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.