andoni egana
HITZ ETZANAK

Eskumuinak

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Felipe VI.a erregeari ez diote harrerarik egin Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Bartzelonako alkateak. Ulertzekoa da joan zen udazkeneko bere hitzen eta ekintzen ondoren. Bisitaldia dela eta, hitz bat ibili da dantzan belarriak ernarazi dizkidana. Berriek baitiote aipaturiko bi kargudunak ondorengo afaritara joan zirela baina ez «besamanos» delakora.

Sakonean, burumakurtzea adierazten duen harrera-ekitaldia izango da «besamanos» hori, baina niri euskarazko eskumuin hitza ekarri dit azalera. Gurean ere tankerako zerbait izango zen garai batean, eskuan muin emanez batak besteari onartzen zion nagusitasuna. Orain badakigu zertan geratu den: bitartekari baten bidez presente ez dagoenari bidaltzen diogun diosala da eskumuinak.

Eta paradoxikoa da Espainiako erregeak Katalunia bisitatzeko arrazoia Mobile World Congress delakoa izatea. Sakelakoek ekarri baitute eskumuinak hitzaren gainbehera. Inork ez dio jada inori eskumuinik bidaltzen, zorionak, agurrak edo denak direlakoak teklatutik pantailara igortzen baitira, sarea bitarteko bakar. Pena da. Eskumuinek hiru pertsona baitituzte duintzen: bidali dituena, enkargua jaso eta betetzeaz gogoratu dena eta esker onez jaso dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.