andoni egana
HITZ ETZANAK

Gasolindegian

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ernegatu egiten ninduen hasieran. Ohitu naiz. Gasolindegira joan eta zure autoari gasolina zeuk bota beharra amorragarri zitzaidan. Esku baldarrekoa naiz eta behin baino gehiagotan erregai laprastadaren bat isuri izan dut galtza-barrenetan. Baina baldarra izateko eskubidea behintzat ez digu inork ukatuko. Pipertuta ordaintzera joan eta bertako langileari inoiz esan izan nion: «Esaiozu zure jefeari horrela dirua egiteak ez duela meriturik!».

Gasolindegi batean atxilotu dute Carles Puigdemont. Ez da aurreikus zitekeen lekurik epikoena. Parlamenturen batean, mugaren bat zeharkatzean, Giza Eskubideen babeserako eraikinen batean... gertatzea espero zitekeen. Baina Espainiak —eta Europak ere hor nonbait— galdu du guztiz begirunearen neurria. Etika ez ezik estetika ere ez dute errespetatzen.

Den-dena auto den garaiotan, gasolina zerbitzatzea ere norbere esku uzten duten sasoi honetan, argi utzi digute zein auto dagoen galarazia: autodeterminazioa. Eskulana zeuk egin, baina pentsatu eta erabaki guk. Eta adierazgarriena da Alemaniako gasolindegi batean gertatuaren ondoren, prozesu osoan ez bezala, kataluniar askoren haserreak bide bortitzak hartu zituela igandean Bartzelonan. Sumina eta gasolina. Arriskua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.