andoni egana
HITZ ETZANAK

Oso oker

2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Duela bost-sei urte gertatu zitzaidan, baina ez zait ahaztu. Lagunekin nenbilela, haien ezagun batzuekin egin genuen topo eta baxo-erdi bana hartu genuen, osoa. Taldekideen aurkezpenak egiten ari ziren guztiok ezagutzen gintuztenak eta gizonezko bat aurkeztu ziguten, Donostian jaio eta bertan bizi zena eta Elgoibarren lan egiten zuena. Berrogeitaka urte jo nizkion. Ni aurkeztu nindutenean, harridura azaldu zuen. Eta sekula espero ez nezakeena bota: «A, bai? Nik uste nuen euskara, latina bezala, hildako hizkuntza zela!».

Hildakoa ezetz erantzun nion, bizi dela. Eta euskaraz jakin izan balu erantsiko niokeen hizkuntza hila ere ezetz, bizia delako bizi naizela ni euskararen esparrutik bera makina-erremintarenetik baino zoriontsuago. Alardea alferrikakotzat jo eta neuretzat gorde nuen piperraldia.

Joan Mari Torrealdaik Asedio al euskera argitara berri du. «Estatuaren politika justifikatu dutenen adierazpenak jaso ditut, hizkuntza hegemonikoa goretsi dutenenak eta hizkuntza desplazatua gutxietsi dutenenak». Pentsatzekoa da sator-lan hori egin dutenek poz ikaragarria sentituko dutela berrogeitaka urteko donostiar batek euskara hizkuntza hila dela uste izatearekin. Baina baxo-erdi haren jiran «martziano» bakarra bera zen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.