andoni egana
HITZ ETZANAK

Gurpil zoroa

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazka sentitu nuen eguerdian. Etxean nengoen 2016ko sanferminetako bortxaketagatik bost ez dakit nola izendatu horiek bederatzina urteko kartzela zigorra izango dutela jakin nuenean. Begi-itsuka sinisten diot nik ere neskari.

Iluntze aldera balkoira irten eta txistu-hotsa sumatu nuen. Une batez zer gertatzen zen duda egin nuen. Baina hasi zen jendea pasa eta pasa... eta pasa. Mila lagunetik gora hain handia ere ez den herri batean, epaiaren berri izan eta sei-zazpi ordu baino lehen. Eguerdiko nire nazka kalera atera zuten herrikideekiko esker ona azaleratu zitzaidan.

Gauez, buelta batzuk eman nizkion horrelakoetan nik neuk bakarka sentitzen dudanari. Honakoa izaten da sekuentzia gutxi-gehiago: «Bostak akabatuko balira, mesede luke munduak» sentitzen dut lehenengo. «Akabatu ez, baina behin betirako kartzelan ustelduko balira, hobe» pentsatzen dut hurrena. «Tira baina... hi ez hago inor hiltzearen alde eta betirako kartzela ere ez diok inori opa, kartzelak ez baitik inor hobetzen eta heu txartzen hau...» ematen dut epaia. «Ez hadi onbera xixangre bat izan!» egiten diot errieta neure buruari segidan. Eta gurpil zoroa abian jartzen zait: «Bostak akabatuko balira, mesede luke munduak»... «hil ez, baina kartzelan ustelduko balira»...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.