andoni egana
HITZ ETZANAK

Ostiralez

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Besteren akatsak ikusteko betaurreko beharrik ez dela dioen esaera egia izango da. Nire begia zolia da... komeni zaionean. Atzoko BERRIAri akats bat aurkitzeko gai izan zen propio bila ibili gabe. Hamaikagarren orriaren goialdean eta letra txikiz, «Osteguna, 2018ko ekainaren 8a» ipintzen zuen. Gainerako orrialdeei begiratu nien esnatu nintzen jakiteko. Gainerakoetakoa ongi zetorren. Osteguna zen baina ekainaren 7a. Akatsa ze makina deabruk sortu zuen jakiteak ez ninduen tentatu. Huskeria zatekeen... ez balira orrialdearen beheko zatian bi eskela etorri eta horietako bat izan ez balitz Txabi Etxebarrieta Ortizen heriotzaren 50. urteurrenekoa.

Mende erdi bizkor joan zaigula pentsatu dut lehenik. Edo mantso. Lanbro artean galtzen hasia baitut Etxebarrietaren arimaren alde herrian ateratako elizkizunera jendea janzkera arreaz trumilka doan umetako irudi hura. Eta gero pentsatu dut kontaduria bera erraza ez bada kontaketa are zailagoa gertatuko dela etorkizunean... Ezer baino gehiago literarioa den jakin-min batek harrapatu nau azkenik. Ekainaren 7an hil zuten Etxebarrieta. Ze astegun zen? Axola al du horrek? Begiratu egin dut badaezpada. Benta Handikoa ostiralez gertatu zen. Ostirala: zerbait bukatu eta beste zerbait hasten den une hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.