andoni egana
HITZ ETZANAK

Xinple

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Zer pentsatzen dudan garraiolariek Gipuzkoako errepideetan bidesaria ordaintzeaz? Txilen harrapatutako otarrainxkak Hanburgon lehorreratu, zuritzeko Marokora eramaneta handik Euskal Herrira ekartzen dituzten bitartean beti sortuko direla ika-mikak eta injustiziak. Hain ibilbide luzean batzuek galtzaile eta besteek irabazle behar dute derrigor. Hortik aurrerako xehetasunak… Mundu konplikatuegia eraiki dugu erantzunak xinpleak izan daitezen.

Zer pentsatzen dudan gaur Donostian ehiztariek burutu behar duten manifestazioari buruz? Esanguratsua iruditzen zait inoren bizibide ez den zerbaitegatik kalera irteteko prest egon eta bizimoduari zuzenean dagozkion kontuetan —soldata, lan-baldintza prekario eta gainerako— prestutasun hori hainbestekoa ez izatea. Hortik aurrerakorik, basurde edo orkatz gehiegi dagoen, ehiztariek baserritarrekiko edo mendizaleekiko ze harreman duten, zer-nola arautua dagoen ehiza… ez dakit.

Tipo xinplea naiz ni, ideiak harrapatu eta zukutzeko gai ez dena eta horregatik hitzei soilik erreparatzen diena. Horretan zintzoa naiz, ordea. Beti esango dut «mendira joatea gustatzen zait» eta ez inoiz «naturarekin harremanean egotea atsegin dut». Ulertzen ez dena hobe ez esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.