andoni egana
HITZ ETZANAK

Aktore

2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aktore izan nahi zuelako jo omen zuen Los Angelesera. Diruz urri, besteren txakurrak pasiatzen hastea bururatu zitzaion lehenik. Txakur-pasiatzailez mukuru zegoen ordea merkatua. Entrenatzaile pertsonal izatea otu zitzaion gero... Eta azkenean erdibideko zerbait hautatu zuen, berritzailea oso: pertsonen pasiatzailea izango zen. Arrakasta izugarria izan du Chuck McCarthyk. Inguratzen zaizkio pertsona bakartiak, baina baita bestelakoak ere, sare sozialetan ito eta arnasa premiazko dutenak, gauez ibiltzeari izua diotenak, bakarrik ibiltzean pentsamendu zurrunbilotsuegiak sortzen dituztenak, isiltasunari beldur diotenak... Ongi omen doakio negozioa. Ordu erdiko konpainiagatik hamahiru euro inguru kobratzen du, eta bera aski ez eta 35 langile hartu ditu enpresan jendea pasiatzen segi dezaten. Barre-murrutxak ihes egiten digu guri horrelakoak jakitean. Jendea burutik dagoen pentsatzen dugu. Baina pertsona talde batek egiten duena ez daiteke oso urrun ibili beste batek bestelako egoeretan egingo lukeenetik. Eta guk ere, esaterako, beti behar izaten dugu gure iritzien pasiatzaileren bat. Politika deitzen diote; demokrazia; hauteskundeak... Ez gara inoiz benetako aktore izatera iritsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.