andoni egana
HITZ ETZANAK

Mendi-buelta

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Telebista programa batean ikusi berri dut eta harrituta geratu naiz. Kalean zehar zihoazen pertsonei enigma zaharkitua aurkezten zieten: «Badoaz aita-semeak auto batean eta sekulako istripua izan dute. Aita bertan hilda geratu da. Semea oso larri eraman dute erietxera. Sartu dute larrialdi-zerbitzuetan eta zirujauak ebakuntzari ekiteko unean atzera egin du. Aztoraturik, esan du berak ezin duela mutil hura operatu. Semea duela». Hori posible nola den galdetuta, herritar askok buruari hazka egiten dio erantzun bihurri eta xelebreen bila. Aita ez zen benetan hil; aitaordekoa zuen autoan zihoana; medikua deskuidatu egin zen eta ez zuen semea... Erantzuna, begi-bistakoa: zirujaua mutikoaren ama da.

Ez dakit zergatik harritzen naizen. Ni ere San Pabloz geroztik erori nintzen zalditik. 2001ean Etxarri Aranatzen Maialen Lujanbiok mendi-buelta ematera bakarrik joan eta galduta ibili zen jubilatu baten paperean bota zituen hiru bertso. Nik gizonezko bat ikusi nuen bere errelatoan. Berak emakumezko baten ahotik aritu zela kontatu zigun. «Jubilatu», «mendi-buelta», «bakarrik»... genero bakarreko hitzak ez zirela hasi ginen ikasten.

Orain, jubilatuek eta emakumeek erakutsi digute jendartearen taupadak ez direla erabat isildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.